NAIZ

Gipuzkoarren %6 pobrezia larrian dauden arren, egoera hobetu dela dio Foru Aldundiak

Gipuzkoako pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko laugarren inkestaren emaitzak aurkeztu ditu Foru Aldundiak. «Bilakaera oso positiboa» izan dela esan dute Maite Peña diputatuak eta Joseba Zalakain ikerketa zentroko zuzendariak. Hobekuntza ez da pobrezia larrian dauden lagunengana heldu, ordea.

Maite Peña diputatua eta Joseba Zalakain SIIS ikerketa zentroko zuzendaria, Gipuzkoako pobreziaren eta bazterkeria sozialaren laugarren inkestaren datuak aurkezten.
Maite Peña diputatua eta Joseba Zalakain SIIS ikerketa zentroko zuzendaria, Gipuzkoako pobreziaren eta bazterkeria sozialaren laugarren inkestaren datuak aurkezten. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Gipuzkoako pobreziari eta gizarte bazterkeriari buruz Foru Aldundiak eta SIIS ikerketa zentroak egin duten laugarren inkestan aztertutako adierazle nagusiek egoera hobetu dela erakusten dute. «Gero eta desberdintasun gutxiago dituen lurraldea gara. Datu itxaropentsuak eta, oro har, oso positiboak dira, baita eboluzioari dagokionez ere», azpimarratu du Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.

Hala ere, erantsi duenez, susperraldi ekonomikoa ez da iristen zailtasun handienak dituzten sektoreetara, eta pobrezia-egoerak kronifikatzeko arriskua ikusten dute. «Gizarte-bazterkeriaren, pobreziaren eta desberdintasunaren aurkako estrategia oso eta partekatu batean aurrera egin behar da», adierazi du. Izan ere, 42.200 gipuzkoar, biztanleriaren %5,9, pobrezia larrian daude oraindik, hilean 666 euro baino gutxiagorekin biziraunez.

Beste 102.300 pertsona, gipuzkoarren %14,4, pobrezia-arriskuan daude, 1.000 euro edo gutxiago jasotzen baitituzte hilabetean. Peñak baloratu duenez, ehuneko hori bi puntu jaitsi da 2018an aurreko inkesta egin zutenetik. Biztanleriaren %85,6 «ongizate-egoeran daude»; zifrarik handiena da 2012an galdeketa hau egiten hasi zirenetik.

Errenta-desberdintasunaren indizea: 23 puntu

Errenta-desberdintasuna neurtzen duen indizea, Gini izenekoa, 23 puntukoa da; lau puntu jaitsi da 2008tik. «Munduan desberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzen gaitu datu horrek», Peñak txalotu duenez.

Azaldu duenez, biztanleen %60 «erabateko integrazio-egoeran» daude; %24,9 «egoera eskasean»; %6,4 «bazterkeria egoera moderatuan»; eta %9,7 «bazterkeria egoera larrian».

Joseba Zalakain SIIS zentroko zuzendariak esplikatu duenez, 1.500 etxetan egin dute inkesta hau, behin covid-19aren krisia amaituta, hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren, inflazioaren eta prezioen igoeraren testuinguruan.

Esan duenez, inkestak islatzen duen emaitza nagusia pobreziaren eta desberdintasunaren tasen murrizketa da, pobrezia larriaren adierazlea izan ezik, hau mantendu egin baita. Ia adierazle subjektibo guztiak hobetu direla ere agertu du Zalakainek, hala nola hilabetearen amaierara iristeko gaitasuna eta gastuen murrizketa. Hala ere, beren burua pobretzat dutenen ehunekoa pixka bat igo da, «inflazioaren ondorioz ziurrenik».

Adinak, okupazioak eta jatorriak funtsezko faktorea izaten jarraitzen dute pobrezia arriskuari dagokionez. «Biztanle pobreen» artean haur, gazte, etorri berri eta emakumeek pisu handiagoa dute, baita hezkuntza maila eta enplegu okupazio txikiagoa duten pertsonek eta euskararen ezagutza eta erabilera maila txikiagoa dutenek ere.