Habanako Unibertsitateko abesbatzak Xabier Leteren ‘Habanera’ euskaraz kantatu, eta dei egin die euskal koruei, elkarrekin euskal kantu gehiago abesteko. Kubako hiriburutik iritsi zen albiste hori argitaratu eta biharamunean, bertze habanera bat aditu zen Donostian, Gazakoa.
Doinu eta hizkuntza bera, oraingoan Euskal Herriaren hurbileko bertze herri batekin lotura eginez, Palestinarekin. Habanako ikasleen ahotsa irakurleen belarrietara iristeko bitarteko izan ginen, eta irakurleetako batek eman digu ‘Gazako habanera bat’ kantuaren berri, kubatarren ekimenarekin erlazionatuz.
Kontatu digunez, otsailaren 25ean, Euskal Herrian Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) kanpaina bultzatzen duten eragileek mobilizazio egun bilakatu zuten igande hartan, kantatu zuten habanera hura Donostian 400-500 lagunek.
‘Konplizitaterik ez, Israeli boikota!’ leloa lau haizetara zabalduz, manifestazioa egin zen Gipuzkoako hiriburuan, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen bezala, eta martxaren amaieran abestu zituzten honako bertsoak. Bideoa BDZk bidali digu:
«Gazako tb-irudiak
a ze bihotzeko pilpira
Munchen oihu lazgarria
geronen tripen erdira
Israelgo armada harroa
dena txikitzen ari da
berdin etxe, ospitale,
ta haur-eskola berdin da,
berdin zahar, gazte, ume,
"denak piztiak baitira",
azken finez Gaza osoa
bereganatzen a(r)i dira;
ezin, amerikanoen
semeorde ez balira
eta Europa ez balego
beste aldera begira
Herio txoriak ziur
utzi du bere hangarra
burmuinean daramala
supremazismoaren harra
Gaza, Jabalia Jenin...
han jaurti du bonbatzarra
lurrazpian gizakia,
hanka, beso, soinadarra,
horren merke saltzen baita
bizitza palestinarra...
baina gu gera jendea,
bere esperantza bakarra,
ta dugu gure burua
madarikatu beharra
bakar uzten baditugu
Gaza eta gazatarra».
Bertsoak Joserra Belokirenak dira. Azaldu digunez, Gabon Zaharrean ohitura dute 30 bat lagunek Donostiako Parte Zaharrean elkartu eta urtea kantuz agurtzekoa. «Aurten, Palestinaren kontua zela-eta zalantza ibili zen kantuan egin ala ez». Baina, azkenean, Palestinaren bandera bat paretan ipini, ohiko abestietan erreferentziatxo bat Palestinaren egoerari egin, eta propio prestatutako bertsoak hantxe kantatu zituzten lehen aldiz.