NAIZ

Bultzadak ez du animatuko Vila-realen kontra

Sare sozialetan zabaldutako mezuan azaldu dutenez, Benficaren kontra gertatutako istiluengatik jasandako errepresioa eta atxiloketak salatuko dituzte. Horregatik, ez dutela animatuko eta harmaila itxita egongo dela jakinarazi dute.

Bultzadak Anoetan egindako mosaiko bat.
Bultzadak Anoetan egindako mosaiko bat. (Jon URBE | FOKU)

Realak Bultzada taldearen hausporik gabe jokatuko du ostiral honetan Vila-realen kontrako norgehiagoka. Sare sozialetan zabaldutako mezuan jakinarazi dutenez, ez da animaziorik egongo eta harmaila itxita mantenduko da.

Erabaki horrekin Benficaren kontra gertatu ziren istiluen ondorioz jasandako errepresioa eta atxiloketak salatu nahi dituzte. Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen egun hartan, baina ordu batzuk beranduago aske utzi zituzten. Gaur bi pertsona gehiago atxilotuak izan direla eta beste 13 auzipetu daudela jakin da.

Argitaratu duten oharrean joan den azaroaren 8an Ertzaintzak izandako jokabidea eta «erantzunkizuna» gaitzesten dute. Izan ere, inguruetan polizia ugari egon arren, Benfica taldearen zaleak Armerias plazara iritsi ziren eta Realekoen aurka egin zuten.

Bultzada taldeak dioenez, bertan zeuden zale txuri-urdin batzuek euren burua eta gainontzekoena «defendatu» behar izan zuten, eta orain jazartuak eta zigortuak izaten ari dira horrengatik.

Alavesen zaleak diren Iraultza taldeak eta Athleticen Iñigo Cabacas Herri Harmailak elkartasuna adierazi diote Bultzada taldeari sare sozialetan.