Arnaitz Gorriti

Bilbao Basketek bere buruari eta Baskoniari mesede ederra egin dio Joventut jipoitu ostean

Lau laurdenak irabazi dizkio talde bilbotarrak Joventuti, eta azken emaitza 92-71 izan bada ere, neurketa ez da azken laurdenera arte hautsi, beltzezko gizonek 10-2ko partziala lortu arte. Denboraldiko hamargarren garaipena erdietsi dute modu honetan Jaume Ponsarnaurenek.

Kristian Kullamaek bikain aritu da Joventuten aurka.
Kristian Kullamaek bikain aritu da Joventuten aurka. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

SURNE BILBAO BASKET 92 - JOVENTUT 71

Datorren igandean euskal derbia jokatuko dute Surne bilbao Basketek eta Saski Baskoniak. Ordurako elkarri mesede eder askoa eginda iritsiko dira talde biak. Zapatuan, maila mantentzeko borrokan ari den Granadari Baskoniak irabazi ziolako. Igande eguerdi honetan, berriz, ACB Ligako Top 8an sartzeko gasteiztarrekin borrokan ari den Joventut gainditu duelako talde bizkaitarrak, denboraldiko hamargarren garaipena erdietsiz. Breoganek Bartzelonan irabazi duela aintzat hartuta, berriz, mesedea bere buruarentzat ere izan da; ez txikia, gainera.

Kullamae, Hornsby, De Ridder, Adam Smith eta Hlinasonek 11 puntu edo gehiago saskiratu dituzte. Hori gutxi ez eta, lau laurdenak eraman ditu Jaume Ponsarnauren taldeak, baina azken hamar minutuei ekiterakoan lorturiko 10-2 partzialak apurtu du behin eta betiko neurketa. Ordurako emaitza 66-58 bazen bizkaitarren alde, partida 76-60 jarriz geroztik ez da kolorerik izan.

Joventutek, berriz, ez du itxura onegirik eman, atsedenaldiaz geroztik batik bat. Andres Feliz eta Ante Tomicen etorria agortzen joan ahala, errekurtsorik gabe geratu da Carles Duranen taldea. Orotara 17 baloi oparitzeaz gain, 26 hirukotik 5 baino ez ditu sartu –27tik 12 Bilbao Basketek– eta joko fisikoagoa proposatzen hasi direnean, berriz, hondoa jo dute beren maila berdindu duen Bilbao Basket txukun baten aurrean.

Irabazi baino lehen, iraun

Ez dira oso katoliko hasi ez bilbotarrak ezta katalanak ere, batera eta bestera korrika, buru askorik gabe eta saskira asmatu ezinik. Giroa ere hotz, Legia Varsoviaren aurka hasierako bostekoa errepikatu du Jaume Ponsarnauk baina hauek astean zehar baino eskasago ekin diote. Nolanahi, Joventut bera ere antzera hasi delako, ez da larritzeko ezer gertatu aurreneko minutu horietan.

Izan ere, Bilbao Basketek gutxienez errebotea kontrolpean izan du eta kostata bada ere, puntuak pilatzen asmatu du nolabait. Lan horretan Alex Reyesek egin duen lana aipagarria izan da, taldeak tenperatura hartzen zuen bitartean taldea eusteko baliagarri izan baita. Hala, nahiz eta ia laurden osoan zehar atzetik ibili diren bilbotarrak, azkenean aurretik amaitu dute, 22-20. Joventutek berak ere lagundu die etxekoei lan horretan, akats leloen erruz balioak bata bestearen atzetik galtzen jardun dira-eta laurdenaren azken aldera.

Behin martxa hartuta, bigarren laurdena beste gauza bat izan da. Akordatzerako, bilbotarrak 29-20 aurreratu dira 10-0ko partziala burutuz. Joventutek erraz saihesteko moduko akatsak egiten jarraitu du eta Jaume Ponsarnauren taldeak kanpotik eta barrutik min ematen asmatu du, Adam Smith eta Hlinasoren bitartez. Ondorioz, Carles Duranek hutsartea eskatu behar izan du.

Hutsartearen ostean Joventutek hiru jokalari «txiki» elkartu ditu –Andres Feliz, Evans eta Andrews– eta Brodziansky hegal-pibot eslovakiarraren bizitasuna baliatu du defentsan mugimendu azkarren bidez hobekuntza bilatu du.

Alabaina, hiruko marratik asmatuz erantzun dute bilbotarrek, Keith Hornsbyk bereziki. Eskolta estatubatuarrak behar zuen nolabait jaurtiketa bolada on bat bilatzea eta bigarren laurden honetan urrutitik zitala izan daitekeela erakutsi du. Horri esker, beltzezko gizonen abantaila ezustean hamar puntuko langatik gora joan da tarte batez. Baina behin markagailua 39-28 jarri ostean, Ante Tomic eta Andres Felizen eskutik 0-6ko partzialarekin erakutsi du Badalonako taldeak. Hala, markagailua 39-34 jarri delarik, Jaume Ponsarnauk hutsartea eskatu du arnasa hartu eta bideari lasai ekiteko.

Kullamae eta Pantzarrek bost puntu eder asko saskiratu dituzte atsedenaldira iritsi aurretik, baina Joventutek Ante Tomicen puntu eta erreboteak aurkitu ditu lehian berriz ere buru-belarri murgiltzeko. Ondorioz, Bilbao Basket aldageletara aurretik joan da, baina 44-40 bakarrik, Tomicek bigarren laurdenen sartu dituen 10 puntuei esker.

Gogortasunean sendo

Estu doazen neurketekin gertatu ohi den moduan, epaileek ere izan dute zeresanik. Joventutek aurreneko erdian baino joko fisikoagoa egin du eta txanpon bera erabili du Bilbao Basketek ere. Ondorioz, kanpoko jaurtiketak sartzea askoz zailago bihurtu da eta uztaipeko jokoak, faltak, kontaktuak eta jendearen protestak asko areagotu ditu.

Itxura denez, Kristian Kullamae Bilbao Basketeko hegaleko estoniarrari asko gustatu zaio egoera berri hori, Joventuten Andres Feliz antolatzaile dominikarrak Joventuten pun tuak sartzeko ardura hartu duen bitartean.

Nolanahi, Bilbao Basketek ez dio abantailari hanka egiten utzi, galduriko baloi pare bat gorabehera. Thijs De Ridder eta Melwin Pantzar aurkitu ditu Kullamaek puntuak pilatzen joateko eta, hala, 64-55 ihes egitea lortu du etxeko taldeak, antolatzaile suediarrak pare bat saskiratze kateatu ostean, azkena Joventuten enegarren baloi galduaren ostean.

Azken laurdena hasterako, 66-58 aurretik jarri dira bizkaitarrak –hirugarrena amaitzear zela, Evansek Joventutek laurden osoan sartu duen hiruko bakarra saskiratu du, hamar saiakera eta gero–. Badalonan jazo zena gogoan, ez nahikoa, ezta gutxiagorik ere, baina bai Miribillako ikusleen laguntzarekin garaipenera bideratu beharrekoa.

Hargatik, ezer hoberik ez 10-2ko partzial batekin laurdenari ekitea baino. Hlinason eta Adam Smithek hartu dute bilbotarren jokoaren ardura eta katalanen aldetik, berriz, pixkanaka itzaltzen joan dira, gero eta huts gehiago pilatzen joan diren.

Supituki, Joventuten besoak jaitsi ditu eta azken minutuetan Legia Varsoviaren aurka bezalatsu gozatu ahal izan dute beltzezko gizonek. Kullamaek eta Renfroek hiruko banarekin jarri diote bilbotarren hamargarren garaipenaren errematea. Eta bide batez, bere buruari ez ezik, Saski Baskoniari ere mesede galanta egin dio Bilbao Basketek, datorren igandean Saski Baskoniaren aurkako euskal derbia jokatu aurretik.

FITXA TEKNIKOA

BILBAO BASKET: Alex Renfroe (5), Kristian Kullamae (17), Alex Reyes (6), Sacha Killeya-Jones (6) eta Denzel Andersson –hasierako bostekoa–, Melwin Pantzar (8), Adam Smith (12), Keith Hornsby (13), Thijs De Ridder (11), Tryggvi Hlinason (14) eta Georgios Tsalmpuris.

JOVENTUT: Andres Feliz (19), Evans (14), Busquets (), Brodziansky (3) eta Cook (6) –hasierako bostekoa–, Tomic (19), Kraag (3), Andrews (5), Prey (2), Vives eta Ruzic.

Epaileak: Aliaga, Sergio Manuel eta Merino. Denzel Anderssoni etxeko jokalariari falta teknikoa adierazi diote. Andersson bera egotzi dute, bost faltarekin.

Partzialak: 22-20, 22-20, 22-18, 26-13.

Gorabeherak: Txaloka agurtu ditu Bilbao Arena pabiloiak lesiotik itzuli berri den Xavi Rabaseda eta Carlesa Duran, Bilbao Basketeko entrenatzaile ohia.