NAIZ

Pello Otxandianoren ‘Begirada’ saiakera politikoa irakurgai dago bere webgunean

Jada eskuragarri dago Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiaren webgunean bere saiakera politikoa, ‘Begirada. Herriari. Etorkizunera’. Eztabaida politikoaren maila igotzeko tresna izatea nahi duela aurrera du lehendakarigaiak berak.

Pello Otxandiano Tabakaleran, bere saiakera politikoaren aurkezpenean.
Pello Otxandiano Tabakaleran, bere saiakera politikoaren aurkezpenean. (Aritz Loiola | FOKU)

‘Begirada. Herriari. Etorkizunera’ saiakera politikoa argitaratu du Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak pello.eus webgunean. Saiakera liburuan Otxandianok herriaren egoerari buruzko azterketa eta diagnostikoa egiten du, lehentasunak ezarri eta garaiko erronkei aurre egiteko proposatzen dituen neurriak azaltzen ditu.

Otsailaren 8an aurkeztu zuen Donostiako Tabakaleran, 300 lagunez baino gehiagoz inguraturik. Aurkezpenean, zeren inguruan eztabaidatu zehaztea garrantzitsua dela nabarmendu zuen: «Herri proiektu baten inguruan eztabaidatu dezagun. Eztabaidatu dezagun momentu historikoaren eta etorkizunaren inguruan».

Hedabideei igorritako ohar baten bidez saiakera politikoak «herri proiektu eraldatzaile baten inguruko elkarrizketa publiko eta politikoa elikatu eta bideratzeko tresna» izan nahi duela jakinarazi du Otxandianok, baita eztabaida politikoren «maila igotzeko» tresna ere.

Saiakera politikoak 80 orrialde ditu eta bi atal nagusitan dago banatuta. ‘Begirada bat garaiari eta herriari’ atalean egoeraren azterketa egiten du azpiatal ezberdinen bidez. ‘Begiradak’ izena du bigarren atalak, eta euskal hezkuntza sistemari, hizkuntza politikei eta ekonomiaren sustapen politikoari luzatzen dio begirada. Arnaldo Otegiren hitzaurrea du liburuak, eta Maddalen Iriarteren epilogoa.

Ikuspegi anitzeko begirada

Adierazi du «herri pentsamendua» islatzen ahalegindu dela: «Zorteko sentitzen naiz, arlo ezberdinetan lan eskerga egiteaz gain, jende askok osatzen duelako modu kolektiboan eraikitzen ari garen pentsamendu herrikoi hori. Pertsona horietako askorekin hitz egiteko, hausnartzeko, adostasunak eta ezberdintasunak partekatzeko aukera izan dut, eta partekatze horren emaitza da esku artean duzun idatzia».

Eta leku ezberdinetatik egiten diren ekarpenei ere begiratu diela kontatu du: «Zentzu horretan, partekatzen dugun lurra herri bat izan dadin, lan politikoa egiten da, sindikatuetatik borrokatzen da, hausnarketa eta proposamen ekonomikoak egiten dira, eta kultur sorkuntzatik imajinatzen dira guk nahi ditugun utopiak».

Lehentasunen zehaztasuna

Otsailaren hasieran egindako aurkezpenean, lehentasunak argi izan behar direla azpimarratu zuen, eta berak bi urgentzia azpimarratu zituen: Osakidetza eta bizitzaren garestitzea gelditzea. Eta tresna baten beharra aldarrikatu zuen, «autogobernu berri bat behar dugu».

Datozen asteetan herriz herri saiakera politikoaren aurkezpenak egingo dituztela aurreratu du Otxandianok, eta bertan, herritarrekin eztabaidatzen hasi eta elkarrizketa aberasteko aukera izango dela.