Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Artea eta ​salaketa, artea eta Palestinarekiko elkartasuna Bilboko Alde ​Zaharrean

Palestinarekiko elkartasun ekimena jarri dute martxan Bilboko Alde Zaharreko dendariek Baztan Arte-Kale kolektiboak ‘Hautsiak’ izeneko artelanak erakusleihoetan jarriz. Antolatzaileen hitzetan, erakusketa honek «gure egunerokotasuna astintzea» du ​helburu.

«Hautsiak. Hautsiak gaude. Palestinan gertatzen ari ​denak sakonean hausten gaitu. Palestinako umeek, ​Palestinako amak, Palestinako lurrak. Palestinaren ​minak hausten gaitu. Baina min honek badu ​arduradun; Israel Estatua aurrera eramaten ari den ​Palestinaren kontrako genozidioak sortzen du mina. ​Ukazioa, arrazakeria, inposaketa, faxismoa, ​sionismoak sortzen du une honetan hausten gaituen ​mina. Palestina hausten duen genozidioak».

Min honetatik sortu da Baztan Arte-Kale Kolektiboak sortu duen kristal ​hautsiez osatutako ‘Hautsiak’ erakusketa. Bilboko Alde Zaharreko hainbat saltokitako erakusleihoetan ikusgai dago, ​erakusketa bera auzoko dendariek ​ere egin dutelako, egileekin batera.

Kristal bat mailuarekin eta puntzoiarekin hautsiz irudiak sortzean datzan teknika berezi baten bidez egin dira palestinarren mina islatzen duten artelan hauek. Batez ere, basakeriaren biktima izan diren haur palestinarren aurpegiak erakusten dizkigute. 2 urteko Zuhair, 10 urteko Fátima, 5 urteko Youssef…

Lan bakoitzaren ondoan, ‘Stop genozidioa’ legendaren gainean dagoen Palestinako bandera formako QR batek Hautsiak.eus web-orrira garamatza.

‘Hautsiak’ erakusketa Bilboko Alde Zaharreko GiliGili dendan. (Baztan Arte-Kale kolektiboa)

Antolatzaileen hitzetan, erakusketa honek «gure egunerokotasuna astintzea» du ​helburu: «Palestinarrek arropak eskonbro artean utzi dituzten bitartean gureak erostera joaten garenean; palestinarrek kutsatutako ura edan behar dutenean ​guk poteak hartzen ditugunean; Gazan ez duten ​komunikazio tresnak kontratatzera joaten garenean; ​zauriek palestinarren gorputzak betirako markatzen ​dituztenean gure azalean tatuatzera joaten garenean… ​Finean, gure bizitzak bizi ditugun bitartean Israelek ​egunero hiltzen dituela ez ahazteko».

Gili Gili arropa denda, Izarkom telekomunikazio kooperatiba, Adaxka kultur elkartea, Ekoetxe elkartea, Antitaurina denda, Maldeojo optika, Kabbo haurrentzako denda, La Sinsorga kulturgune feminista, La Dotline tatuaje denda, Sorgin artisau denda eta Ardibeltz taberna izan dira ekimenean parte hartu duten establezimenduak. Hautsiak.eus webgunean ikus daitezke artelan guztiak.

‘Hautsiak’ erakusketa hilabetez egongo da gutxienez ikusgai Bilboko Zazpi kaleetan, baina baliteke Euskal Herriko beste kale batzuetan ere agertzea.