Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Gerrarik Ez plataformek deituta, hainbat lagun bildu dira larunbat goiz honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzten elkarretaratzeetan Ukrainako gerra behin betiko amaitu dadila eskatzeko.
Deialdiek hainbat kolektibo eta plataformaren atxikimendua jaso dute, hala nola Gernika-Palestina eta ‘La guerra empieza aquí’ kolektiboena.
Iruñean Udaletxe Plazaren aurrean bildu dira hainbat herritar, Gasteizen eta Donostian ordu erdi beranduago bildu dira, Andra Mari Zuriaren plazan eta Bulebarrean, hurrenez hurren, eta Bilboko Arriagaren aurrealdeak 13.00etan hartu du mobilizazioa, ‘Gerrarik ez, genozidioa gelditu’, ‘Gastu militarrik ez’ eta ‘Defenda ditzagun eskubide sozialak’ leloak oinarri hartuta.
Mobilizazioak aurkezteko Bilbon egin zuten agerraldian azaldu zutenez, deitzaileek NATO egiten dute Ukrainan bizi duten egoeraren erantzule eta, herrialdea «gudu-zelai» bilakatu izana lepotzearekin batera, gerra «zeharka» Errusia eta aipatu erakundearen artekoa dela iritzi zuten.
Ukrainako herritarren «zati handi batek» jada ez duela «gerrara joan nahi» nabarmendu zuten eta bake hitzarmenak berrartzeko beharra jarri zuten mahai gainean. Izan ere, negoziaketa horiek 2022an eten ziren «AEBen eta Erresuma Batuaren interferentzia zuzenaren eraginez».
Euskal gizartearen elkartasuna eskertu dute Bilbon
Bestalde, Ukraina SOS-Euskrania eta Ekialde Fundazioak deituta, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Arriaga aurrean, gerraren bigarren urteurrenaren karira. Kateryna Kamisnka Ukrania SOS-Euskrania elkarteko lehendakariak «ukrainar herriak bizi duen minaz» ohartarazi du eta gizarteak «jende zintzo gehiago» behar duela nabarmendu du.
Duela bi urte inbasioa hasi zenetik 1.200 euskal familiak ukrainarrei «ateak ireki» dizkietela gogoratu du eta euskal gizartearen elkartasuna eskertu du.
«Bi urte daramatzagu eta badirudi luze joko duela» ohartarazi, eta Ukrainako hainbat eskualdetan «egunero guduak, tiroketak eta bonbardaketak» daudela deitoratu du. Azaldu duenez, Bilbon elkarteak duen bulegora egunero Ukrainatik ihesi datozen pertsonak iristen dira. Gerra hasi zenetik 4.000 pertsona inguru artatu dituztela esan du, eta gaur egun 750 ukrainarri laguntza ematen dietela, etxebizitza bilatu, euskara eta gaztelaniako eskolak jaso eta lana bilatzeko.
Elkarretaratzean Gasteizko Parlamentuan ordezkaritza duten alderdietako kideak izan dira, baita Bizkaiko Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko diputatu Teresa Laespada ere.
Nafarroako komunitate ukrainiarren deia herrialde aliatuei
Iruñeko elkarretaratzean, Nafarroako komunitate ukrainarrak herrialde aliatuei eskatu die nazioarte mailan legeak eta ekintzak lehenbailehen martxan jartzeko. Diaspora ukrainarrak, lau elkartek osatuak, bere herrialdeko kolorez margotu du Gaztelu Plaza.
«Inpunitatearen zikloa puskatzeko» deia egin du, baita «Putin eta beste gerra kriminalak justiziaren aurrera eramateko» ere. Gerra gaitzetsi, eta gobernuak negoziatzera esertzera animatu dituzte.
Arratsaldean ere mobilizazioak izan dira hiriburuetan.