NAIZ

Andy Criere eta Joan Duruk ere Olinpiar Jokoetarako txartela lortu dute

Euskal surflarien ordezkaritza zabala egongo da Tahitin, Olinpiar Jokoetako surf txapelketako egoitzan. Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarriz gain, gizonezkoetan ere bi euskaldun izango dira: Andy Criere eta Joan Duru.

Andy Criere, Olinpiar Jokoetarako txartelarekin.
Andy Criere, Olinpiar Jokoetarako txartelarekin. (@BATBASQUETEAM)

Puerton Ricon jokatzen ari den Munduko txapelketatik albiste onak iritsi eta iritsi ari dira. Ostiralean, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarrik Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu zutela jakin genuen eta bart, Andy Criere eta Joan Duru ere hitzordu olinpikoan izango direla berretsi zen.

Puerto Ricon lehiatu den Munduko txapelketan beraz, euskal surflarien artean irribarrea nagusi izan da azken jardunaldira arte. Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeaz gain, finalean ere lehiatu baitira Nadia Erostarbe eta Joan Duru. Finalean, biak ala biak, laugarren postuan bukatu zuten, arerioengatik urrats bat atzerago baina izen handien artean euren lekua irabazita.

Zarauztarraren kasuan, txapelketa bikaina egin du, merezimendu osoz lotu baitzuen finalerako txartela. Bosgarren eta seigarren errondan bigarren eginda iritsi zen lau onenen arteko lehiara eta azkenean, laugarren postuan bukatu zuen (9.57). Emakumezkoetan, Sally Fitzgibbons australiarrak irabazi zuen (13.10), Tatian Weston Webb brasildarra (12.24)eta Johanne Defay frantsesaren (12.00) aurretik.

Historia eginez

Aurtengoa, surfaren bigarren hitzordu olinpikoa da. Tokion estreinatu zen eta bertan egin zuen debuta Pauline Ado hendaiarrak, Olinpiar Jokoetan lehiatzen zen lehen euskal surflaria bilakatuz. Erostarbe eta Gonzalez-Etxebarrik aurten lortu dute balentria, hein handi batean historia ere eginez: lehendabiziko surflari gipuzkoarrak izango baitira.

Hala, Andy Criere eta Joan Dururen kasuan, gizonezkoetan, lehen euskal surflari olinpikoak bilakatuko dira Tahitin, uztailaren 27an abiatuko den txapelketan. Iaz, Aritz Aranburu egon zen sailkatzeko borrokan baina azkenean ezin izan zuen helburua lortu.

Donostian jaio baina Hendaian bizi den surflariak errepeskako 9. kanporaketan aurrera egiteari esker lortu zuen helburua, oraindik kuotarik gabe jarraitzen zuten lehiaketako sei gizon onenen artean kokatzea lortu baitzion; horrek, hain zuzen ere, plaza olinpikoa ziurtatzea ekarri dio.

Taldekideen «¡Andy, Andy!» oihuekin, Fernando Aguerre ISAko (International Surfing Association) presidentearen eskutik jaso zuen Crierek Paris 2024rako kuota ziurtatzen zuen txartela, Arecifeko hondartzan bertan. «Ezin dut sinetsi. Egia bihurtutako ametsa da. Jende askok lagundu dit nagoen lekura iristen. Erronka berri bat dugu elkarrekin prestatzeko», adierazi zuen. Finean, lau euskal surflari izango direla Tahitin.