NAIZ

Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguneko ekintzak eta Ipar Martxa aurkeztu dituzte

Ostegunean, Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean, ‘Urrezko begiztaren indarra, mundu justu baten alde’ leloa zabalduko dute, minbizia duten adingabeenganako enpatia eta elkartasuna adierazteko. Ikastetxeek eta herriek parte hartuko dute ekintzetan. Igandean, 11. Ipar Martxa izango da Donostian.

Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguneko ekintzak eta 11. Ipar Martxa aurkeztu dituzte.
Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguneko ekintzak eta 11. Ipar Martxa aurkeztu dituzte. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Otsailak 15a Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da. Urre koloreko lazoa da kausa honen  ikurra, eta aurtengo leloa ‘Urrezko begiztaren indarra, mundu justu baten alde’ izango da. Aspanogik azaldu duenez, haur minbiziak erabat aldatzen du adingabekoen eta beren inguruaren bizitza, egun batetik bestera. Diagnostikoaren aurretik ohikoak ziren ekintza guztiak bertan behera geratzen dira, tratamenduaren eta honen iraupenaren ondorioz.

Begizta daraman pertsonak minbizia duten haur eta nerabeei euskarri eta animoa ematen die. «Denok berdinak garela adierazteko unea iritsi da, minbizia duten adingabeek aukera eta arreta berdinak izan behar dituztelako edozein lurraldetan», aldarrikatu du Gipuzkoako elkarteak.

Ikastetxeetan

Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguneko egitarauan Gipuzkoako ikastetxe eta udalen partaidetza nabarmendu nahi du Aspanogik. Ikastetxeei otsailaren 15ean egiteko ekintza bat proposatu diete, Niños Con Cáncer Federazioak antolatua. Aspanogi ere bertako kide da beste 21 elkarterekin batera. Eskolei eman dieten ideia gelaz gela mezuz betetako urrezko begiztak elkartzea da, kate handi bat sortuz.

Urre begizta tatuaiak bidali dituzte ekimenan parte hartuko duten ikastetxeetara. Gipuzkoaren kasuan 11 dira, 2.941 ikasle guztira.

Ikastetxeentzat bereziki egin den manifestua irakurriko dute ikasleek.

Herrietan eta ospitalean

Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregian, Donostiako Udaletxean eta Konstituzio Plazan urrezko begizta eta Aspanogiko pirataren irudia daraman pankarta ezarriko dute. Gipuzkoako beste udalerri ugaritan ere jarriko dute, Zarautz, Hondarribia, Mutriku, Tolosa eta Legazpin adibidez. Zenbait leku urre kolorez argituko dituzte.

Donostiako Ospitale Unibertsitarioan ere ekintza berezi bat egingo dute. Bertatik gertu dagoen txoko batean, Porrotxek emandako zuhaitza landatu zuten pirata guztien omenez. Aspanogiren gereziondo hori hazten ari da, bere sasoian fruituak ere eman ditu, eta otsailaren 15ean ekitaldi txiki bat egingo dute. Kolore ugaritako loreak utziko dituzte bertan parte hartuko duten familia, Aspanogiko kide eta berain zaintzan parte hartzen duten osasun eta hezkuntza langileek. Aldarrikapen instituzionala ere irakurriko dute, Niños Con Cáncer Federazioak idatzia.

Ipar Martxa, igandean

Igandean, jendearen partaidetza bultzatu nahian, 11. Ipar Martxa egingo dute Donostian. Elkartasun ekintza honetan, haur minbiziaren aurka indarrak batzen saiatuko dira. Haur eta nerabeen minbiziak ez duela ez adinik, ez generorik, ezta erlijio edo talde sozialik ere jabetzea nahi dute. Donostiako Unibertsitate Ospitalean 30 kasu tratatzen ari dira. «Tabuak hautsi nahi ditugu, haur minbiziaren ondorioz piratek eta euren familiek bizi duten egunerokotasunaz hitz eginez, enpatia eta elkatasuna bultzatu nahian», adierazi du adingabe minbizidunaren eta bere familien bizia hobetzeko lanean ari den Aspanogik.

Nordik Walking edo Ipar Martxa adin guztietako pertsonek egin dezakete; ez da kirolaria izan behar, ez da lasterketa bat. Bi bastoiren laguntzarekin edo bastoirik gabe egiteko ibilbide bat da. DYAren presentzia eta laguntza izango da bide osoan.

Internet bidez izen ematea bultzatu nahi dute, antolakuntzaren mesederako. Honako helbidean egin daiteke.

Elkartasun dortsala ere har dezake Aspanogiri lagundu nahi dionak. Saguesen jarriko dituzten karpetan eskuratzen ahalko dira, martxa hasi baino lehen. Zozketako sariak ere banatuko dituzte, dohaintzan emandako opariak, eta partaide guztiek detaile txiki bat jasoko dute.

11.00etan hasiko da ipar martxa, Saguesen, eta Haizearen Orrazian amaituko da, sei kilometroren ondotik. Amaieran, fruta eta edaria banatuko dituzte. Aspanogik eskerrak eman dizkie bai martxa honetan eta bai beraien kausan laguntzen duten guztiei.