NAIZ

Aldaketa politikoa bizkortzeko herrigintzan sakontzeko garrantzia nabarmendu du Sortuk

Sortuk 400 lagun baino gehiago bildu ditu Durangon, herrigintzaz hausnartzea helburu duen Plaza Hutsa topaketan. Besteak beste, migrazioari buruzko proposamen estrategikoaren lehen mugarria jarri dute, baita «euskal sozialismoaren oinarriak gaurkotzeko gogoetaren zirriborroa» aurkeztu ere.

Urtero egiten duen gisan, Plaza Hutsa ekimenarekin hausnarketarako eguna izan du Sortuk Durangon.
Urtero egiten duen gisan, Plaza Hutsa ekimenarekin hausnarketarako eguna izan du Sortuk Durangon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sortuk Plaza Hutsa ekimena egin du larunbat goiz honetan Durangon; momentu politikoaz, Euskal Herriaz eta, batez ere, herrigintzaz hausnartzeko urtero deitzen duen hitzordua. 400 lagun baino gehiago bildu dira herriko hainbat gunetan egindako tailerretan eta Plateruenako solasaldi nagusian. Ideia argi bat nabarmendu dute: «Aldaketarako herri gogoa bizi-bizi dagoen honetan, balio eta printzipioen eraldaketa bultzatzeko garaia da, eta herrigintza horretarako ezinbesteko tresna da».

Une politiko berezian iritsi da aurten Plaza Hutsa, Xabi Iraola Sorturen herrigintzako arduradunak amaierako hitzartzean nabarmendu duenez: «Askapen prozesuan urratsak egiteko aukerak zabalik daude Euskal Herri osoan. Hego Euskal Herrian, nazio auziaren eztabaida erdigunean egongo da espainiar Estatuan ireki berri den legegintzaldian, eta aukerak zabalduko dira aurrera urratsak egiteko. Ipar Euskal Herrian, mugimendu abertzaleak etapa instituzional berri baten beharra azpimarratu izan du, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak berak ere horren premia azpimarratu du».

Durangon Sortuk ireki duen hausnarketarako plazan hartutako irudia. (SORTU)
Durangon Sortuk ireki duen hausnarketarako plazan hartutako irudia. (SORTU)

Ziklo politiko berria

Ziklo politiko berri batean sartzen ari garela gaineratu du, hori berresten duten hiru prozesu azalduz: «Batetik, hegemonikoak izan diren proiektu politikoak (UPN eta EAJ) herritarrekin konektatzeko gaitasuna galtzen ari dira. Bestetik, ezker independentismoaren hazkundea iraunkorra da, eta hauteskunde emaitzetatik harago doa. Eta, azkenik, aldaketaren aldeko herri gogoa oso sendoa da, igaro den udazkeneko kale aldarrietan ikusi dugun gisara».

Gaineratu du orain «aukera paregabea» dagoela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeetan, aldaketa gogoa instituzioetara ere eramateko. «Gure ustez, EH Bildu da aldaketa gogo hori ordezkatzen duen aukera politikoa», baietsi du.

Hain zuzen ere, aldaketa politiko horretan sakondu eta berau errotzea da herrigintzaren misio nagusia, Sorturen arabera. Iraolak esan duenez, gertatzen ari den aldaketa herritarren balio eta printzipioenarekin lotuta dago. «Gurean bada herrigintza praktika zabal bat, eta, zentzu komun berri bat eraikitzen laguntzea da haren ekarpen nagusietako bat», agertu du.

Horrekin batera, badu bigarren funtzio bat ere, herrigintzako arduradunaren arabera: komunitatea indartzea, eta, batez ere, herri proiektu batekiko atxikimendua sortzea.

Hori esanik, herritarrak herrigintzara batzeko gakoak zein diren azaldu du: «Aldaketa posible dela sinestea; egingarriak diren eraldaketak zehaztu eta martxan jartzea; abian diren proiektu eta egitasmoak indartu eta berriak sortzea; parez pare ditugun erronkei epe ertainean erantzuteko proposamenak eraberritzea –gaurkoan, solasaldi nagusian, euskal sozialismoaren oinarriak gaurkotzeko gogoetaren zirriborroa aurkezte dute, ekonomia ekologikoa eta feminista bidelagun–; baina, batez ere, utopia eta esperantzara lotzea».

«Euskal Herria ez dago salbu eskuin muturraren agendaren eraginetik. Baina, gurean, distopiatik urruntzeko borrokatik baino gertuago gaude utopiarantz garamatzan bidetik», nabarmendu du.