Maite Ubiria

Uztaritzeko Aberri Egunak Bagiraren bukaera eta bere bide-orriaren hasiera markatuko ditu

Bagira prozesua iraungitze datarekin sortu zen. 2023ko Aberri Egunean Itsasuko Adierazpenaren 60. urtemuga ospatu ostean, hilaren 31n Uztaritzen antolatu duen Aberri Egunean ezkerreko mugimendu abertzalea eguneratzeko bide-orria aurkeztu ondoren amaituko da bere ibilbidea.

Bagira dinamikako kideak, gaur arratsaldean, Uztaritzen antolaturiko agerraldian.
Bagira dinamikako kideak, gaur arratsaldean, Uztaritzen antolaturiko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Uztaritzeko pilota plazan aurkeztu dituzte, asteazken arratsalde honetan, Bagira dinamikako lagunek hilaren 31n Lapurdiko hiriburu historikoan ospatuko den Aberri Egunaren xedeak eta egitaraua.

2022ko abenduan Bidarrain aurkezturiko agerraldian aitortu zutenez, iraungitze-datarekin sortu zen ibilbide ezberdina zuten dozena bat lagunek bultzaturiko ekimena. Bertan 2023ko eta 2024ko Aberri Egunen artean garatzeko gogoeta sakonaren berri eman zuten.

Asteazken honetako agerraldian laburbildu dutenez, Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzale garaikideak eginiko lanari buruz transmisio historiko fase batekin hasi zen Bagirako ibilbidea.

Handik abiatuta, inoiz eginiko galdeketa prozesu zabalari bide eman zion dinamika horrek.

Hain zuzen, Bagirako kideak kontent dira azken asteotan Hego Euskal Herriko lau hiruburuetan eginiko aurkezpen ekimenek izan duten oihartzunarengatik.

Horretaz gain, joan zen abenduan Hazparnen Gazte Eguna kari antolaturiko gogoetak, alde batetik, eta urtarrilean Kanbon mugimendu abertzalearen jardunaldietan antolaturiko eztabaidak, bestetik, bide-orria zehazteko prozesuan urratsa emateko aukera eman zutela nabarmendu dute. 

Oinarri abertzaleari begira eginiko inkestarik zabalena

1.500 lagunek erantzun ziotelako XXI. mendeko mugimendu abertzaleak jorratu beharreko lehentasunak, modu partekatu batean, finkatzeko xedeaz antolaturiko inkestari.

Galdeketa hori gidaritza-liburu bilakaturik, Uztaritzen antolaturiko «Aberri Egun horretan Bagira prozesuaren amaiera» iritsiko da eta, era berean, «ondoko hamarkadetan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak garatuko duen bide-orriaren hasiera izanen da».

Gogoeta luze eta parte-hartzaile horren emaitza gisara ulertzen du Bagirak hiru lurralde hauetan ezkerreko abertzaleek aurrera eraman beharreko erronkak bilduko dituen dokumentua.

Dagoeneko inkesta guztiz lagungarria izan da lehentasunak finkatzeko orduan.

Galdeketa horretan parte hartu zuten abertzaleek bost lehentasunezko alor zehaztu zituzten: euskara, etxebizitza, klima aldaketa, arlo soziala eta laborantza herrikoia.

Era berean, mugimenduaren baitan egin beharreko eraldaketari bide emateko hiru helburuak markatu zituzten: ikuspegi feminista garatzea, gazteria antolatzeko laguntzea eta elkarlana sustatzea.

Egun osoko egitaraua

Gaurdanik eta ondoko urtetan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak hartuko duen norabideari buruz xehetasunak jakinaraziko ditu Bagira martxoaren 31n, Uztaritzen.

Testuinguru politikoaren garrantzia nabarmenduz, «Euskal Herri aske, euskaldun, justu, iraunkor, feminista eta demokratikoa eraiki nahi duten guziei» Uztaritzen biltzeko deia zabaldu du Bagirak.

Era berean, azaldu dute 200 bat boluntario behar dituztela egun hori behar bezala ospatzeko, lagundu nahi dutenei izena emateko deia ere eginez.

Martxoaren 31ri begirako programari dagokionez, goizeko 9.30ean eman du hitzordua Bagira dinamikak Uztaritzeko Lapurdi gelan.

Bertan antolaturiko aurkezpen-mintzaldi baten bidez plazaratuko baitu mugimendu abertzalearen bide-orria, horren segidari buruz xehetasunak emanez.

11.00etan, berriz, manifestazioa abiatuko da Herriko Etxearen plazatik horren bukaeran ekitaldi politiko nagusiaren ordua izanen delarik.

Izan ere, gaurko agerraldian nabarmendu dutenez, «momentu politiko azkar hau behar bezala ospatzeak merezi duelakoan» egun osoko besta egitaraua antolatu du Bagirak.

Hala «zikiro alaitu eta herrikoiari esker» indarrak bildu ondoren, kontzertu eta animazioen ordua iritsiko da. Adin ezberdinetako lagunek izanen dute jai giroaz gozatzeko betarik.

Hala haurren xokoa aurreikusi dute antolatzaileek, baita elkarteen lanaren ikus-lehioa izanen den elkarteen herrixka ere.

Finean, asteazken honetako agerraldian, Bagiraren arabera «udaberri politiko baten baitan» kokatzen den Aberri Egunean izanen diren kontzertuak aurkeztu dituzte.

Afixan emazteez osaturiko Roba Estesa talde katalana agertzen da, baita askotariko bertsioak egiten dituen Andoni Ollokiegi ere.

Odei Barroso rap-abeslariak eta bost musikarik osatzen duten Auhen taldea eta Janus Lester taldea ere igoko dira Uztaritzeko oholtzara. DJ Bull-en esku geldituko da gaualdia girotzeko lana.