Jon Ormazabal

Krisi une bat gaindituta, arnasa hartu dute Peio Etxeberriak eta Zabaletak Zornotzan (14-22)

Laso eta Urrutikoetxea sendo bat 12-8 aurreratu dira ultzamarraren blokeoari etekina aterata, baina atsedenalditik bueltan beste itxura bat eman dute eta 14-22 irabazi dute.

Partidaren lehen erdian blokeatuta aritu ostean, bigarren partean askoz hobeto aritu da.
Partidaren lehen erdian blokeatuta aritu ostean, bigarren partean askoz hobeto aritu da. (Iñigo URIZ/FOKU)

Partida nola bukatu duten ikusita –Zabaletak bost eta laurdenetik sartutako errebote ikusgarri batekin– bestelakorik pentsa badaiteke ere, krisi momentu handi bati buelta emanda, arnasa hartu dute Peio Zabaleta eta etxarrendarrak Zornotzan Laso Urrutikoetxeari 22-8 gailenduta. Euren jokoa topatu ezinik, bikote bezala askorik batu gabe, markagailuan 12-8 atzetik joan dira Aspekoak lehen atsedenaldi luzera, alarma argi gorri guztiak pizturik zituztela, baina Jokin Etxanizekin ideiak ordenatu, arnasa hartu eta azpitik gehiago ibiltzen zen pilota bat jokoan jarrita, egoera irauli eta azkenerako garaipen eroso xamarra eskuratu dute. Puntu honekin, nafarrek euren esku dute bigarren postua –Artola-Imazen aurka jokatzea dagokie azken jardunaldian Labriten– eta Baikokoek aldiz, aurrera egiteko zituzten aukera urriak galdu dituzte gaurko porrotarekin.

Partida hasieratik, piloteoaren agintea eta markagailua ez dira bat etorri eta Baikoko bikotea joan da, lehen tantoan ezik, aurretik. Bi izan dira, bereziki, normalean ematen ez den fenomeno honen arrazoiak, Mikel Urrutikoetxearen egokitasuna eta Peio Etxeberriaren ezina tantoa amaitzerakoan. Zaratamokoak beste behin erakutsi du edozein postutan jokatzeko duen ahalmena, kolpez Zabaleta baino gutxiago izan arren, partidari bikain eusteko gaitasunarekin, defentsa ikaragarri sendo batekin eta akatsik batere egin gabe. Gainera, batez ere partidaren lehen behartu gabeko akatsak bilduz.

Lasok ere asko eskertu du bere atzelariak ematen dion bermea eta errematean oraindik bikaintasunetik urrun dagoen arren, jokoaren erritmoa aldatzeko duen ahalmenean bai dagoela gero eta bere mailarik onenetik gertuago.

Urdinen zalantzak

Aspeko bikotean, ordea, orain aste batzuk ez zituzten zalantzak agertzen jarraitzen dute. Bederatzigarren jardunaldian Gasteizen bikote bezala asko batu ostean, azken asteetan euren jokoa topatu ezinik dabiltza nafarrak, gehienbat aurrelari ultzamarrari kosta egiten ari zaiolako bere atzelariak irekitako zuloei etekina ateratzea. Normalean partidetan protagonismo handia izatea gustatzen zaion pilotaria da ultzamarra eta Zabaletarekin hori zailagoa egiten ari zaio. Botera pilota moztuz tanto batzuk egin baditu ere, keinu gehitxo egin ditu pilota bere atzelariak astin zezan, baina hori Urrutikoetxearen aurka ez da aski.

Gauzak horrela, lau tantoren aldearekin heldu dira gorriak lehen atsedenaldi luzera (12-8), baina aldageletatik buelta, pilota pisutsuago bat jokoan jarrita, Aspekoek partida berdindu eta markagailuan tanto bateko aldea ere eskuratu dute (12-13).

Eta hortik aurrera gauzak erabat aldatu dira. Pixkanaka Zabaletaren presioa Urrutikoetxearengan eragina izaten joan delako, Laso eta Zaratamokoaren arteko zuloak handituz. Peio Etxeberriak ere beste eraginkortasun erakutsi du errematean eta bigarren atsedenaldi luzean urdinak izan dira lau puntutako aldearekin erretiratu direnak (14-18). Unai Laso ere askoz bortxatuago aritu da partidaren bigarren partean eta ez dute beste ezer egiteko modurik topatu.

FITXA TEKNIKOA

Laso-Urrutikoetxea: 14

Peio Etxeberria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 529. Iraupena: 66,56 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-6, 9-6, 9-8, 12-8, 12-13, 13-13, 13-15, 14-15, 14-22.  Sakeak: 1 Lasok eta 1 (falta 1) Peio Etxeberriak. Egindakoak: 4 Lasok, 0 Urrutikoetxeak, 9 Peio Etxeberriak eta 4 Zabaletak. Galdutakoak: 5 Lasok, 3 Urrutikoetxeak, 5 Peio Etxeberriak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera eta giro polita Zornotzan. Bigarren partidan Ekain Lizeaga astigartarrak debuta egin du profesional gisa eta, Julen Alberdirekin batera, garaipena eskuratu du, 22-18, De la Fuente-Bikuñaren aurka.