NAIZ
Donostia

49 urteko gizonezko bat atxilotu dute Donostian, adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta

Ertzaintzak 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteazkenean Donostian eta ostiral honetan agintari judizialen esku utzi du. «Groominga, adingabeak galbidean jartzea eta 16 urtetik beherako adingabe bati sexu-erasoa egitea» leporatzen zaio.

49 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Donostian, adingabeko bati sexu erasoa egitea leporatuta.
49 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Donostian, adingabeko bati sexu erasoa egitea leporatuta. (Ertzaintza)

Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, «groominga, adingabeak galbidean jartzea eta 16 urtetik beherako adingabe bati sexu-erasoa egitea» leporatuta. Atxilotua jada jarri dute agintari judizialaren eskuetan.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, joan den asteazkenean Donostian jarritako salaketa baten arabera, «egun batzuk lehenago adingabe batek gizon batekin hitz egin zuen Internet bidezko harremanetarako aplikazio baten bitartez. Sexu-izaerako hainbat argazki trukatu ondoren, biek hitzordua jarri zuten, eta gizonak adingabea Gipuzkoako hiriburuko bere etxera eraman zuen. Bertan irudi pornografikoak erakutsi zizkion adingabeari eta, ondoren, sexu-harremanak izan zituzten». Agenteek joan den asteazken arratsaldean bertan atxilotu zuten.

Gainera, une horretan zeramatzan telefono mugikorra eta hiru USB memoria-gailu kendu zizkioten. Atzo, osteguna, Polizia atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zuten, eta bere autoa eta trasteleku bat ere miatu zituzten, eta salatutako egitateekin zerikusia izan dezaketen hainbat ebidentzia jaso. 

Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua gaur arratsaldean jarri dute Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan. Ertzaintzak ikertzen jarraituko du biktima gehiago dagoen jakiteko, «informazioaren teknologien bidez adingabeen aurka egindako sexu-askatasunaren aurkako delituetan ohikoa izaten baita».