NAIZ
Iruñea

Etxeko langileei etxez etxeko laguntza zerbitzuko hitzarmena aplikatzeko eskatu du ELAk

Etxeko langileen egoera aukeratu du ELA sindikatuak martxoaren 8rako aldarrikapen nagusi gisa. Lakuako eta Nafarroako gobernuei eskatu die kolektibo horri etxez etxeko laguntza zerbitzuko eta garbikuntzako hitzarmenak aplikatzeko.

Saioa Urriza eta Silvia Guillen ELAko ordezkariak, Iruñeko agerraldian.
Saioa Urriza eta Silvia Guillen ELAko ordezkariak, Iruñeko agerraldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

ELAk agerraldia egin du Iruñean eta Bilbon Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi eta aldarrikapenen berri emateko. «Etxea lantokia denean; Convenio para todas. Ekiparazioa» leloa hautatu du aurten, etxeko langileen egoera ardatz hartuta.

Agerraldi horietan azaldu dutenez, sindikatuaren aldarrikapen nagusia etxeko langileei antzeko beste sektore batzuetako hitzarmen kolektiboa aplikatzea da, hala nola etxez etxeko zerbitzua edo garbikuntza sektorekoa. Horretarako, Lakuako Gobernuko eta Nafarroako Gobernuko Lan Sailean erregistratu du Langileen Estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko eskaera.

Artikulu horren babesean, indarrean dagoen hitzarmen kolektibo bat etxeko langileei zabaltzea eskatzen da, «eremu horretan ezin delako hitzarmen kolektibo bat sinatu, horretarako legitimazioa duen alderdirik ez dagoelako». Hortaz, ELAk Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuaren hitzarmena eskatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeko langileentzat, eta Nafarroako langileentzat Nafarroako garbikuntzaren hitzarmena.

Sindikatuko ordezkariek jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herrian, 35.000 etxeko langile inguru daude. Ohartarazi dutenez, sektore «oso prekarioa da, arrazoi askorengatik; tradizioz gizarteak gutxi baloratzen dituen lanak dira, eta emakumeek doan egin ohi dituzte. Askotan emakume migratuek egiten dituzten lanak dira, beste lan aukerarik ez dutenak».

ELAren arabera, «hori gertatzen da zaintza sistema publiko eta unibertsalik ez dagoelako, eta, azkenik, etxeko enpleguan sindikatua antolatzea ia ezinezkoa delako, langileek ez baitute modurik euren baldintzak modu kolektiboan negoziatzeko».

Nabarmendu dutenez, Nafarroako eta EAEko udalek, aldundiek eta gobernuek «kolektibo horren gaineko erantzukizuna dute, bertara jotzen baita mendekotasuna duten pertsonen beharrak estaltzeko sistema publikorik ez dagoelako».

Hori dela eta, uste du «unea dela administrazioek erantzukizuna beren gain hartzeko eta kolektibo horrek lan baldintzetarako estaldura lortzeko legezko aukerari bide emateko, indarrean dauden sektoreko hitzarmenak aplikatuz».