«Pavelen atxiloketa gatazkei buruz informatzen ari diren kazetariei bideratutako oharpena da»

Oihana Goiriena, Gabirel Ezkurdia eta Asier Blas hizlariek EHUk eta Geopolitikaz ikerketa taldeak antolatutako mahai-inguru batean aztertu dute Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketa eta bi urte geroago oraindik Poloniako kartzelan jarraitzearen zergatia.

Gabirel Ezkurdia, Oihana Goiriena eta Asier Blas.
Gabirel Ezkurdia, Oihana Goiriena eta Asier Blas. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Pablo Gonzalez kazetaria 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerraren ondorioei buruz informatzen ari zela. Espetxealdiaren hasiera-hasieratik ezin izan du harreman normalizaturik izan bere abokatu Gonzalo Boyerekin, ezta bere senideekin ere. Joan den azaroan, Poloniako Justiziak beste hiru hilabetez luzatu zuen Gonzalezen presoaldi prebentiboa. Zortzigarren luzapena izan zen.

Atxiloketa horretatik bi urte betetzen honetan, ‘Bi urteko oinarrizko eskubideen urraketa EBn’ lemapeko mahai-ingurua antolatu dute EHUk eta Geopeopolitikaz ikerketa taldea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditorioan. Bertan, Oihana Goiriena (Gonzalezen bikotekidea), Gabirel Ezkurdia (Geopolitikazeko kidea) eta Asier Blasek (EHUko irakaslea eta Pabloren tesi zuzendaria) hiru ikuspegitik heldu diote gaiari: nor den Pablo maila pertsonalean, zein den bere egungo egoera, eta zein diren preso egoteko benetako arrazoiak.

«Bere atxiloketaren harira hedabideek berari buruz esandakoaz haratago, nor da Pablo?», bota du Blasek hitzartzearekin hasteko. Moskun jaio zen 1982an, Pavel Alekseevich Rubtsov izenarekin. 9 urte zituela, amarekin espainiar Estatura joan zen bizitzera, eta Pablo González Yagüe gisa erregistratu zen. Bilbon urtebete eman ondoren, Bartzelonara joan zen, eta han eman zuen nerabezaroa. Katalunian Eslaviar Filologia ikasi zuen, eta ondoren Euskal Herrira itzuli zen, non Oihana ezagutu eta berarekin hiru seme-alaba izan zituen. Ikasketak EHUn jarraitu zituen eta 2021ean Politika Zientzien Fakultatean doktoretza hasi zuen bere tesia eskuin muturraren gorakadan zentratuz, batez ere Georgian. Horrez gain, 10 urte baino gehiago eman ditu Sobietar Batasuneko errepublika zaharretako herrialdeetan bizi diren gatazkekin lotutako albisteen berri ematen, komunikabide askorekin kolaboratuz, tartean NAIZekin.

«Gatazka bati buruz informatzerakoan ez zen azalekoaz konformatzen, gaiak sakon aztertzen ahalegintzen zen, informazio iturri guztietatik edaten eta testuinguru zabala landuz»

«Oso pertsona soziala da, Euskal Herrira etorri bezain laster lagunak egin zituen. Jakin-min handia du, denari buruz galdetzen du eta auzien sakon-sakonera arte heltzea gustatzen zaio. Profesionalki, atzerrira joaten zenean herrialde baten egoera politikoaren berri ematera, ez zen azalekoaz konformatzen, gaiak sakon aztertzen ahalegintzen zen, informazio iturri guztietatik edaten eta gertakizunen testuinguru zabala landuz», esan du Goirienak Paveli buruz. Izan ere, horrela deitzea nahiago du, «bera oso arro dagoelako errusiar jatorriaz eta ez du inoiz ezkutatu».

Ideia bera nabarmendu du Ezkurdiak, Pavelek askotariko jendearekin harremanak izateko «gaitasun handia» zuela azpimarratuz. «Egiten duenarekin konpromiso handia duen pertsona da, eta hainbat urtez gatazka geopolitikoei buruzko nazioarteko konferentzia askotan parte hartu du», gaineratu du.

«Pavel turko-buru bat da, kazetariak zenbait kontakizun kontrastatu ditzaketen interesguneetatik urrun edukitzeko»

Hain zuzen ere, gatazken arrazoien muinera joateko eta ikuspegi osoagoa ematen saiatzeko konpromiso hori dela eta espetxeratu egin zutela uste dute hiru hizlariek. «Pavel turko-buru bat da, gerra-giro honetan kazetariak interes-fokuetatik eta zenbait kontakizun kontrastatu ditzaketen interesguneetatik urrun edukitzeko», baieztatu du Ezkurdiak. «Gatazka horri buruzko informazioa ematen ari diren kazetariei oharpen bat emateko balio izan du bere atxilotzeak», gehitu du Blasek.

Horren froga gisa, gogorarazi dute atxilotu eta bi urtera bere defentsak ez dakiela zehazki zer leporatzen dioten, ezta bere aurka ustez dauden frogak zein diren ere. «Atxilotu zutenean, Poloniako Poliziak adierazi zuen oso gauza larriak leporatzen zizkiotela eta espioi errusiarra zela egiaztatzen zuten frogak zutela. Baina, bi urte geroago, ez dute froga bat ere ez aurkeztu, eta Pavelen bizitza ikertzen jarraitzen dute», azaldu du Goirienak.

Izan ere, epaiketa hasteko data noiz jarriko duten zain jarraitzen dute Pavel eta bere defentsak. «Dagoeneko, Poloniako justiziak zortzi aldiz luzatu du atxiloketa, eta beste urte askotan luza dezake, herrialde honetan ez baitago mugarik behin-behineko espetxealdirako. Horren beldur gara, fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatu duelako eta urte horiek bete arte behin-behineko espetxealdian egon daitekeelako. Zortzi urte preso daramatzan pertsona baten kasua ezagutzen dugu», gehitu du emazteak.

«Geopolitika erdian dagoenean, demokrazia, giza eskubideak eta adierazpen askatasuna lurrundu egiten dira»

Ildo horretan, hizlariak oso kritiko agertu dira euskal eta espainiar instituzioak izaten ari diren jarrerarekin eta salatu dute ez direla «ezer egiten ari» Pavelen eskubideak bermatzeko: «Borondate-politiko falta dago kasu honi behar bezala heltzeko».

Izan ere, Pavel geopolitikaren biktima izaten ari dela azpimarratu du Blasek. «Geopolitika erdian dagoenean, demokrazia, giza eskubideak eta adierazpen askatasuna lurrundu egiten dira. Pavel Ipar Korean, Kuban, Venezuelan edo Iranen atxilotu izan balute, komunikabideak eta gobernuak askoz gehiago inplikatuko lirateke. Baina, kasu honetan, ez da hainbeste hitz egiten Pavel Polonian espia errusiarra izatea egotzita atxilotu zutelako», argudiatu du EHU irakasleak.

Ezkurdiak ere ildo beretik jo du, eta adibide gisa jarri ditu Mendebaldeko herrien inplikazio handiagoa izan duten presoen beste kasu batzuk, hala nola Navalni Errusian, edo Pablo Ibarren kasua AEBetan, non Lakuako Gobernuak berak parte hartu baitzuen haren defentsan.

Pavelen antzeko beste kasu bat ere aipatu dute. Evan Gershkovichen kasua da, Errusiak 2023ko martxoan espioitza leporatuta atxilotu zuen kazetari estatubatuarra. «Kasu honetan, Europar Batasuneko herrialde guztiek, Espainiak barne, bat egin zuten deklarazio batekin, berehala espetxetik ateratzeko eskatuz; aldiz, Espainiak ez du inoiz horrelakorik eskatu Pavelentzat», gogoratu du Goirienak.

Horregatik, euskal herritarrei Pavelen giza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko mobilizatzen jarraitzeko deia egin diete. «Adierazpen askatasuna eta giza eskubideak bortxatzen direnean, eta hau gure inguruko batek sufritzen duenean, salatu egin behar da», adierazi du Blasek.

 

Manifestazioa Gernikan

Asteazken iluntze honetan, gainera, manifestazioa egin dute Gernikan Pablo Gonzalezen «gatibutza» salatzeko eta bere senide eta gertukoei elkartasun eta babesa adierazteko.

Haren «berehalako» askatasuna exijitzearekin batera, kazetari honekin jazotakoa «prentsa askatasunaren aurkako erasoa» dela gaitzetsi dute.

Era berean, «kritika zorrotza» egin diete Europar Batasunari eta espainiar Gobernuari, erakusten ari diren «utzikeriagatik», Poloniari «ahalbideratzen» diotelako «Oinarrizko Eskubideen Karta ez betetzea, nahiz eta dokumentu hori loteslea izan» EBko herrialde guztientzat.