NAIZ

Aritz Erkiagak ez du Goikoren agurrean hutsik egin nahi izan

Ispasterreko aurrelariak eta Ibarluzeak bi setetan, baina asko borrokatuta, gainditu dituzte Olharan eta Del Rio (15-11 eta 15-13) eta Gernikako Winter Serieseko finalean egongo dira zumaiarraren eta Lekerikaren aurka.

Aritz Erkiagak bere magia aterata, finalerako sailkapena eskuratu du.
Aritz Erkiagak bere magia aterata, finalerako sailkapena eskuratu du. (ERAMAN JAI ALAI)

Dagoeneko hartu ez badu, bere erreleboa hartzera deituta dagoen Aritz Erkiaga izango du parean Iñaki Osa Goikoetxeak bere agurreko partidan, Ispastertarrekoak eta Jon Ibarluzeak Gernikako Winter Serieseko finalerako txartela eskuratu dute eta, bigarren finalerdian Olharan eta Del Rio bi setetan gaindituta (15-11, 15-13). Gauzak horrela, ezin interesgarriagoa izateko osagai guztiekin dator otsailaren 18ko finala, bi aurrelari handienekin eta Gernika eta Markina-Xemeingo eskolen ordezkari banarekin.

Lehen jokoan Erkiaga eta Ibarluzea oso ondo aritu dira, bakoitza berean nagusi, baina bereziki Ispasterrekoaren magia nabarmendu behar da, denera 7 tanto amaitu ditu beregan ohikoa den kalitatearekin. Kalitateari lana egiteko borondatea ere batzen dio Ispasterrekoak
eta gainera, presioak gehiegi eragiten ez dion Ibarluzea batekin egin du topo. Gaur ere pilota asko arrimatu du ezker paretara eta horrela Del Rioren eskuin bortitz hori sahiesteko gai izan da.

Bigarrena ere bide beretik joateko arriskuarekin joan da eta Erkiaga partida hausteko zorian izan da, bere tantoei esker 9-5 aurreratu direnean. Baina gauzak zailen zituztenean agertu da Olharanik onena. Lapurtarrak ez zuen txapelketa bere mailarik eman gabe utzi nahi eta orduantxe jokatu ditu tantorik onenak, partida bederatzina orekatzeraino. Eta hortik aurrerakoa ezin berdinduagoa joan da, beste lau berdinketa ere eman baitira, 10, 11, 12 eta 13. kartoietan. Eta tentsioa gorenean zen horretan Ibarluzeak ere bere protagonismoa aldarrikatu ahal izan du, partidako azken bi tantoak berak egindakoak izan dira eta.

Sarrerak, salgai

Ikusitakoak ikusita, beste aste batez Gernikako Jai Alaia goraino beteta egon da, finalak ikusmin ikaragarria piztuko du eta Eraman Jai Alai enpresatik jakitera eman dutenez, partida horretarako sarrerak astearte eguerdian jarriko dira salgai  www.eramanjaialai.com helbidean.

FITXA TEKNIKOA:

Erkiaga-Ibarluzea : 2
Olharan-Del Río: 0

Pilotakadak: 391. Iraupena: 72 minutu. Lehen jokoko markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 10-5, 10-7, 13-7, 13-8, 14-8, 14-11 y 15-11. Bigarren jokoko markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-5, 9-5, 9-9, 9-10, 10-10, 10-11, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-13 y 15-13. Sakeak: 1 Olharanek. Egindakoak: 15 Aritz Erkiagak, 6 Ibarluzeak, 9 Olharanek eta 5 Del Riok. Galdutakoak: 4 Aritz Erkiagak, 5 Ibarluzeak, 2 Olharanek eta 7 Del Riok. Gorabeherak: 1.850 ikusle Gernikako Jai Alai pilotalekuan Winter Serieseko bigarren finalerdian.