NAIZ
Altsasu

Altsasu futbol taldeko emakumeak aldageletan grabatzen saiatu direla salatu dute

Altsasu Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, ostiralean, pertsona bat edo gehiago futbol taldeko emakumeak grabatzen saiatu zen aldagelako leihotik. «Gertakari horiek oso larriak eta onartezinak direla uste dugu, eta gaitzespenik sendoena eta gure babesa berretsi nahi diogu gure emakume taldeari».

Eraso matxista gaitzetsi du Altsasu Kirol Elkarteak.
Eraso matxista gaitzetsi du Altsasu Kirol Elkarteak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Altsasu Kirol Elkarteak bere eskualde mailako taldeko emakumeek pairatutako erasoa salatu du. Aurreko ostiralean, otsailak 2, entrenamendua bukatu ostean aldageletara abiatu ziren jokalariak eta bertako leihoan «pertsona bat edo gehiago» zegoela konturatu ziren, «mugikorrekin argazkiak ateratzen edo grabatzen».

Jokalari, entrenatzaile eta kirol elkarteak berak sinatutako ohar batean azaltzen dutenez, haien atzetik abiatu ziren arren, erasotzaile edo erasotzaileek ihes egin zuten eta ezin izan zuten kotxe batean nola sartzen ziren baino ikusi. Foruzaingoan salaketa jarri dute eta haien esku utzi dituzte egun horretan bertako kamerek grabatutako irudiak.

Altsasu Kirol Elkartetik «laguntza» eskatu dute, une horretan inguruan zebilen edonork informaziorik balu haiekin harremanetan jartzeko.

«Gertakari horiek oso larriak eta onartezinak direla uste dugu, eta gure gaitzespenik sendoena eta gure babesa berretsi nahi diogu gure emakume talde osoari gertakari garrantzitsu horien aurrean», adierazi du taldeak. «Gure aldetik eta agintari eskudunen aldetik beharrezko neurriak emango direlakoan, berriro horrelakorik gerta ez dadin».