NAIZ

Euskara inklusio hizkuntza bezala aldarrikatu du Sortzenek aurrematrikularen atarian

Sortzenek ‘Euskara ON! Euskara piztu’ kanpaina abiarazi du, Nafarroako migratzaileen artean euskararen inklusioa sustatzeko, eskola aurrematrikulan aukera integratzaile gisa duen garrantzia azpimarratuz.

Sortzen euskarazko eskolen aldeko elkarteak ‘Euskara ON! Euskara piztu!’ kanpaina abiarazi du, Nafarroako datorren ikasturterako aurrematrikula prozesuaren atarian, euskara migratzaileentzako inklusio aukera gisa aldarrikatzeko.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroan aurrematrikulazio epea martxoaren 18tik 22ra izango dela iragarri zuen, eta Sortzenek mezu bat helarazi die herrialdeko gizarte osoari eta, bereziki, jatorri migratuko familiei, euskara aukera integratzaile gisa erakusteko.

«Euskal Herriko gizartea anitza da, jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonez osatua dago. Jatorri migratua duten pertsonei eskatzen zaien integrazioa ez da bakarrik haien ardura, guztion ardura baizik. Funtsezkoa da harrera egokia egitea, kulturartekotasuna landuz, elkarrekin aberastuz», adierazi du elkarteak prentsa ohar batean.

«Errealitatea oso bestelakoa da, sarri askotan oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen D eredura bidean, izan ere, A eta G eredura bideratzen dira beraien haurrak beste aukerarik eman gabe. Bide horrek inklusioa bultzatu ordez diskriminazioa eta segregazioa areagotzen duela uste dugu eta umetatik etorkizuneko aukerak murrizten zaizkie», nabarmendu du Sortzenek.

Aurten Sortzen elkarteak eta NIZEk elkarlanean jatorri migratua duten familiei «eskua luzatu» eta elkarrekin urrats bat egin nahi dute: «Euskarara hurbildu eta gure komunitatearen parte sentitzea nahi dugu».

«Jatorri migratuko familia asko eleanitzak dira, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute eta ziurrenik hizkuntza gutxituak dira kasu batzuetan. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, gainera, Nafarroako herritarroi oraindik ere hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Eskolak garrantzi handia hartzen du euskararen normalizazio eta berreskurapen prozesuan, eskolak euskara modu naturalean ikasteko aukera ematen baitu», azpimarratu du.

Sortzenen ustez, hizkuntzaren aukeraketak garrantzi handia du Nafarroako haurren etorkizunean; izan ere, «familiek aukeratzen duten hizkuntzaren arabera, belaunaldi berrien etorkizuna ezberdina izango da».

«Aurtengo kanpainaren leloarekin euskarak denon bizitzak argiztatu, piztu ditzan nahi dugu. Euskarak batzen gaitu, komunitate anitzago bat sortzeko aukera ematen du, eta gainera aukera berriak zabaltzen dizkigu», adierazi du.

Hala, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia egin nahi izan die Sortzenek haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. «Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara», nabarmendu du.

Kanpaina honetarako Iruñeko San Frantzisko eskolako hainbat gurasoekin bideoak grabatu ditu Sortzenek. Bertan haien erabakiaren inguruan hitz egiten dute, izan zituzten zalantzak partekatu eta esperientzia nolakoa izaten ari den azaltzen dute.