ELBko 60 bat lagunek ekintza egin dute gaur goizean Errobi etorbidean, Angelun. Hala, frantses erakundeetara eraman ditu bere aldarrikapenak euskal sindikatuak.
Zehazki, helbide horretan haien egoitza duten bi erakundetara, hain zuzen Pirinio Atlantikoen Departamenduko Lurralde eta Itsas Zuzendaritzara eta Eskualde arteko Itsas Zuzendaritzara, bere kexak eraman ditu sindikatuak.
Gaurdanik indarrean sartu dira frantziar mailako nekazaritza sindikatu nagusiek helarazitako aldarrikapenak aintzat harturik Gabriel Attal lehen ministroak onarturiko egitasmo orokorrak jasotzen dituen hainbat neurri.
Besteak beste, erregaiaren gaineko salbuespen fiskala onartu ondoren gaurdanik horren gaineko diru itzulketaren aurrerapena eskatu dezakete laborariek.
Pirinio Atlantikoen Prefeturak kudeatuko du, euskal laborarien kasuan, aipaturiko neurria.
Hain zuzenFDSEA eta Laborariak Gazteak estatu mailako sindikatu nagusiekin bilera antolatu zuen Prefeturak egitasmoa plantan emateko prozeduraz mintzatzeko.
Horren ostean aipaturiko sindikatuek protestak behingoz amaitzeko erabaki baieztatu zuten.
Saltokietan ekintzak egin dituzte
Hala eta guztiz ere, Gobernuak harturiko engaiamenduen ondorioz Hexagono mailan protestak baretuz joan badira ere, saltokien aitzinean ekintzak ez dira falta azken egunetan Euskal Herrian. Ez da bestelako protestak ere.
Hala, joan zen ostiralean Angeluko BAB2 merkatal eremuan eta Hazparneko bi saltoki handietan ekintzak burutu zituzten laborariek.
Hala, BAB2ko eremu komertzialaren sarreran plantatu ziren, Angelun, eta bertara erosketak egitera joan ziren bezeroei haien aldarrikapenak jakinaraziz orriak banatu zizkieten.
Ondoren laborarien talde bat hipermerkatu barrura sartu zen eta, hedabideak ondoan zituela, «hemengoak ez diren proiduktuak» kendu zituen apaletatik.
Antzeko ekintza egin zuten laborariek Hazparnen. Kasu horretan herriko saltoki handi biren aitzinean eraman zuten aurrera ekintza.
Laborariek haien mozkinengatik diru-sarrera apalak eskuratzen dituzten bitartean, saltoki handiek prezio emendatze handia jasotzen dutela salatu zuten ekintza horren bidez.
Sindikatuen dinamikatik harago protesta Jutsin
Larunbatean, berriz, Jutsin, SOS mezua osatu zuten traktoreekin 50 bat laborarik.
Attalen Gobernuak lehen sektoreak pairatzen duen krisiari erantzuteko iragarritako neurriak ez dituela asetzen eta mobilizazio gehiago egingo dituztela aditzera eman zuten laborariek.
Gaur, finean, erran bezala, traktoreak martxan eman ditu berriz ere ELB sindikatuak, erakunde publikoen egoitzetaraino eramanez frantses Gobernuak harturiko planetik harago bizi-bizirik jarraitzen duen laborarien arrangura haien etorkizunari buruz.
515 hazlek diru-laguntzen banaketaren beranta pairatzen dute
ELBk PAC delakoaren diru-laguntzen ordainketa azkartzea galdetu dute.
Jakin behar da, edonola ere, euskal sindikatuak zalantzan jartzen duela Bruselak agindutako egitasmoi hori, finean, ustiategi handiek baliatzen dituztelako laguntza gehienak. PACen harira banatutako laguntzetatik %80a laborarien %20ak metatzen baitu.
Akitania Berriako Eskualdearen Lurralde eta Itsas Zuzendaritzan bertan eskainitako prentsarrekoan ELBk zehaztu zuenez, «Baigorri eta Garaziko ibarretan, bortura abian diren 515 hazleek laguntzen ordainketaren beranta pairatzen dute».
ELBren ustez, egoera hori onartezina da «etxalde ainitz lanjerrean ezartzen dituelako». Are gehiago kontuan hartzen bada, administrazioak diru-laguntzak banatzeko orduan duen atzerapenari gehitu behar zaionean azken urteetan izan den idortea, alde batetik, eta inflazioa, bestetik, zinesz ahildu dituztela laborarien ahalmenak.
Laguntza horiek baranduenez aste honetan bertan ordainduak izatea galdetu du ELBk.