Bere eskuin eskuak hobera egin duen arren, Jon Mariezkurrenak ez du bere burua berriz ere kantxetara itzultzeko moduan ikusten eta, finalerdietarako txartela ziurtatuta, nahiago izan du zuhur jokatu eta igandean Jakarekin Zabala-Martijaren aurka jokatu behar zuen partidan aritzeari uko egin dio, erabat osatu eta aurrean dituen erronkei indarberrituta ekiteko. Berriozarkoak atzo saio fuerte bat egin zuen bere burua probatzeko eta gaur goizean eskuin hori minduta zuela ikusita, bere partida bertan behera uztea erabaki du.
Aurreko larunbatean bezala, Iosu Eskiroz izango da bere ordezko lanak egingo dituena eta B serieko txapelketan Salaverrik hartuko du bere lekua.
Lezioa ikasita
Berriozarren bera igandean Donostian ikusteko autobus bat antolatu duten arren, Jon Mariezkurrenak esana zuen material aukeraketan edozein zalantza txikiren aurrean ez zuela inolako arriskurik hartuko. Izan ere, aurreko Binakakoetako esperientzietatik ikasi du zeinen garrantzitsua den eskuak ondo izatea halako txapelketa batean. «Iaz hala gertatu zitzaidan, Buñuelen irten nintzen, proba txiki batekin ustez ondo nengoela eta ez zen hala izan, gero beste hiru jardunalditan jokatzeari utzi behar izan nion eta aurten ez dut errepikatzea nahi. Aurten ondo sailkatuta gaude, ez dut arriskurik hartu nahi, baina ondo egonda irtengo naiz. Aurreko urtean eta Jokin Altunarekin jokatu nuen urtean ere txapelketa erdian min hartu eta ez nuen nahi bezala jokatzerik izan eta urteen poderioz ikasi egiten duzu hotzean pentsatzen, helduagoa zara eta ingurukoak eta enpresakoak nirekin daude», azaldu zuen.