NAIZ

‘Basoa Bizi’ proiektuarekin biziberrituko dute Balmasedan 2022an erretako basoa

‘Basoa Bizi’ proiektua martxan jarri dute, Balmasedan 2022an erre zen basoa berreskuratzeko. Halaber, jendartea kontzientziatzea du xede egitasmoak. Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao BBK Livek eta Basoa Fundazioak abiatu dute ekimena. 

2022an izan zen sutea Balmaseda inguruan.
2022an izan zen sutea Balmaseda inguruan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao BBK Livek eta Basoa Fundazioak ‘Basoa Bizi’ ekimena aurkeztu dute, 2022an kiskalitako basoa berreskuratzeaz gain, herritarrak kontzientziatzea ere helburu duena. Sutea Bizkaian azken 30 urteetan jazotako larriena izan zen.

Aldundiak jakinarazi duenez, «lankidetza publiko-pribatuko» proiektua da, hots, aipatutako erakunde publikoek pribatuak kontratatu dituzte ekimena aurrera atera dezaten. Azaldu dute ibilbide bat ezarri dutela, bateratzen dituena sentsibilizazioa eta prestakuntza, baso-sutea piztu zuten lursailetan zuhaitz espezie desberdinen aleak landatzea, dibulgazio materiala sortzea, ekimenaren analisi akademikoa egitea eta, aldi berean, karbono aztarna konpentsatzeko proiektu bat abiatzea, Udalaren eta Bilbao BBK Liveren eskutik.

Prestakuntza saioak jardunaldi desberdinetan egingo dituzte, eta horietako bakoitza publiko mota bati eskainiko diote. Lehenengoa otsailaren 22an izango da, Balmasedako bi eskoletan (Zubi Zaharra Eskola eta Mendia HLHI), eta bi ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzenduta egongo da. Bigarren prestakuntza tailerra egun berean egingo dute Klaret Antzokian eta herriko biztanle guztiei zuzenduta egongo da. Hilaren 29an hirugarren eta azken tailerra antolatuko dute Zaharren Etxean, herriko adinekoentzat.

Ikastaroek lau gai jorratuko dituzte: 2022ko sutea, basoek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak, baso kudeaketa iraunkorra garatzeko beharra eta ‘Basoa Bizi’ ekimena bera.

Bi landaketa eta bisita gidatu bat

Hiru tailer horiek egin ondoren, eta prestakuntzaren osagarri gisa, zuhaitz espezie desberdinen bi landaketa egingo dituzte oraindik birpopulatzeko dauden beste hainbeste lursailetan. Herriko bi eskoletako ikasleak martxoaren 18an joango dira lehenengo lursailera oinez, bertan zuhaitz horien 180 ale landatzeko. Lehenengo landaketa horren ondoren, martxoaren 23an, landaketa herrikoi bat egingo da. Bertan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. Ekimen hau sustatzen duten erakunde eta entitateek, halaber, bisita gidatua antolatu dute ekainaren 15ean basoberritutako eremura. Bertan, suak hartutako mendian egindako berreskuratze lanen bilakaera azalduko da.

Horrez gain, dekalogoa ere prestatu dute. Hamar gako izango dira kulturaren eta ingurumen sentsibilizazioaren bidez «gizartea eraldatzeko gida eta inspirazio iturri». Gako horiek markatzen dituzte gaur hasiko den prozesuan jarraitu beharreko urratsak. Proiektuak herritarren eta beste eragile eraldatzaile batzuen atxikimendua bilatzen du, planetan eta gizartean eragin positiboa izateko.

‘Basoa Bizi’ proiektuko jardueraren batean parte hartzen dutenek prezio berezian erosi ahal izango dituzte aurtengo Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak. Era berean, publiko orokorrari irekitako lehiaketa bat antolatuko da. Proiektuari buruzko hamar galdera egingo dizkiete parte hartzaileei eta guztiak asmatzen dituztenen artean eguneko 17 sarrera zozkatuko dituzte Bilbao BBK Live jaialdirako.

Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, formulario bat betez.