NAIZ

Tolosako karrozek bi orduko geldialdia egingo dute Zaldunitan, Udalaren jarreraren aurka

Udalak hartutako hainbat erabakiren aurka protestatzeko, Tolosako inauterietako karrozek bi orduz etenaldia egingo dute, 12.00etatik 14.00etara, Zaldunita egunean, igandean. Udalak beraien «interesak ahaztu» dituela adierazi du Karroza Batzordeak.

Tolosako Inauterietako karrozak, 2023an.
Tolosako Inauterietako karrozak, 2023an. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tolosako karrozek ez dute ikuskizunik eskainiko igandean, Inauterietako Zaldunita egunean, 12.00ak eta 14.00ak bitartean. Batik bat karrozak gordetzeko tokiarekin zerikusia duten Udalak hartutako erabakiekiko desadostasuna erakutsiko dute horrela.

Datorren urtean karrozak gordetzeko tokirik ez dutela izango deitoratu du Karroza Batzordeak ohar baten bidez, Bellota, gaur egun horretarako erabiltzen den tokia, saldu delako.

«Hau ez da aurtengo gauza», diote. «Bi edo hiru urte igaro dira berri hau izan genuenetik eta nahiz eta hainbat proposamen eman izan Udalari (salgai/alokatzen zeuden pabiloien anuntzioak bidali, egitura sinple bat egitearen ideia eman...) ez da inongo aurrerakuntzarik izan».

Bestalde, aurtengo inauteriak aurrera ateratzea «oso zaila» izaten ari dela diote. Izan ere, kamioiak ateratzeko edo karrozak Rondilla kalean jartzeko aukeraren artean aukeratzera «behartu» dituztela salatu dute; hori «xantaia» da, beraien ustez.

Gainera, udaltzainek aurten eta aurreko urteetan izandako jarrera, joan-etorriak egiteko «askatasun eza» eta iaz izandako istripu baten ondorioz beraiek ordaindutako seguru bat kontratazeko beharra salatu dituzte.

«Jarrera proaktiboa izan dugu denbora guzti honetan, proposamenak eginez eta beraiek jarritako exigentziak betetzeko formula ezberdinak bilatuz (lehen azaldu bezala, astez-aste aldatzen ziren exigentziak). Hau horrela, ez dugu uste Udalaren aldetik jarrera bera jaso dugunik. Udalaren interesen aldekoak (urtez-urte inauteriak «salbatzea») ziren ideia eta eskakizunak garatzeko laguntza jaso dugun arren, gure gainerako interesak ahaztu direla uste dugu», deitoratu du Karroza Batzordeak.

Udalaren erantzuna

Aldarrikapen hauei erantzuna eman die Udalak ohar baten bidez, atalez atal. Hasteko, karrozak gordetzeko erabiltzen den eraikina saldua izan dela eta une honetan «ez dagoela baldintzak betetzen dituen pabilioirik alokagai Tolosa eta inguruetan» argudiatu du, bila jarraitzen duela erantsiz.

Irteera eta garraioari dagokionez, «karrozak atera ahal izatea ez da erraza, ez dituztelako trafiko eskakizunak betetzen», esan du. Iaz istripu bat gertatu zela aipatzen du, «auto bat jo baitzuen karroza batek, eta tamaina handiko beste bat ez atzera ez aurrera geratu zen, matxura bat tarteko». Gauzak honela, hartu dituen neurriak egokiak direla uste du, «denon mesederako».

Erantzukizun zibileko asegurua hitzartu dela aurten gaineratu du Udalak; karrozen elkarteko bozeramaileekin zenbait bilera egin direla; eta «denei espazioa modu orekatuan eskaintzeko ahalegina egiten duela Udalak» erantsi du. «Horregatik, argi eta garbi adierazi nahi du Udalak neurriok ez doazela karrozen aurka, kontrakoa baizik; epe luzera begira modu egokian beren espazioa izan dezaten bermatu nahian hartutako neurriak dira».