CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Zumarragan, udalerri horretan, Legazpin, Urretxun, Ezkio-Itxason eta Brinkolan «postarien kontrataziorik eza» salatzeko eta Correosi egoera konpontzea eskatzeko.
‘No a los recortes. Kontratazioa orain’ zioen pankarta baten atzean bildu dira gaur eguerdian Correoseko langileak, lan baldintzak salatu eta zerbitzua ez dela behar bezain eraginkorra nabarmentzeko.
Ohar batean, sindikatuek adierazi dute 13 langiletik bost falta direla, eta Correosek ez dituela ordezkatu. Ondorioz, «Correoseko langileen lan baldintzak okertu egin dira, eta herri horietako herritarrei zerbitzu okerragoa eman zaie».
Sindikatuen ustez, «arazo hori Correosek Gipuzkoan dituen lantoki gehienetara zabaltzen da, eta, horren ondorioz, plantillaren ezinegona areagotu egiten da, kanpoan dauden langileen lan kargak beren gain hartu behar baitituzte, baldin eta enpresak ordezten ez baditu».
«Egoera honek Correoseko langileen osasunean eragina duen laneko estresa areagotzea dakar», azpimarratu dute. Azkenik, Zumarragan egindako elkarretaratzean, ohartarazi dute ez dutela baztertzen mobilizazioak egitea kaltetutako beste herri batzuetan.