Jon Ormazabal

Ander Imaz: «18 aste daramatzat Iñakirekin eta motza egin zait»

Larunbatean Labriten ariko diren bi bikoteek euren denbora hartu dute partida horretarako pilotak aukeratzen baina gustura amaitu dute aurkitutakoarekin.

Ander Imazek badaki lan zailak izango dituela Zabaletari eusten.
Ander Imazek badaki lan zailak izango dituela Zabaletari eusten. (Jon URBE/FOKU)

Txapelketan muturreko egoerak bizi behar izan badituzte ere, play offeko azken partidan hanka bat Binakakotik kanpo izatetik finala urrats bakarrera izatera pasa dira aste baten buruan, Iñaki Artola eta Ander Imaz asko ari dira gozatzen urteko lehiaketarik luzeenean eta orain arte osatutako ibilbide polit horri jarraipena eman nahi liokete. Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian lortutako emaitzaren ostean, larunbatean Labriten Peio Etxeberria-Zabaletari irabazteko gai badira, matematikoki agian ez, baina finaletik bertan egongo lirateke eta hori da oraintxe, bikote gizpukoarrak begi artean duen erronka.

«Finalera heldu edo ez, egiten ari garen Binakakoarekin harro egon behar dugu, lehiakorrak izan gaitezkeela erakutsi dugu, oso bikote ona izan gaitezkeela eta ilusio handia egingo lidake Iñakirekin finalera heltzea, umetatik oso lagunak garelako eta harreman oso berezia dugulako. Gainera, niretzat hirugarren finala litzateke jarraian eta nik uste Iñakik ere merezi duela final bat jokatzea, izan duen zorte txarrarekin. 18 aste daramatzagu elkarrekin eta oso motza egin zait eta hori oso seinale ona da, gauzak ondo egiten ari garela esan nahi du», azaldu du oiartzuarrak.

Esne mamitan dira Artola eta Imaz aurreko astean Jaka-Mariezkurrena faboritoei nagusitasunez gailenduta, baina alegiarrak ez du euforiak gain hartzerik nahi. «Guk, behintzat, finala urruti ikusten dugu, mentalizatu gara beste puntu bat ez zaigula zerutik eroriko, lortzekotan lana berriz ere beltz eginda lortu beharko dugula eta asmo horretan etorriko gara larunbatean».

Agindu beharra

Aurrelari gipuzkoarrak argi du parean oso bikote zaila izango duela, normalean Zabaletak atzean aginduko duela, baina beharrezkoa ikusten du tarteka partidaren agintea eurek ere izatea. «Badakigu eurek asko joko dutela eta asko defendatu beharko dugula, baina behintzat ea guk ere intentsitatea sartzen diegun tantoei eta agintzea ere badugun, ze defentsan bakarrik ez dugu irabaziko», azaldu du.

Egoera antzeko xamarra da Peio Etxeberria eta Zabaletarena ere, Altuna-Martijari ondo irabazita, larunbateko balizko garaipen batek parez-pare irekiko lizkieke eta finalerako ateak. Emaitzaz harago, Ogetako partidak oso sentsazio onak utzi zizkien. «Nik uste Peiok Gasteizen egin zuen partida txapelketako onena izan zela eta bide horretatik jarraitu behar dugu, akats gutxi egin eta erasoan min eginez. Defentsan ere lan izugarria egin zuen eta atzelari batentzat, gozatu gabeko pilotakadetan aurkako aurrelariari aukerako pilotak utzi arren, defentsan berme osoko aurrelari bat izateak asko balio du».

Aurreko astean Labriten materialarekin kexa batzuk izan baziren ere, gaurkoan bi bikoteek aukeratzen denbora dezente hartu duten arren, denek gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin.