NAIZ

Bilbao Basketek Murtzian irabaziko badu, UCAM bera baino gogorragoa izan beharko du

Sito Alonsok zuzentzen duen taldea oso zitala da etxean. Saski Baskonia, Real Madril edo Bartzelona bota ditu, esaterako, defentsa gogor bati esker aurkariak ito dituelako. Horren aurrean «talde lana» eskatu ditu Jaume Ponsarnau entrenatzaileak.

Sacha Killeya-Jones, UCAM Murtziaren aurrean nagusi Miribillan.
Sacha Killeya-Jones, UCAM Murtziaren aurrean nagusi Miribillan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Talde gogor bati aurre egiteko modu bakarra, guk geuk ere gogor jokatzea da». Horra Jaume Ponsarnauren hitzak UCAM Murtziaren kontra larunbatean 20.45etan jokatu bezperan. Sito Alonso bere garaian Aito Garcia Reneses handiaren entrenatzaile laguntzaile ez ezik «oinordeko» gisa ere aurkeztu zen nolabait, eta ez da ahaztu behar Aito Garcia Reneses bera izan zela ACB Ligan errotazio luze eta etengabeak sartu zituen aurreneko entrenatzailea. Nolabaiteko mespretxuz ‘Karate Press’ deitu izan zitzaion bere taldeen defenditzeko moduari, zeinetan lelo honek denboran iraun duen: «20 falta egiten badituzu, epaileek 20 falta adieraziko dizkizute. Aldiz, 50 eginez gero, epaileek ez dizkizute 30 baino gehiago adieraziko».

Aito Garcia Renesesen taldeek beste ezaugarri zenbait ere erakutsi dituzte; dela kontraerasoa eta trantsizioa nahiago izatea eraso estatikoa baino, abiaduraren aldeko apustua eta jokalari gazteen hobetze tekniko etengabea, hain zuzen gazteek ematen duten oldarkortasun fisiko horri ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Sito Alonso ez da, inondik ere, Aito bere «maisuaren» jarraitzailea, baina defentsa gogorra egitearen oso aldekoa izan da beti, horretarako pieza egokiak aurkitu eta lanerako jokalari aproposak bilatu ostean.

Badalona, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Bartzelonatik pasa ostean, baita Kroaziatik ere, 2019an ia halabeharrez iritsi zen Murtziara, eta bazuetan gose zein besteetan ase, talde gogorrak eratzeko ohitura hori ez du sekula galdu. Bere garaian Antelo, Sadiel Rojas edo Tomas Bellasen tankerako jokalarien bidez ACB Ligako erdialdean mantentzea bazuen helburu, 2020/21 denboraldiaz geroztik badirudi gorantz pausu bat ematea duela helburu talde murtziarrak. Urte hartan, Frankamp edo James Webb bezalako jokalariei esker, Kopako finalerdietara iristea lortu zuten eta aurten ere, iazko gorabeherak ahaztuta, Koparako sailkapena erdiestea ez ezik, ACB Liogako zortzi onenen barruan iltzatuta mantendu nahi dute.

Zazpigarren doaz Sito Alonsorenak eta 11-9 da beren balantzea, Bilbao Basketek baino hiru garaipen gehiagorekin. Etxean bereziki edonori beldurra sartzeko modukoa taldea dela erakusten ari da: Bartzelona, Baskonia, Tenerife, Real Madril, Kanaria Handia edo Joventut menpean hartu ditu, beti ere aurkariak 80 puntuz behetik mantenduz. Murtzian Valentzia Basket eta Unicaja bakarrik gailendu dira orain arte, eta balentria hori egitea kosta behar zaio Bilbao Basketi.

«Edozertarako prest»

Bilbao Basketek Portoren aurka FIBA Eurocupeko etxeko lanak kostata, baina bete ahal izan zituen, eta pasa den asteburuan Zaragozari irabazi ostean, berriz, ACB Ligan maila mantentzeko urrats bikain askoa eman zuen. Portoren aurka Tsalmpouris eta Kullamae deialditik at laga zituen Ponsarnauk eta fresko beharko lukete Murtzian jokatzeko. Biek ala biek kantxa «zabaltzeko» duten gaitasuna, hirukoen bidez gauzatzen dena, nahitaezkoa izango da Sito Alonso eta bere mutilek ezarri nahiko duten defentsa itogarri horren aurrean.

Zentzu horretan, hegal-pibotek lan handia izango dute erreboteak harrapatzeko orduan. Borroka horretatik etekinik ateratzea lortuz gero, Bilbao Basketen jokoak arnasa hartzeko aukera izango du; hau da, UCAM Murtziari min emateko benetako aukera. Miribillan bilbotarrak nagusitu ziren, eta ez da kasualitatea Melwin Pantzar eta Sacha Killeya-Jonesen gaitasun fisikoa nagusitzea 77-68ko azken emaitzan.

«Murtziak norbere jokoaren barne kohesioa haustea bilatzen du. Horren aurrean, talde-lana inoiz baino beharrezkoagoa da», adierazi du Jaume Ponsarnauk. «Edozertarako prest egon behar dugu, baita 40 minututik gora jokatzeko ere», gaineratu du Tarregako entrenatzaileak.

Egia da, bestalde, UCAM Murtziak azken aldian indarra galdu duela Simon Birgander eta Ludde Hakanson suediar biak galdu dituelako, biak ala biak min hartuta baitaude. Jokalari horiek biak ekarri ditu aurtengo udan Sito Alonsok –Hakansonm Bilbao Basketetik, hain zuzen– eta osasuntsu egon diren artean sekulako maila eman dute, Birganderrek batez ere. Horiek gabe «Murtziaren jokoa lehenaz gain are eta deserosoagoa izango da guretzat. Postu bat baino gehiagotan joka dezaketen jokalariak dituzte hutsu horiek estaktzeko. Beren jokoa lehen baino fisikoagoa izango da orain, eta defentsako presioa ere goragotik hasiko dute. Zentzu horretan, dena eta gehiago egin beharko dugu irabazteko», nabarmendu du Ponsarnauk.