Aurtengo Binakakoari jardunaldi baino borroka gehiago geratzen zaizkio, txapelketak aurrera egin ahala bikote bakoitzak bere helburuak argitu dituelako. Sailkapenaren bi muturretan dauden biak kenduta, Jaka-Mariezkurrenak goitik eta Laso-Aranguren azpitik, gainerako guztiek zerbait izango dute jokoan hurrengo bi asteetan. Hori bai, borroka desberdinak izango dira batzuenak eta besteenak, hiru bloke nagusitan banatuta.
Momentuz, Jokin Altuna lehia horretan izango den zalantza da. Atzo proba txiki bat eginda, gaur Tolosan izango da, hurrengo astearteko partidarako material aukeraketan, baina larunbatean Labriten izango den, astean zehar erabakiko du, ezker esku horren garapenaren arabera.
Amezketarrarekin edo gabe, argi dagoena da, txapelketak ez duela emoziorik faltako. Goitik hasita, finalerdietan sartzeko bigarren txartela Peio Etxeberria-Zabaleta eta Artola-Imazen kontua da eta dena azken jardunaldian erabakiko da, hilaren 17an bi bikote hauek elkarren aurka Labriten jokatu beharreko partidan. Oraintxe bi bikoteak puntuetan berdinduta dira eta, asteburu honetan edozer gertatuta ere –Aspekoek Peña-Albisuren aurka jokatuko dute Bilbon eta Baikokoek Altuna-Martijaren aurka Iruñean–, euren arteko partidaren emaitza erabakigarria izango da. Esan dezakegu partida hori irabazten duenak egingo duela aurrera, lehen itzulian bikote gipuzkoarra tanto batez nagusitu baitzen Tolosan, eta nafarrak emaitza beraz nagusituko balira bakarrik hasi beharko genuke zenbakiak egiten.
Play-offa, garesti
Hurrengo lehia nagusia play-offean sartzekoa izango litzateke, eta horren barruan beste erronka bat ere badute bikoteek, alde dezentekoa baitago lau lehenengoen edo sei lehenengoen barruan sartzearen artean.
Bigarren posturako lehia horretan galtzaile irteten den bikoteak laugarren postua ziurra izatearen kontsolamendua izango du. Altuna-Martijak ere dagoeneko ziurtatuta dute finalerdietara kanporaketa bidez sartzeko aukera, eta Aspekoek laugarren postu hori izango dute jomugan, Labriten Artola-Imazen eta Tolosan Peña-Albisuren aurka, lau egunetan jokatu beharko dituzten bi partidetan. Averageei begiratuta, Elordi-Rezustaren aurkakoa galduta lukete 2022ko txapeldunek, Ezkurdia-Tolosaren aurkakoa irabazita eta Peña-Albisuren aurkakoa oso bideratuta, lehen itzulian 22-9 nagusitu baitziren Astelenan, beraz, puntu bat nahikoa izan daiteke amezketarrarentzat eta Etxeberrikoarentzat.
Eta hiru bikote horiek, Peña-Albisu, Elordi-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosa lirateke, zazpigarren postuari ihes egiteko borroka horretan sartuta leudekeenak. Ezkurdia-Tolosak puntu bateko desabantaila dute beste biekiko, baina euren enpresa-kideekiko averagea irabazita dute, eta azken bi jardunaldietan, teorian jokoan ezer ez duten bi bikoteren aurka jokatuko dutela ikusita, badituzte sailkapenari beste aurpegi batekin begiratzeko arrazoiak. Alde horretatik, Elordi-Rezustak ere aurkari berdinen aurka jokatu beharko dute, baina Peña eta Albisuren aurkako tanteoa kontra lukete, elkarren aurka jokatutako bi partidak galdu baitzituzten.
Kontuak estu daude, hortaz, eta pilotazaleek badituzte, orain arte bezala, pilotalekuak betetzeko motiboak.