Igandean Bilboko partida amaitu zuen modua ikusita, inor ez du ezustean hartu, baina Baikok gaur bertan baieztatu du Jon Mariezkurrenak uko egin diola larunbat honetan Labriten jokatu beharreko partidari, eskuin eskua izorratuta duelako.Aurrekoetan bezala, enpresak Iosu Eskiroz iragarri du bere zuloa estaltzeko. Berez, Ezkabarte-Makirriaingoak B-serieko partida zuen Laudion, baina Larrazabalekin batera finalerako txartela poltsikoan dutenez, Salaverri arituko da bigarren mailakoan De la Fuente eta Bikuñaren aurka.
Bizkaia Pilotalekuko partidaren amaieran jakin izan genuenez, aurreko jardunaldian, Artola-Imazen aurka Iruñean bertan jokatutako partidan hasi zitzaion eskuko mina, baina ostegunean entrenamendu on bat egin zuenez, igandean kantxara irten bai, baina lehen tantoetan pilota bat sartu zitzaion eskuin esku horretan eta Altuna-Martijaren aurkako lehia gurutzebide bat izan zen atzelari nafarrarentzat. Ez da lehen aldia Baikoko atzelariak Binakakoan eskuko arazoak izan dituena eta aurten ligaxkako azken partidetan esku hori zaintzeko zenbait partida jokatzeari uko egin zion arren, azkenean unerik desegokienean berragertu zaizkio.
Bigarren aldiz
Sailkapenerako inolako garrantzirik gabe, larunbaterako sarrera aspaldi erosia zuten zaleentzat –sarrerak duela aste pare bat agortu ziren– bazen pizgarri bat, nahiz eta jokoan ezer askorik gabeko partida izan, egungo bi atzelari jotzailerik handienak parez pare ikustea, baina beste behin ezinezkoa izango da, 11. jardunaldian gertatu bezala, Mariezkurrenak ezin izango duelako jokatu. Orduko hartan ere, Labriten bertan jokatutako partidan, Iosu Eskirozek jokatu zuen Jakarekin eta Baikokoak 22-10 nagusitu ziren. Lehen itzulian, lau titularrek jokatutako partidan, honako hau ere Iruñean, garaipena Aspeko nafarrentzat izan zen, bosgarren jardunaldian, 22-20ko emaitzaz.