NAIZ

Israelen gerraosteko plana Gazarako: bere mendeko, arma eta Unrwa gabe

Sarraskiak bost hilabete betetzear dituenean, Netanyahuk gerraosterako plana aurkeztu dio Israelgo Segurtasun Kabineteari. Gaza «guztiz desmilitarizatu eta deserradikalizatu» nahi du, Armadaren kontrolpean atxiki. Eta Palestinar Iheslarientzako Laguntzarako NBEko agentziaren arrastorik ez da egongo.

Israelek Rafah hiriko Al-Najjar ospitalea bonbardatu ondoren, senideak malkotan, hildakoen berri jasotzean
Israelek Rafah hiriko Al-Najjar ospitalea bonbardatu ondoren, senideak malkotan, hildakoen berri jasotzean (Mohammed ABED | AFP)

Genozidioaren egunerokoak ez du etenik. Atzo beste ehun palestinarretik gora hil zituen Israelek Gazako hegoaldean, lurretik kontrolatzeko falta zaien azken eremuan. Bereziki latzak ziren Rafah hiriko Al-Najjar ospitalea bonbardatu ondoren iritsi ziren irudiak: dozenaka palestinar hilda, samina eta sumina edonon; nazioarteko deiak dei, iragarria eta atzera-bueltarik gabekoa den oldarraldia aurreratuz.

Sarraskiaren ondotik, atzo bertan Israelgo lehen ministroak publiko egindako ‘Gerraosteko Gazarako plana’ agiriak bereganatu zuen arreta. «Gerra irabazten dugunean», estatu sionistak Gazarako nolako geroa prestatu duen marraztu zuen. Funtsean, israeldarren kontrolpean, erabat armagabetuta, «deserradikalizatuta» eta Nazio Batuen Erakundeko agentzien arrastorik gabeko errealitatea aurkeztu zuten.

Erabat desmilitarizatu

Honakoak dira, laburbilduz, dokumentuaren gakoa nagusiak. Epe motzean, Israelgo Armadak gerrarekin jarraituko du, bere helburuak lortu arte; Hamas eta Jihad Islamikoaren ahalmen eta azpiegitura guztiak desegin, urriaren 7an bahitutako israeldar guztiak askatu eta Gazatik etor litezkeen mehatxu oro suntsitu arte. Epe ertainean, gerra bukatu ostean, Gaza «terrorismoa babesten duten herrialde eta elkarteekin» inolako loturarik ez duten «bertako funtzionarioek» gobernatuko dutela aurreikusi du, Palestinako Aginte Nazionalak protagonismoa izango ote duen zehaztu gabe.

‘The Times of Israel’ egunkariak aurreratutako planaren arabera, estatu sionistak «deserradikalizazio plan bat abiatuko du erlijio mailan, hezkuntzan eta ongizatean diharduten Gazako instituzioetan». Hartara, «deserradikalizazioan esperientzia duten estatu arabiarren» parte hartzea bilatuko du. Bestalde, «Gazako erabateko desmilitarizazioa» aurreikusiz, Israelek ez du berreraikuntza lanak hastea onartuko, «erabateko desmilitarizazioa gauzatu eta deserradikalizazio plana hasi arte».

NBEko agentziak kanpora

Halaber, Israelgo Armadak betiko eta modu mugagabean gordeko du Gazan nolanahi ekiteko askatasuna, «aktibitate terroristaren birsortzea errotik ekiditeko». Are, Gazako lurraldean «segurtasun eremu» bat ezarriko du eta bere horretan mantenduko du «segurtasunaren beharra dagoen bitartean».

Planak Gaza baino urrunago eramaten ditu kontuak, eta azaldu du «Jordaniatik mendebaldera dagoen eremu guztian» lurreko, aireko eta itsasoko segurtasun kontrol osoa izango dela «Zisjordaniatik etor litezkeen mehatxuak zapuzteko». Era berean, hegoaldean, Egiptoren eta Gazaren arteko mugan, Israel izango da jaun eta jabe: «Muga itxiko dugu AEBen laguntzarekin eta, ahal den neurrian, Egiptorekin kooperatuz».

Azkenik, Tel Avivek aurreratu zuenez, Nazio Batuen Erakundearen organoa den Unrwa (Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa) agentziaren arrastorik ez da geratuko Gazan. Errotik erauzteko asmoak argi munduratu ditu.

Detailerik eman gabe, «arduratsuak diren beste nazioarteko agentziei» bidea zabaldu eta argi berdea emango diela adierazi zuen. Eta ildo berean, «palestinarrekin sinatu beharreko akordioen inguruko nazioarteko eskaera eta presio guztiak» arbuiatuko dituela gogoratu zuen, «estatu palestinar baten aldarrikapen aldebakar ororen aurka» gogor egingo duela iragarriz, estatu palestinarra aitortzea «terrorismoari ematen zaion saria» izango litzatekeela iritzita.