NAIZ

Bizkaiko Accenture enpresako mila langile baino gehiago greban, soldataren izozketaren kontra

Mila langile baino gehiagok greba egin dute ostegun honetan Bizkaiko Accenturenn, enpresak irabaziak izan arren, soldatak bere horretan mantentzen direla salatzeko. Aplikazioen eta garapen berrien mantentze lanen zerbitzua eskaintzen dute. Manifestazioa egin dute Bilbon.

Greba egin duten Accentureko langileek manifestazioa egin dute Bilbon.
Greba egin duten Accentureko langileek manifestazioa egin dute Bilbon. (ELA Sindikatua)

Ostegun honetan greba egin dute Bizkaiko Accenture enpresako mila langile baino gehiagok, aplikazioen eta garapen berrien mantentze lanen zerbitzua eskaintzen duen enpresa. Multinazionalak irabaziak izan dituen arren, soldatak izoztuta dituztela salatzen dute. Abenduaren 14an egin zuten lehen greba eguna.

Zehazki, Tecnilogica, Eneguia Web eta IDE enpresentzat lan egiten dute greba egin dutenak, aldi berean El Corte Ingles, Kutxabank, BBVA edo Iberdrola bezalako bezeroentzat.

Salatzen dutenez, Accenturek azken urteotan 110 milioi euroko onurak izan ditu baina langileen soldatak izoztuta daude eta 2020tik gaurdaino %16ko erosteko ahalmenaren galera izan dute. «Enpresak ez du negoziatzeko borondate errealik erakutsi, hortaz, langileak antolatu eta borrokari ekin diote», adierazi du ELA sindikatuak ohar batean.

Hori azaleratzeko manifestazioa egin dute Bilboko erdigunean zehar, Plaza Biribiletik abiatuta. Bertan, «langileek argi eta garbi erakutsi dute borrokan jarraituko dutela lan baldintzak duindu eta soldatak KPIaren gainetik eguneratu arte».

«ELAk salatu nahi du beste behin ere ez dela onargarria Accenture enpresaren jarrera, eta Bizkaian borrokan jarraituko du langileen lan baldintzen eta soldaten alde, eta benetako negoziazioa egon dadin», adierazi du sindikatuak oharrean.