NAIZ

Palestina babesteko eta konplizitateak amaitzeko mobilizazio egun bilakatu da igandea

Euskal Herrian Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) kanpaina bultzatzen duten eragileek mobilizazio egun bilakatu dute igande hau, ‘Konplizitaterik ez, Israeli boikota!’ leloa lau haizetara zabalduz. Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin dituzte manifestazioak.

Milaka lagun bildu dira Iruñean gazatarrei eta palestinarrei elkartasuna erakusteko.
Milaka lagun bildu dira Iruñean gazatarrei eta palestinarrei elkartasuna erakusteko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñean, ‘Geldi dezagun genozidioa Palestinan. Israeli zigorrak orain!’ pankartari heldu diote hainbat lagunek manifestazio jendetsu batean. ‘Biba herri palestinarraren borroka’ garrasi artean egin dute bidea, bandera zuri, berde, gorri eta beltzak astinduz. ‘Gaza, eutsi, herria altxatu da’, oihuen bidez adierazi nahi izan diete elkartasuna eta babesa. ‘Yala, goazen’.

‘Estatu sionista, estatu terrorista’ gaitzetsi dute Antoniutti parketik atera eta Gaztelu plazan amaitu den martxan. BDZ Nafarroak antolatutako martxan, Gazako genozidioaren amaiera, Israelentzako zigorrak eta berarekin arma merkantzia etetea eskatu dute.

Zapi palestinarrak lepoan goxatu dira. Euria egin arren, jendetza bildu da; 4.500 lagun, Gobernu espainiarraren Nafarroako Ordezkaritzaren arabera.

Gasan Sad BDZ Nafarroako bozeramaileak herri palestinarrarekiko enpatia ariketa bat egin du: «Imajinatu gaur Iruñean atera den egun hau, hain desatsegina, zure etxea bonbardatu dizute eta ez duzu nora jo, imajinatu ze desatsegina».

Sadek gaitzetsi duenez, Israelgo Estatua genozidioa gauzatzen ari da «munduak hori egiten uzten diolako». «Aski da! Gizatasuna behar da. Gertatzen ari dena da jada ez dutela balek eta bonbek hiltzen, orain hotzak eta goseak hiltzen ari dira».

«Garbi esan nahi diogu Sanchezen Gobernuari Israelekin dituen harremanak moztu behar dituela», azpimarratu du.

 

 

 

Nafarroako hiriburuan bezala, Euskal Herrian Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDS) kanpaina bultzatzen duten eragileek manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan, eguerdian guztietan. Bilbon Eliptika Plazatik abiatu dira, Donostian Bulebarretik, eta Gasteizen Andra Mari Zuritik.

 

 

Bilboko mobilizazioan izan da, besteak beste, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia. Oroitarazi du «palestinarrak ez direla soilik bonba eta osasun arreta faltagatik hiltzen ari, baita goseagatik eta desnutrizioagatik ere».

«Ezin dugu halako egoerarik onartu, ezta normalizatu ere», azpimarratu du.

Estatu espainiar eta frantsesari zein Euskal Herriko erakundeei neurri zehatz eta eraginkorrak har ditzatela exijitu diete, Gazako zerrendako genozidioaren eta Palestinako okupazio, apartheid eta kolonialismoaren kontra.

Gasteizen, gobernu sionistarekin kolaboratzen duten zenbait enpresa eta erakunde salatu dituzte. «CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik», exijitu diote, adibidez, euskal enpresa handiari.

 

‘Boikot Israel, Palestina askatu!’ egin dute oihu. Amaieran, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz irakurri dute agiria.

«Gazatar guztiak desagarrerazi arte»

Azken egunetan Israelgo Gobernuak dei egin dio Gazako populazioari Rafah husteko. Dei hori Israelen asmoen erakusgarri nabarmena da BDS kanpainaren sustatzaileen iritziz: «Ez dira geldituko Gazako azken txokoa suntsitu eta gazatar guztiak desagerrarazten dituzten arte».

Israel iragan urriaren 7tik ari da «nahita eta modu sistematikoan Gazako zerrenda bonbardatzen, eta dagoeneko 30.000 palestinarretik gora erail dituzte, 14.000 inguru adin txikikoak», jakinarazi dute. Gainera, funtsezko azpiegiturak ere birrindu dituzte, hala nola ospitaleak, eskolak zein ur eta energia hornikuntzak; eta bi milioi pertsonatik gora kanporatu dituzte euren bizitokietatik.

Era berean, Zisjordanian eta Jerusalemen «garbiketa etnikoaren prozesua azkartzen» ari dela ikusten dute «atxiloketa masiboen, hilketen eta erasoen kanpainekin, bertako biztanleak beren lurraldetik kanporatzeko helburuarekin».

Horregatik, espainiar eta frantses estatuak zein Euskal Herriko erakundeak ekintzara pasatzeko garaia dutela nabarmendu dute, Hego Afrikako salaketarekin bat eginez eta Israeli zigorrak ezarriz.

«Geldi dezagun genozidioa Palestinan! Arma merkataritza eta Israelekiko harremanak eten!», egin dute aldarri.

Euskal Herritik harago

Euskal Herritik harago ere zabaldu dira gazatarrak babesteko manifestazioak, hamaika hiritan. Zaragozan, esate baterako, bandera palestinar erraldoi bat osatu dute 2.000 lagunek Pilar Plazan.

 

Bartzelonan ere boikotaren aldeko garrasiak egin dituzte.