Kazetaria / Periodista

Euskaraz eta nepaleraz: Benetako izena, benetakoa izan

Ibai Etxezarragak eta Lur Uribarrenek ederki ezagutzen dute Nepal, eta, bertara egindako bidaietan egindako hausnarketa bati erantzunez, «Nire benetako izena ez da Island Peak» marrazki liburua osatu dute. Bisitatzen ditugun herrialdeekiko errespetua izatearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute.

Lur Uribarren eta Ibai Etxezarraga, Bedian, «Imja Tse: Nire benetako izena ez da Island Peak» marrazki liburua esku artean dutela.
Lur Uribarren eta Ibai Etxezarraga, Bedian, «Imja Tse: Nire benetako izena ez da Island Peak» marrazki liburua esku artean dutela. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ibai Etxezarraga eta Lur Uribarren, bidaia zaleen paradigmaz hausnarketa sortu nahi duten mendizalea eta mendi gidaria dira. Nepalen egon dira sarri azken aldian, eta bertakoen eta bisitarien artean halako kultura trukatzea sustatzeko ekimena burutu dute. “Nire benetako izena ez da Island Peak” marrazki liburua osatu dute, euskaraz eta nepaleraz, eta hango mendi eskoletan 120 ale banatu dituzte. Zubi lana egin nahiko lukete, ohiko turista orojakile eta harroputzak izan ez daitezen. Euskaldunok ere halakoak baikara tarteka. Pakistan dute begiz jota hurrengo ekimenerako.

Nepal ohiko bisita bilakatu da azken aldian euskaldun askorentzat. Mendiz inguratutako aberria da Euskal Herria, eta tamainakoa da Nepal, baina munduko mendi garaienak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duena. Mendizale zaildua izan gabe, gainera. Zailduak dira Ibai Etxezarraga bediarra eta Lur Uribarren Elantxobeko mendi gidaria. Island Peak gailurrera egin zuten bidaian osatu zen Ibairi Nepaletik bueltan buruko minak eragiten zizkion zirkulua: hango izenak, kultura eta ohiturak ez ditugula ezagutzen, eta ezta errespetatzen ere.

Honatx, Etxezarragaren azalpen zabalagoa: «2022ko neguan Nepalera joan nintzen Lurrekin. Bera sarri egona da han gidari jardunean. Zortzimilako mendiak ikusi nahi nituen aurrez aurre, eta zazpiko talde bat joan ginen. Dena izan zen ederra, gozamena, baina bueltako bidean sentsazio arraro samarrak izan nituen. Nire bidaietan harremanak sakondu nahi izaten ditut bertakoekin, baina turista soil moduan tratatua sentitu nintzen. Haien mentalitatea, dena den, horixe da, bisitaria mendebaldeko zibilizazioko gizaki moduan hartzea».

Ez zen posible izan Ibaik Nepal gustuko duen moldean ezagutzea, eta horri buelta bat eman behar ziotela esan zion Lur gidariari: «Alegia, ezin genuela hara bertaratu beste edozein turista bezala». Imja Tse mendiko espedizioa osatu zuten ondoren, eta egun batzuk gehiago geratu ziren Nepalen. Imja Tse izena irakurri, eta ziur zalantza sortu zaizula, irakurle. Mendebaldeko bisitariok Island Peak moduan bataiatutako 6.189 metroko mendia da. Turistek izena eman dioten mendietako bat, beste askori bezala. Everest, denetan ezagunena. Bertakoentzat Chomolungma da, eta tibetarrentzat Sagarmatha.

Etxezarragak eta Uribarren-ek Bhaktapur hiriko adreilu fabrikak bisitatu zituzten: «Langileekin egon ginen, euren egunerokoa ezagutu asmoz. Ateratzen genizkien argazkien truke marrazkiak egin genizkien, argazkiak ezin direlako inprimatu, eta marrazkigintza lengoaia unibertsala dela jabetu ginen. Tokiko idiosinkrasia, hizkuntza, kulturaz harago osagai komuna dago, eta hori marrazkia da», esan du Bediakoak. Hori ikusita, proiektu xume bat garatzen hasi ziren, abiapuntu argi batekin: «Gure mendizaletasunaren mitoak Nepalgo errealitate kultural eta linguistikoa irentsi du erabat».

Nepalen bezala, hori ia edozein lekutan gertatzen dela dio Etxezarragak: «Joaten gara, oporrak pasatu, bueltatu, eta kito. Nepalek azpiegitura askoren falta dauka, baina azpiegitura kulturalarena ere bai. Ez daude prest milaka turisten oldeak jasotzeko, eta turismoa dirua lortzeko modu azkar moduan ikusten dute. Horretarako, prest daude euren kultura eta tradizioak bazterrean uzteko». Euskal Herrian ere gertatzen dela dio “Benetako izenak” ekimenaren sustatzaileak: «Hainbat milioi turista jasotzen ditugu gurean urteko, baina gai gara kolpe hori jasotzeko, badaukagu ardura gure kulturarekiko. Nepalen, aldiz, gutxi batzuk baino ez daukate, nepaldarren biztanleriaren %30ek ez dakielako irakurtzen edo idazten. Zure kultura balioan jartzeko bitartekorik ez baduzu, ba normala balioan ez jartzea».

Nora eta nola?

Hausnarketa haren ondorioa da Nepalera bueltatu izan direnean beste ardura batekin jokatzea. «Mendi ezagutzaz harago, proiektu bat garatu dugu, bi adarrekin: kulturen arteko zubitxo bat eraikitzea, marrazkien bidez eta umeei zuzendua, bi kulturen ezagutza minimo bat egon dadin. Bigarrena, jende helduagoari begira, turismoaren inguruko hausnarketa sakonagoa eragitea, formula erraz batekin: ‘Nora eta nola bidaiatzen dugu’ galdera egitea geure buruari, bidaiari ekin aurretik», dio Etxezarragak. Lehen kolpean entzunda, galdera sinpleak dirudite, «baina ez da hala. Ez da bakarrik ze herrialde bisitatzen dugun, baizik eta bisitatzen dugun herri horren gutxieneko jakintza kultural eta linguistikoaren kontzientzia edukitzen saiatzea».

Galdera gaiztoa da. Euskal Herriko turistak, bisitariak, beste turista guztiak bezalakoak ote gara bidaiatzen dugunean? Etxezarragaren iritzia: «Onarpena da berreraikuntzarako lehen pausoa. Norberak egin behar du bere hausnarketa, eta gero hori partekatu. Ez dakigu zein den Nepalgo Gobernua, sistema politikoa edo bertako hizkuntzak. Zenbat xerpa ote dauden herri hartan. Ez dakigu. Jendeak pentsatzen du Nepalgo biztanle guztiak xerpak direla».

Haur nepaldarrak marrazkiak erakusten (UTZITAKOA)

Pasadizo polita kontatzen du bizkaitarrak: «Pemba xerpak galdetzen zigun: ‘zergatik duzue Mendebaldeko zibilizazioko kideek hainbesteko beharra tontorra egiteko? Tontorreko argazkia edukitzeko eta erakusteko? Tontorrak izarrak bezalakoak dira, hor daude, ikusi ahal dira, baina ezin dituzu hartu’. Logika kolonialista dugu barneratuta, konkistaren ideia», dio Etxezarragak, kritiko.

Marrazki liburuxka

Ibai Nepalera joan zeneko lehen aldian negu betea zen: «Urtaro egokia niretzat; lehen aldiz turista gehien joaten den garaian joan izan banintz, ez nintzateke berriro Nepalera bueltatuko». Turismo sasoi betean, Nepal zirkuaren oso antzekoa omen da. Egungo paradigma iraultzea oso zaila dela jakitun, aldaketari ekiten saiatu ziren gauza txikiak eginez. «Nepalera joaten den jendetzaren %5ak gure ekimena edo antzekoren bat gauzatuko balu, akaso egoera ezberdina izango litzateke. Gure ekimenak ez du mundua aldatuko, garbi dugu hori, baina bisitatu genituen mendi eskoletako ikasle sorta batek jakingo edo gogoratuko balu munduan euskara izeneko hizkuntza bat dagoela, lorpen handia litzateke. Han eta hemen», dio Ibaik.

Imja Tse marrazki liburuko proiektuan 50 bat pertsonak parte hartu dute. Nepaleraz eta euskaraz idatzi dute, eta 120 ale inguru banatu dituzte Nepalen behar handiena duten mendi eskualdeetan. Liburuko marrazkiek Nepalgo landa eremua dute ardatz: bertako landaredia eta fauna, herriak, mendiak, musika, gastronomia, jolasak… Bertako txoko eta mendiei bere izenarekin deitzen zaie liburuan: Imja Tse edo Chomolungma, Island Peak edo Everest esan ordez.

Lur Uribarren mendi gidaria arduratu zen banaketa tokiak erabakitzeaz, ondo ezagutzen baitu Nepal. SOS Himalaia Fundazioarentzat egin zuen beharra, «eta beste bailara batzuk ezagutzeko aukera izan nuen, zeinetan pobrezia gordin-gordin sentitzen zen». Lakhpa umetxoaren heziketa bere egin du azken hiru urteetan Elantxobekoak. Lakhpa bezala, nepaldarra da Suku Maya, Aizarnan bizi den nepaldarra. Bere laguntza ezinbestekoa izan da proiektuan. «Ikaragarri lagundu digu, eta nepaldar-euskaldun den heinean, bere herriko bizitza Euskal Herrian erakustea gauza ederra izan da», iritzi dio Uribarrenek.

Miren Beroz-ek ere asko lagundu die. Nepalen zortzi urte daramatzan euskalduna da, Nepaldala Fundazioa zuzentzen du eta familia xerpa dauka. «Liburuaren bitartez euren umeei eta Fundazioko jendeari Euskal Herriko kultura erakuts diezaiekete». Nepaldarrengana hurbiltzen bazara, ikuskera zeharo aldatzen dela dio gidariak: «Zurea eta eurena. Errespetua erakusten diezu, konfiantza hartzen dute zurekin. Horregatik da funtsezkoa joaten zaren lekuko kultura ezagutzea».

Trekkingak antolatzeko moduak ere zerikusia omen du ezagupen horretan. Ohiko agentzia batekin ohiko bidea eginda, zaila omen da Nepal benetan ondo ezagutzea. Uribarrenek antolatutako trekkingean, Suku Maya-ren jaioterritik, etxetik, pasatu ziren: «Sukuk berak UTM koordenatuak eman zizkigun, eta emozionalki bertara iristea sekulako sentsazioa izan zen». Ibai kideak ñabardura egin nahi izan du Sukuren laguntzaz: «Sukuri Nepalen istripuak edo lurrikarak gertatzen direnean bakarrik deitzen diote komunikabideek, eta gure proiektua ihesbide bat izan da berarentzat».

Haurrak ilusio handiz jaso zuten liburua (UTZITAKOA)

Pasadizo hunkigarria kontatu du Etxezarragak: «Sukuk berak idatzitako gutun bat eraman genuen bere eskolako umeentzat, liburu bat bere amarentzat… Bere amak Sukuren argazkia ikusi zuenean, pentsa nola erreakzionatu zuen… Thame jaioterriko eskolan Sukuren ikaskide izandako kide bat topatu genuen, egun irakaslea dena. Naamche Baazar-en, ordea, beste irakasle bat gure zain egon zen liburuko aleen sorta bat jasotzeko. Une hunkigarriak bizi izan ditugu». Uribarrenek balioan jarri nahi izan du, era berean, Mingma Dorji xerpa, Nepalen duen bitartekariaren jarduna: «Liburuaren ideia asko gustatu zitzaion. Berak eta Pemba anaiak sentsibilitate berezia dute alkoholismoarekin, bertako gizarte arazoekin eta».

Ibaik xehatu du liburu banaketaren unea nolakoa izan zen: «Ikaragarria izan zen ikasleek ze harrera egin ziguten. Gure zain zeuden. Liburuak irentsi egin zituzten ikasleek, eta hori guretzat itzela izan da. Liburua ozen irakurtzen zuten, guk entzuteko moduan, eta irakasleak esan zigun hala egiten dutela geuk entzun genezan, ikasleek irakurtzen dakitela jabetu gintezen. Harro sentitzen dira irakurtzen dakitelako». Uribarrenek ere poz-pozik bizi izan zuen une hura: «Bete egin gaitu, zeharo asmatu dugunaren sentsazioa dugu. Liburu soil batek zelako poza eman diezaiekeen umeei. Hausnartu egiten duzu, gurean haur bati liburua eman eta akaso ez duelako hartuko. Han egun guztia eman zuten liburua besoetan zutela. Ikaragarria izan zen».

Ekimena euren kabuz osatu dute, inolako trukatze instituzionalik gabe. Arrazoia, hauxe, Ibairen ahotan: «Nepalen bulego kontuetan ustelkeria handia dago. Madrilen dagoen enbaxadan gure asmoen berri eman genien, baina kito. Liburu bat utzi genuen, baina enbaxadore bati ez zaizkio horrelako gauzak interesatzen, eta geuk ere ez dugu proiektu instituzionala egin nahi izan». Marrazki liburua osatzerakoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dute.

Hurrengoa, Pakistan

Bidaiatzen dugunean bisitatzen ditugun herrietako ohiturak guk ditugunen ezberdinak dira. Nepalen ere bai, baina Etxezarragak ohiturak errespetatu behar direla uste du: «Ez sartzekoaren aldekoa naiz. Hobe da begiratu eta hauturik ez egitea, ze ez dakizu benetan eragiteko eskubidea daukazun ala ez. Arauak eurek erabaki dituzte, eta errespetatu egin behar dituzu. Nor gara gu haien arauak aldatzeko? Adibide bat jarriko dut: Tirolgo nekazari batek, Euskal Herrira etorri eta baserritarrak musu truk lan egiten dutela ikusita, ezgauza direla pentsatuko luke, Tirolen, Estatuak landa guneak zaintzea diruz ordaintzen duelako. Zer esango genioke guk? Ez duela euskal baserriaren idiosinkrasia ezagutzen. Ba nepaldarrak berdin; nor gara gu haien arauak aldatzeko?».

Hautu hori azaltzeko, euren hurrengo bisitaren atarian izandako hausnarketa azaldu du Etxezarragak: Pakistan: «Herri hartan erlijio mailako aurreiritziak Nepalen baino askoz zorrotzagoak dira. Guk ohitura kristaua dugu, eta horrek beste erlijioekiko dugun iritzia asko baldintzatzen du, zer esanik ez erlijio musulmana. Hara joan eta emakume bat goitik behera jantzita ikusi eta zer egin behar da? Ba ezer ez, ze haiek han ohitura hori dute». Harremanetan dabiltza Suku Mayaren lan bera egingo duen pakistandar batekin, eta pertsona horrek erakutsi duen zalantza nagusia marrazkien ingurukoa omen da: «Alegia, han ze esango ote duten. Esan diogu, haiekin batera marraztuko dugula, ez besterik».

Lur Uribarren, haur nepaldarrekin (UTZITAKOA)

Helburu argia dute bigarren liburuarekin ere. «Bertako errealitatea ahalik eta objektiboen erakusten duen bilduma osatu nahi dugu, eta, horrek ados ez gauden egoerak islatzea ekar badezake ere, hango ohiturak errespetatu beste erremediorik ez dugu, errealitatea anitza delako. Eztabaidatu hemen arau horiei buruz, baina ez joan hara haien ohiturak aldatzera».

Bidaiariok geure buruari egin behar geniokeen galdera baita hauxe: ‘zein da ohitura hobea? Gurea? Eta zergatik?’ Eta galdera horri tiraka, beste bat: ‘Nola jokatu egoki bisitatzen ditugun herrietan?’

Hemen traza batzuk, Etxezarragaren ahotan: «Norberak bere buruari nola eta nora galderak egitea aholkatuko nioke. Etxean, bidaia hasi aurretik. Bidaia ez da hasten Nepalen, Euskal Herrian hasten da».

Izan ere, bizkaitarrak oso garbi du: etxeko, hemengo portaerak esango du han nolakoak izango garen: «Ezin zaio jendeari eskatu Nepalen malabarismoak egiten hasteko. Hemen hasi behar gara buelta bat ematen. Han hemen zarenaren ispilua izango zara. Eta oso garrantzitsua: ez saiatu etxean egiteko gai ez garen ekintzak han egiten. Ulertze aldera, ezin gara euskaldunak izan hemen, eta estatubatuarrak Nepalen».