NAIZ

«Suizidio baten atzean 25 eta 50 saiakera artean daude; segurtasun faltsua dugu»

EHUk argitaratutako ikerketa baten arabera, harrera zentroetan dauden nerabeetako laurden batek bere buruaz beste egiten saiatzen da. Lan horretan parte hartu duen ikertzaileetako bat Alexander Muela da, Psikologian doktorea.

Gazte batzuk Irungo harrera zentroan.
Gazte batzuk Irungo harrera zentroan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Alexander Muela EHUko ikerlaria eta Psikologian doktoreak Naiz Irratian azaldu duenez, suizidio baten aurretik 25 eta 50 saiakera artean daude, desberdina delako suizidio jokabidea eta suizidioaren ondorioz hiltzea. Horregatik ez dago Euskal Herrian, ezta Estatu espainolean ere, suizidioaren aurreko prebentzio planik, heriotzak gutxi direlako. Eta orduan «segurtasun oso faltsua daukagu». Zentroetan lan egiten duten profesionalek gazteekin gaiari nola heldu ez dakitela deitoratu zuen.

Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako adingabeentzako harrera zentroetan dauden nerabeetan ardaztutako ikerketa bat dela medio izan da Alexander Muela Naiz Irratian. Joan den astean argitara eman zen lan honen arabera, elkarrizketatu zituzten 25 zentroetako 185 nerabetatik %26,5 bere buruaz beste egiten saiatu da noizbait.

Ikerlariak azaldu duenez, egoera zaurgarrian dauden pertsonetan eta giza taldeetan suizidioa eta jokabide suizida «askoz ere eraginkorragoa da» edo gehiago ematen da, probabilitate handiagoa dagoelako. Nerabeen eta zentro hauetan dauden nerabeen kasuan, gainera, autolesioa ere gertatzen da.

Ikerketa prozesuari buruz, Muelak azpimarratu du argitzea garrantzitsua dela, uste duelako gazteei ez zaie galdetzen zentroan egon diren denboran suizidio saiakerarik egin ote duten, baizik eta historian noizbait egin ote duten.

Ikerlanaren arabera, inoiz saiatu diren nerabeen artean erdiak uste du ezin duela inorengana jo laguntza eske. Muelak dioenez, ez da ez dutela inorengana jotzen, baizik eta ez dutela espero laguntza horrek benetan mesede egingo dienik. Orduan, antzeko egoeran dauden beste gazte zaurgarriengana jotzen dute laguntza eske, «jokabide desegokia», Alexander Muelaren arabera. «Hasieran sostengua sentituko duzu, baina gerora begira kontrako joera izaten da», azaldu du.

Norengana jo

Autolesioak egiten dituen gazte batek, adibidez, egiten ez dituen batengana jotzen badu, «litekeena da ikaskuntza soziala ematea, kutsadura bat» eta egiten ez zuena egiten hasteko aukera dago, ohartarazi du Psikologian doktoreak.

«Aldatu behar da, oro har gizartean, norekin bilatzen dugu laguntza, eta hori eskolan ere landu egin behar da. Askotan esaten dugun bezala, suizidio jokabidea antzematen denean baliabideak jartzen baditugu, berandu goaz, prebentzio unibertsala egin behar delako».

«Gainera, suizidioa bizitzarekin lotuta dago erabat, jendeak pentsatzen du heriotzarekin bakarrik lotuta dagoela. Hortaz, non sartu behar dugu bizitzaren zaintza? Eskoletan», adierazi du psikologoak.