Jon Ormazabal

Mariezkurrenaren joak hautatzaile eta intendenteen jarduna baldintza dezakeela iradoki du Jakak

Lizartzarrak eta Berriozarrekoak ez dute gustura amaitu larunbateko partidara begirako material aukeraketan, topatu zituzten pilotei «zozoak» iritzita.

Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenaren iritziz, euren partidetan gainontzekoetan baino material bajuagoa egon da.
Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenaren iritziz, euren partidetan gainontzekoetan baino material bajuagoa egon da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Denbora luzez ekitaldi protokolario hutsak izan eta gero, azkenaldian biderkatzen ari dira pilotarien kexuak material aukeraketetan, eta Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena izan dira astearte honetan euren egonezina plazaratu dutenak, larunbateko Artola-Imazen aurkako partidarako pilota «zozoak» topatu dituztelako. Hori bai, gaur eta partida eguneko Labriteko baldintzak giro aldetik oso desberdinak izango direla jakinda –gaur hotz handia egiten zuen Iruñeko kantxan eta partida egunean goraino beteta egongo da–, lehiatzerako orduan biziagoak izango direnaren esperantza galdu gabe.

Dena dela, Lizartzako aurrelaria pausu bat aurrerago ere joan da eta bere bikote Jon Mariezkurrenaren ahalak materiala baldintza dezakeela iradoki du. «Ez naiz errua hautatzaile eta intendenteei botatzen ari, baina guri, txapelketa osoan zehar, gure partidetako pilotak besteetakoa baina zozoagoak iruditu zaizkigu». Jakak ez du uste eurei kalte egitera joan direnik, baina bai kontuan izaten dutela partida bakoitza nork jokatuko duen eta alde horretatik Mariezkurrena tartean egoteak bai sortzen duela halako zuhurtzia gaineratu bat eta horregatik pilota motelagoak jartzen dizkietela.

Artola, hobeto

Ez da bere enpresa kideekin bat etorri Ander Imaz eta saskian topatutakoak «frontoi honetarako egokiak» iruditu zaizkio oiartzuarrari, are gehiago, larunbatean partidaren orduan kantxan atzo baino gradu batzuk gehiago egongo direla jakinda. Lehiari dagokionean, orain arte egin duten txapelketagatik, «faborito garbitzat» jo ditu atzelari gipuzkoarrak, baina lanak ematera etorriko direla, are gehiago igandeko partida irabazita izan duten energia dosiagatik. Irabazteko aukerak izan nahi badituzte, partida gogortzea beharrezkotzat ikusten du eta horretarako aste honetan indarrak berreskuratzea izango da lehentasuna.

Igandekoarekin alderatuta, Iñaki Artolak beste aldarte bat erakutsi du gaur Labriten, hobera egin du nabarmen eta partida egunerako erabat osatua egotea espero du.

Arbizuren agurra

Bestalde, Aspek gaur eman du jakitera igandekoa Gasteizen Aaron Arbizu atzelari etxarriararen azken partida izango dela, bere kontratua ez luzatzea erabaki baitu Eibarko enpresak. Orain arte sakandarra B-serieko txapelketa jokatzen egon da, baina behin kanporatuta, lan harremana etetea erabaki du Aspek, dagoeneko nork ordezkatuko duen erabakita. Arkaitz Gabirondo gazteluarra izango da bere lekua beteko duena eta, ondo bidean, debuta martxoaren 24an egingo du, Tolosako Beotibarren.