Athleticek Txapeldunen Ligako postuetan kokaturik abiatu zuen urte berria. Talde zuri-gorriak bazekien urtarrila hilabete gogorra izango zela, Kopako kanporaketak Ligarekin uztartu behar zituelako. Azkenean, zazpi norgehiagoka jokatu ditu. Horietatik bost irabazi ditu, bat galdu eta beste bat berdindu. Beraz, erronka gainditu duela esan daiteke.
Bilbotarrak Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu dira, eta ondo kokatuta daude denboraldiko helburu nagusia betetzeko: Europara itzultzea, hain zuzen ere. Zuri-gorriak bosgarrenak dira sailkapen nagusian, eta sei puntutako aldea daukate seigarren postuan dagoen Realarekiko. Betis, berriz, zortzi puntutara geratzen da zazpigarren tokian.
Ligan daukan abantaila hori ondo kudeatzen asmatzea, eta Kopako finalera iristen saiatzea izango da otsailean zehar aurre egin beharreko erronka berria. Ez da batere erraza izango. Azken denboraldietan ezin izan baitu, eta dagoeneko ordaintzen hasi da bidesaria. Nekea igartzen hasi dira jokalariak, batez ere, erasoan. Valentzia eta Cadizen kontrako ligako partidetan oso aukera gutxi sortu zituzten, eta ezin izan zuten golik egin.
Ondorioa, Txapeldunen Ligako postuetatik erortzea izan da. Atletico Madrilek eta Bartzelonak bi puntutako aldea ireki dute, eta partida bat gutxiago daukate.
Ernesto Valverdek azaldu zuenez, zaila da jokalariak buru aldetik prestatzea hainbeste partidari jarraian aurre egiteko. Horrelako norgehiagokak irabazteko «ofizioa» eduki behar dela aipatu zuen. Ondo jokatu gabe, jokaldiren batean asmatu, eta garaipena erdiesteko. Agian, epaileak adierazi izan balu Falik Nico Williamsi azken jokaldian egindako penaltia, beste gauza batetaz hitzegingo litzateke.
Unai Simonek, ostera, datorren denboraldian Europan lehiatu nahi badute, astean zehar hiru partida jokatzera egokitu behar direla nabarmendu zuen.
Entrenatzaileak aldaketa ugari egin zituen hamaikakoan. Hala ere, taldea ez zen fin aritu. Nabarmentzekoa izan zen Muniain eta Raul Garcia jokatu gabe geratzea. Kapitainak ez baitu minuturik izan azken hiru partidetan.
Ostiralean, berriz, Mallorca dator San Mamesera. Athletic bezala, Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu dira, eta ez zuten golik egin azken jardunaldian. Galdu egin zuten etxean Betisen kontra (0-1), eta jaitsiera postuak gertu dituzte. Iaz hutsean berdindu zuten Javier Aguirreren mutilek, eta antzeko gidoi bat aurreikusi daiteke.
Gero, Atleticoren kontrako finalerdiaren joaneko partida helduko da otsailaren 7an, asteazkena, Madrilen. Simeoneren taldeak aurrera atera zuen Ligako azken partida Valentziaren kontra (2-0). Linok eta Depayk egin zituzten golak. Moratak eta Gimenez atzelariak min hartuta amaitu zuten, baina Atleticok jokalari berriak fitxatu ditu neguko merkatuan. Vermeeren gazte belgikarra, Moldovan atezaina eta Gabriel Paulista atzelaria, hain justu. Bestalde, Moise Kean aurrelariak ez du azterketa medikoa gainditu, eta atzera bota dute.
Yeray, Adama Boiro eta Nico Serrano
Erasoan kamuts aritu arren, Athleticek lan ona egin zuen defentsan Cadizen. Unai Simonek bi geldiketa on egin zituen, eta Yerayk hasieratik jokatu zuen. Barakaldoko erdiko atzelariak maila ona eman zuen hiru hilabetez jokatu gabe egon ostean.
Bestalde, Osasunaren bigarren taldetik ekarritako Adama Boiro ezker hegalekoak Bilbao Athleticekin egin zuen debuta. Hamaikakoan sartu zen, baina ezin izan zuen garaipenik lortu. Hirugarren aldiz jarraian hutsean amaitu zen bigarren taldearen norgehiagoka. Bigarren Federazio mailako sailkapenaren buruan mantendu arren, lau puntutara gerturatu zaio Barakaldo.
Azkenik, Nico Serrano lesionatu egin zen Ferrolko Racingekin. Herbereetan jokatu gabe zegoenez, Bigarren mailako taldera joan zen utzita eta sorbaldan min hartu du.