Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Final handian azken dantza egiteko entseatzen jarraituko du Goikok

Goikoetxea eta Lekerikak finalerako txartela eskuratu zuten astelehenean, finalerdian Johan eta Lopez garaituta. Emozio handiko partida eskaini zuten. Joko bakoitza bikote batek menderatu zuen (15-8, 9-15), eta azken set erabakigarrian berdintasuna egon zen azken unera arte (5-4).

Iñaki Osa Goikoetxea, Winter Series txapelketako finalerdian.
Iñaki Osa Goikoetxea, Winter Series txapelketako finalerdian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kale edo bale, hil ala bizi, kanporatu edo finalerako txartela. Azken pilotakadak, pultsazio basatien artean dardarizoa eragin zuen Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Imanol Lopezek Lekerikaren errebesa hartu, publikoa eserlekutik altxatu eta txapa soinuak seko gelditu zituen bihotz taupadak, nanosegundo batzuk lehenago goia jo zuten pultsazioetan.

Zoriak ere edukiko zuen errurik: urtebete lehenago, final handian, zumaiarraren azken pilotakadak Winter Serieseko txapela balio izan zuen, erretiroa hartuko zuen Diego Beaskoetxeak ibilbide luzeari ginga ederra jarrita. Aurten ere zoria kapritxosoa izan da pilotalekuak agurtuko dituen batekin, Iñaki Osa Goikoetxearekin (Zumaia, 1980), honela azken dantza bat eskainiko baitu, Unai Lekerikarekin batera bikotea osatu duen txapelketan. Ibilbide loriatsuan falta zaion txapela lortzeko borrokak bizirik jarraitzen du, uda aski gozoa izan ostean –Donostia eta Hondarribiko Grand Slamak, Miarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa bereganatuta– negua ere samurtzeko.

Bi mila arima pasa elkartu ziren pilotalekuan, aurreko hamabi jardunaldietan gertatu legez. Onenen arteko lehia izan zen –Erkiagaren baimenarekin– eta, beraz, kantxan bizi izan zen berdintasuna, urduritasuna eta tentsioa jada aurreikusita zeuden osagaiak ziren. Baina zesta-puntak badauka gehiago, dema guztietan zirrara berezia eragiten duena, ikuskizunetik asko daukalako.

Entseguak

Ikuskizun bakoitzerako «entsegua» egiten dute puntistek, eta ez «entrenatu», beste kiroletan esaten den moduan. «Artistak gara-eta», adierazi zion Unai Lekerikak GARAri, Winter Serieseko edizio berri hau hasi bezperan. Erkiaga-Ibarluzea jotzen zuen orduan faborito gernikarrak, Ispasterkoaren maisutasuna denen gainetik egon zitekeelakoan. Lekerikak, belaunaldi berrietako ordezkari sendo moduan, bigarren finala erdietsi du jarraian. Goikoetxea «gorenera» eramateko erronka jarri zion bere buruari.

Hain zuzen ere, zumaiarrak lehen edizioan gertu izan zuen Winter Serieseko txapela, baina Erkiagarekin topatu eta porrota jaso zuen. Iaz, Lekerika bera izan zen Beaskoetxea-Lopezen aurka finalean galdu zuena, Xabi Barandika herrikidearekin bikotea osatuz. «Iaz ere finalera iritsi nintzen, tanto bakar batengatik galdu genuen. Eta aurten, begira, kasualitatez tanto berarengatik finalerako txartela eskuratu dugu», adierazi zuen gernikarrak ETB1eko kameren aurrean. Eskarmentua sobera batu du eta, lehen urratsa eginda –bai eta pronostikoak beteta–, finaleko arerioen zain dago, kirol ibilbidea dotoretu nahi duen Goikoetxearekin batera. Sei hilabete pasa igaro dira erretiroa hartuko zuela aurreratu zuenetik, eta azken dantzaren atarian dago. «Hainbeste urteren ondoren, final handi garrantzitsuenean ibilbidea bukatzea ohorea da», onartu zuen zumaiarrak. Otsailaren 18ko finala bitarte, badauka nostalgia ariketa egiteko zenbait motibo.

Zaleak aseta

Hurrengo astelehenean jokatuko da bigarren finalerdia, Erkiaga-Ibarluzea –B multzoko liderrak– eta Olharan-Del Rio –atzetik aurrera egin dute– bikoteen artean. Entseguak aste honetan izango dira, puntisten artean dagoen laguntasuna oinarri, zaleak gozarazteko helburua betetzeko. Aipatu xedea aise bete dutela esatea ez da gehiegizko atrebentzia. Txapelketak gorputza hartu du egutegian, puntistek goraka egin dute eta aurten, zenbait lesio tarteko, gazteek urrats bat aurrera egin dute. Torneo betea izan da, pronostikoak bete izanak ezustekorako tarte gutxi utzi du, zesta-punta arnasa luzeko kirola dela berretsita. Sarrerak erosteko astero borroka egin duten horiek hasi dira hurrengo urtean bonuak erosiko dituztela esaten, kirolak eskaintzen duen lehiakortasun eta sentimenduarekin erabat aseta, oraindik ere finalerdi bat, 3. postuko lehia eta final handiaren faltan. Goiko bezalako puntista baten agurrak ez duelako umezurtz uzten, momentuz, zesta-punta. Ez da makala.