EH Bilduren Mahai Politikoak Eba Blancoren eta Nerea Kortajarenaren hautagaitzak proposatzea erabaki du astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarreko presidente eta talde parlamentarioaren bozeramaile izan daitezen, hurrenez hurren. Lehen aldia da EH Bilduk hautagaitza horiek aurkezten dituena, eta datozen ostiralean eta larunbatean bilkideek bozkatzeko eta berresteko aukera izango dute.
Eba Blanco (Amurrio, 1973), Gasteizko Legebiltzarreko lehendakarigaia izango litzatekeena, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia da eta 2012az geroztik EH Bilduko legebiltzarkidea izan da, gizarte politiketan eta osasun arloan bozeramaile. 2016az geroztik EH Bildu ordezkatu du Legebiltzarreko Mahaian, presidenteorde bezala. Kazetaria da ikasketaz eta itzultzailea lanbidez, zinema eta telebista bikoizketaren esparruan.
Bestetik, Mahai Politikoak Nerea Kortajarena (Donostia, 1974) talde parlamentarioaren bozeramailea izan dadila proposatu du. Kortajarena, apirilaren 21eko hauteskundeetan Gipuzkoako zerrenda-burua izango dena, legebiltzarkidea da 2016. urtetik eta bozeramaile kargua hartu zuen Legebiltzarrean Maddalen Iriartek Gipuzkoako Foru Aldundirako hauteskundeak irabazteko erreleboa eman zionean.
Talde parlamentarioaren koordinatzaile politikoa izan da Kortajarena eta, Blanco bezala, EH Bilduren Mahai Politikoko kidea ere bada. Gizarte langilea da lanbidez eta ibilbide profesional luzea egin du gizarte zerbitzuen arloan. Azken urteetan, EH Bildun duen erantzukizun politikotik, zaintza lanen eta Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren beharrezko eraldaketaren inguruan aritu da bereziki.