Arnaitz Gorriti

Howard txalo zaparradaz agurtu zuten Kanaria Handiaren kantxa zapaldu zuen azken aldian

2022ko abenduaren 11an, Saski Baskonia 68-96 nagusitu zen, Markus Howardek 34 puntu, tartean 9 hiruko, saskiratu ondoren. Gasteiztarrak uneotan ACB Ligako play-offetako postuetatik kanpo daude, baina laugarren lekuan doan Kanaria handiak baino bi garaipen gutxiago baino ez ditu.

Markus Howardek badaki Kanaria Handiaren aurka erakustaldiak ematen.
Markus Howardek badaki Kanaria Handiaren aurka erakustaldiak ematen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aspaldi esan zuen Dusko Ivanovicek «nostalgia eta itxaropena direla hiltzailerik ankerrenak, unean unekoa bizitzea eragozten dutelako». Alabaina, Saski Baskoniaren historian Kanaria Handiaren kantxara egindako azken bisita aintzat hartzekoa da. Gogoratzeko modukoa eta behin eta berriz gogoratzeko modukoa. 2022ko abenduaren 11a zen, arabarren «abendu magiko» haren bihotzean, eta inork gogoratzekotan Markus Howardek nahitaez gogoan izan behar du.

Gran Canaria Arena pabiloiak zutik eta txaloka agurtu zuen Saski Baskoniako eskolta, honeke bere bederatzigarren hirukoa sartu zuenean hasitako omenaldiari jarraipena emanez. Orotara 34 puntu sartu zituen New Jerseyko eskolta txikiak, 12 hiruko ahaleginetik 9 saski barruan laga zituen, tartean 6,75 metroko marra oso urruti lagatzen zuten hainbat jaurtiketa.

Ez zen Markus Howarden aurreneko erakustaldia izan orduko hura, baina bai agian denboraldiko txundigarriena. Bi egun lehenago ez zen batere fin aritu Bayern Munichen aurka, eta 5 puntu eskasekin agurtu zuen partida, nahiz eta gasteiztarrek bere aztikeriak falta ez bota, 78-53 irabazi baitzuten.

Baina bere buruarekin ernegaturik kantxaratu zen Kanaria Handiaren aurka, nonbait, Markus Howard eskolta txikia. Gasteiztarrek ordurako fama txarra zuten etxetik kanpo irabazi ezinik zebiltzala eta aurkari «ahulagoen» aurrean behar baino gehiago sufritzen zutela.

Egia da Howard gabe ere oro har arabarrek partida hankapean erabili zutela. Akordatzerako 5-13 ari ziren irabazten Joan Peñarroyarenak eta aurreneko laurdena 9-20 amaitu zen. Nolanahi, ikuskizuna artean hasi gabe zegoen. 15-28kora arte partidan ganoraz sartzeke zegoen, baina behin neurketan murgildu zenean, Gran Canaria Arenan bilduriko taldekide, aurkari, ikusle, epaile, kazetari... guztiak zipriztindu zituen.

Partida 28-53 iritsi zen atsedenaldira; hau da 13-25eko partzial bat lortu zuela Baskoniak; bada, 25 puntu horietatik 21 Markus Howardek sartu zituen. Egia da gasteiztarren defentsak, neurri handi baten Pierria Henry eta Rokas Giedraitisen lanari esker, Kanaria Handia erabat lotu zuela, eta kontraeraso zein trantsizio azkarrek Jaka Lakovicenak airean zebiltzala. Baina kanariarrek behar bezala defenditzen zuten apurretan ere Markus Howarden inspirazioa ezin inola ere geratu.

Historikoen pare

Saski Baskoniarekin partida bakarrean bederatzi hiruko sartzeko gai izan diren bakarrak Stombergas eta Teletovic izan dira –hauek biek Euroligan egin zuten balentria hau, ez ACB Ligan–, eta Markus Howard izan zen izen historiko horien pare jartzea lortu zuen hirugarrena.

Atsedenaldiaren ostean Howardek inspirazioa galduta jokatuko zuelakoan inor izan bazen, berehala erakutsi zuen honek inspirazioak lanean harrapatu zuela, Picassok eskatzen omen zuen moduan. Baskoniak 4-14ko partziala eskuratu zuen hirugarren laurdena hasi eta segidan, eta Howardek erakutsi zuen hiruko jaurtitzaile zitala izateaz gain, erasoan errekurtso askoz gehiago badituela.

Partida erabakita zegoen aspalditik horrek tentsioa galtzera eta kale gehiago egitera eraman zituzten Joan Peñarroyaren mutilak. Howard izan ezik. Orotara 22 minutu eta erdi baino ez zituen jokatu eta denbora tarte mugatu horretan, esan bezala, 12tik 9 hiruko gauzatu zituen eta 34 punturekin amaitu zuen, Gran Canaria Arena pabiloiko ikusleak zutik eta txaloka zebiltzan bitartean, arerioaren maila apartaren aurrean miretsita.

Hain hurbil eta hain urruti

Paralelismoa beteko balitz! Ostiralean Fenerbahçeren aurka ezin izan zuen Markus Howardek bere mailarik erakutsi: orotara zortzi minutu eta erdi jokatu zituen eta lau pertsonal adierazi zizkioten tarte labur horretan. Ondorioz, lau puntu baino ezin izan zituen sartu. Alegia, 2022ko abenduaren 9an Bayern Munichen aurkako partida txarra errepikatu badu Howardek, zergatik ez igande arratsaldeko 18.30etan 2022ko abenduaren 11koa?

Ederki letorkio garaipena talde gasteiztarrari, egia esan. Euroligan hainbestean badabil, ACB Ligan nahi baino gehiagotan egin du kale. Kopan jokatu ezinik geratzea izan zen nahikoa hanka-sartze, eta hargatik hobe ahal bait arinen ACB Ligako zortzi onenen artean murgilduko balitz. Uneotan bederatzigarren postuan daude Dusko Ivanovicenak, 12-10 balantzearekin.

Egia da alde batetik hamargarren doan Manresarekin berdinduta hasiko duela jardunaldia, baina era berean, askoz aurrerago dauden zenbait talde ere, garaipen kopuruari dagokionez, hurbil daudela. Hala, Kanaria Handia da laugarren sailkatua, 14 garaipenekin; UCAM Murtzia, Lenovo Tenerife, Valentzia Basket eta Joventut berriz, 13 garaipenekin daude, aurreneko zortzi postuak betetzen dituztelarik.

Hau da, oraindik zertan larriturik ez dauka Saski Baskoniak, baina Kanaria Handiaren aurka hobe kalerik ez egin. Gogoan izan behar da, bestalde, Dusko Ivanovic iritsi berritan, Kanaria Handiak Buesa Arenan irabazi egin zuela pasa den azaro hasieran. Ondorioz, esan gabe doa Jaka Lakovic entrenatzaile esloveniarraren mutilek Baskoniari irabaziko baliote, hiru garaipenetako aldea ez ezik, puntu aldea ere bere egingo luketela eta horrek etxeko lanak geroko ez uztera behartzen du Dusko Ivanovicen taldea. Izan ere, igandeko partida aurrera ateratzeko maila nahikoa eta gehiago dauka, baina maila hori erakutsi ezean, behar baino gehiago okertu liteke denboraldia.