Pequeña Velocidad da Gipuzkoan gelditzen den kontzentrazio esparru bakarra, eta hagitz litekeena da Irungo Udalak birrintzea, ‘Via Irun’ pasabidea eraikitzeko. Memoria elkarteak, bereziki Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak eta baita Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea ere, hori ekiditeko borrokan ari dira, ez baitituzte sustraiak galdu nahi.
«Eraikin hori gure hirian oso garrantzitsuak izan diren gertakari historikoak gertatu diren leku bat da. Bertan egon zirenek ez zuten soilik errepresio frankista jasan. Negar egin zuten, barre, lo, jan... Hango pareten artean, esperimentatu eta imajinatu dezakegu zer egoera pasa zituzten. Horrek bizia ematen dio historiari», azaldu dute larunbat eguerdian pabilioiaren atarian bertan eman duten prentsaurrekoan.
Aduana kalean dago Pequeña Velocidad, hiriko pasealeku ezagunenetik, Colonetik, hagitz hurbil. Pabilioiaren izenaren jatorria XIX. mendean dago: garaiko tren sistemak bi abiadura ezberdin zituen, handia eta txikia. Azken hau merkeagoa zen eta merkantzietarako erabiltzen zen bereziki. Herriz herri gelditzen zen abiadura txikiko trena, bertzeak bertze Gasteiz, Altsasu, Irun eta Hendaian.
Bete-betean sartzen da Pequeña Velocidad Irungo tren instalazioetan. Bertatik bertara zituen bertze hiru puntu errepresibo: garaiko polizia etxea, Irungo espetxea eta Hilaturas Ferroviarias emakume eta haurren kontzentrazio eremua.
Omentzeko, ulertzeko, hezteko
Mugako hiria izaki, erbestetik etorritako milaka errefuxiatu hainbat instalaziotan sartzen zituzten, identifikatzeko, sailkatzeko eta hurrengo helmuga erabakitzeko: kartzela, bertze kontzentrazio esparru batzuk, askatasuna... Espainiar Estatuko kontzentrazio esparruek 1939 arte iraun zuten. Pequeña Velocidadek, berriz, 1942 arte. Zergatik? Jende ugari pasatu zelako. 1939. urtean, adibidez, persona pila bat iritsi ziren Kataluniatik, Pirinioen mendebaldeko sarbide bakarra baitzen.
Lehen jendez mukuru egon zen lekua (lo ere zutik egin beharrean zirela irudikatu dezakegu), katuen bazkaleku da orain. Jakin dugunez, etxerik ez duten pertsona batzuek ere lo egin izan dute bertan. Sartzen ahalegindu gara, baina ezinezkoa izan zaigu, sasi, zulo eta giltzarrapoek eragotzi digute.
Lehen aipatutako bi memoria elkarteez gain, Amical Mauthausen, Txingudiko elkarte feministak, Bidasoaldeko elkarte feminista, Errenteriako La Ilusión elkartea, EH Bildu, Podemos, eta IU-Ezker Anitzako kideak bildu dira prentsaurrekoan, eta ahalegina egin dute ahalik eta gehien hurbiltzeko eraikinera. Hantxe, atarian, garaiko argazkiei eutsiz, nabarmendu dute tokia zutik mantentzeak duen garrantzia: «Gure hiriarentzat esan nahi du leku bat izango dela omentzeko, oroitzeko, gure iragana ulertzeko, etorkizuneko belaunaldiak hezteko».
Proposatu dutenez, bertan, ikastetxeetako irakaskuntzak osa daitezke, aberastuz eta ikasitako gaiak bertatik bertara ikusiz. Hiriarentzat bisita toki bat izan daiteke, munduko beste hiri batzuetan bezala, izan ere, «orain arte oso gutxi ezagutzen zen hiriaren historiaren zati garrantzitsu bat ikasi ahal izango da».
Adierazpen instituzionala eta Memoria Demokratikoaren Legea
2023ko irailaren 3an Irungo Udalak onartu zuen adierazpen instituzionala ekarri dute gogora, Irungo guduaren eta okupazioaren 87. urteurrenaren kari egina. Honako konpromisoa jasotzen da, bertzeren artean: «Gure ondare historikoa kontserbatzea, memoria lekuak babestuz».
Adierazpen hori praktikan jartzea eskatu dute, baita Memoria Demokratikoaren Legea ere. Honek memoria lekuak izendatzea babesten du, eta ez dute zalantzarik Pequeña Velocidad halakotzat hartu behar dela eta hori errespetatuz egin behar direla hirigintza planak, Via Irun bezalakoak.
Via Irun eta alternatibak
Agerraldian, dei zuzena egin diote Irungo Udalari hausnar dezan nola egokitu aurreikusita duen Via Irun pasabidea, Pequeña Velocidad eraitsi beharrik gabe egiteko. Zenbait ideia eman dituzte: eraikinaren sabaia jaistea, haren hormaren bat diseinu orokorrera moldatzea...
Leku egokia deritzote Memoriaren Museoa sortzeko. «Haren pareta artean mugitu, eta haietan gure historia sentitzeko. Gure iragana eta oraina ezagutzeko eta, aldi berean, ikasteko eta hezteko, gertaera horiek berriro gerta ez daitezen», adierazi dute.
2021ean, Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearekin batera, pabiloia ez eraisteko eta oroimenerako leku izendatzeko eskatu zuen Irungo Udalean. «Irunek oroimen historiko zabala du: ehunka errepresaliatu, milaka atxilotu, aztertu beharreko biktimarioak edota hainbeste eragin izan zuen Bidasoako Komandantzia Militarra. Hori guztia azaltzeko espazio bat behar da, non egia, justizia eta erreparazioa bideratuko diren. Horretarako, aproposena, Pequeña Velocidad pabilioia baliatzea da», defendatu zuten.
Baina mozio hori atzera bota zen. Podemos/Ezker Anitza eta Irungo Sozialistak taldeek kontrako proposamena aurkeztu zioten mozioari, eta EH Bilduren kontrako botoarekin eta EAJ eta PPren abstentzioarekin onartu zen.
Bi memoria elkarteek ez dute Via Irun proiektua alboratzen. Aduanak itxi zirenetik kontzentrazio esparrua utzita eta egoera kaskarrean dago, eta egokiena ingurua zaharberritzea dela uste dute. Azaldu dutenez, Via Irun proiektuan ardura bereziz jokatu behar da Pequeña Velocidad pabilioiarekiko.