‘InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta-Journal of Research for Social Impact’ agerkaria sustatu dute Euskal Herriko eta Estatu Batuetako hogei bat erakunde akademiko eta zientifikok. Astelehen honetan aurkeztu dute Iruñean eta ostegunean eta ostiralean egingo dituzte aurkezpenak Baiona eta Bilbon, hurrenez hurren.
Azaldu dutenez, diziplina anitzeko argitalpen zientifikoa da, sarbide irekikoa, ezagutzaren arlo guztiak hartzen dituena eta gizartean eragina duten ikerlanak argitaratzera bideratuta dagoena.
Iruñeko aurkezpenean izan dira Roldan Jimeno, NUPeko idazkari nagusia; Maria Iraburu, Nafarroako Unibertsitateko errektorea; Patricia Fanlo, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Diego Garrido, I+G+Bko Nafarroako Sistemaren koordinatzailea; eta Maria Napal, argitalpen berriko erredaktore burua, besteak beste.
Iruñean #Inpakta aldizkaria aurkezten. Ramón Gonzalo (NUPeko errektorea), María J. Iraburu (Nafarroako Un. errektorea), Diego Garrido (Aditech-eko Zuzendaria), Patricia Fanlo (Nafarroako Gobernuko Unibertsitate kontseilaria), Maria Napal (InpAkta aldizkariko erredaktore burua) pic.twitter.com/JBTR5WqA9l
— Estitxu GaraiArtetxe (@EstitxuGarai) February 5, 2024
Napalek azaldu duenez, ‘InpAkta’ aldizkariak bi ale argitaratuko ditu urtero, «lehena 2025ean», eta «ingelesezko lanak jaso nahi ditu, nazioarteko proiekzio baten bila, baina, batez ere, euskaraz, hizkuntza horretan aurrerapen zientifikoak jasoko dituen foro bat behar baita».
Hautatutako artikuluen izaera dela eta, argitalpenak, jasoko duen ikerketa-lan bakoitzerako, publiko ez-espezializatuari zuzendutako laburpen bat ere izango du. Orrialde bakarra hartuko duten testuak izango dira eta euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez egongo dira eskuragarri.
Halaber, Napalek iragarri duenez, «artikuluak, argitaratu bezain laster, Creative Commons lizentziarekin online egongo dira eskuragarri», eta «eragin soziala sortzea» bilatuko dute, maila globalean zein Euskal Herrian.
Argitalpenak bost jakintza-arlo nagusi jorratuko ditu: natura-zientziak, osasun-zientziak, gizarte- eta giza zientziak, lurraldearen antolaketa eta teknologia.
Horrela, askotariko gaiei helduko die: ekologia, ekonomia, medikuntza, osasun publikoa, bioetika, antropologia, ingeniaritza, geologia, hidrologia, hezkuntza, komunikazioa, adimen artifiziala, albaitaritza, immigrazioa, soziologia, genero-azterketak, hizkuntza, digitalizazioa, demografia, iraunkortasuna, elikagaiak edo kimika analitikoa, besteak beste.
Erredaktore buruaren arabera, aldizkariak helburu jakin bat du: «Kalitatezko bilduma eta ebidentzia-iturri bat sortzea, gizarteak, erakundeek eta eragileek modu sendoagoan aurre egin diezaieten gizarte gisa ditugun erronkei».
Iraburuk nabarmendu duenez, «unibertsitateentzat, zientziaren eta ezagutzaren transmisioa betebeharra da, eta gure existentziari zentzua ematen dioten helburuetako bat». Jimenok, berriz, adierazi du «ohorea eta ilusiozko erronka» dela aldizkaria bultzatzea.
Bestalde, Fanlok ziurtatu du «aurrerapenaren eta ezagutzaren polo gisa kokatzeko funtsezko zeregina izango duen proiektua» dela. Halaber, uste du ezagutza zientifikoa demokratizatuko duela, «edukietarako sarbidea librea izango baita».
«Ikerketan egiten dugun guztia jendartera iritsi behar da», nabarmendu du Garridok. Izan ere, «gizarte bat ez da inoiz aurreratua izango aurrerapena pertsona guztiengana iristen ez bada».
Proiektua hogeita bi erakundek sustatu dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Nafarroako Unibertsitatea, Aditech, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Université de Pau et des Pays de l 'Adour (UPPA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Centre, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra-Instituto Vasco de Competitividad, Université de Bordeaux, Université Bordeaux Montaigne, Basque Research and Technology Alliance, Elhuyar Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies - Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.