NAIZ

12.30etako amaiera ekitaldiaren ondoren besta handia Baionan

Baionako Askatasun plazan bukatuko da Korrikaren 23. edizioaren 2.500 kilometroko ibilbidea, igande honetan. Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera ekitaldia bertan izanen da, eta, segidan, bestarako tenorea helduko da.

Korrikaren amaierako jaia aurkeztu dute, Baionako Patxa plazan.
Korrikaren amaierako jaia aurkeztu dute, Baionako Patxa plazan. (AEK KORRIKA)

Igandeko bukaera egun handia aurkezteko, Korrikaren arduradunek prentsa agerraldia egin dute astearte honetan, euskaldunentzako gune biziki ikoniko batean: Baionako Patxa plazan. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izanen dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskararen alde lanean segitzeko akuilua.

9.14 aldera sartuko da Korrika Baionan, Polo Beyrisetik. Lauga, Cam de Prats eta Resplandy kaia igaro, eta Santizpirita zubitik Santa Kurutzera eta Baiona Ttipira joko du.

Amaiera ekitaldia Askatasun plazan izanen da, herriko etxearen parean. Lekukoa 12.30erako iritsiko dela aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ostean. Une horretan jakinen dugu nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea, eta, noski, baita mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izanen da, Kanaldude telebista katearen aurpegi ezaguna.

Azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornaryk azaldu du «kasik dena prest dela» Baionako jairako eta ospakizunak egun osoa iraunen duela. Besta handia prestatu dute, «Korrikak merezi duen modukoa». Auzolanean aritu da Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa taldea.

Egitaraua, Iparraldeko eragileak lehenetsita

Ekitaldiak hainbat gunetan egonen dira sakabanatuta, jende guziari begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen partaidetza lehenetsita. Haien artean Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga eta Pontx pailazoa izanen dira.

Jean Rene Etchegaray Baionako alkateak ere parte hartu du prentsaurrekoan. Nabarmendu duenez, edizio honetan bereziki hiri osoa aritu da buru-belarri Korrikaren alde.

Protokoloa eta garraioa

Amaitzeko, bi ohar garrantzitsu eman dituzte: batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri du igandea eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin; bestetik, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin dute. Hala ere, autoz joanez gero, antolatzaileek Ametzondo merkataritza-gunean aparkatzea gomendatu dute. Bertatik autobusa hartu ahal izanen da, bost minutuan Baionako erdigunera heltzeko.

Horrez gain, bakoitzak bere edalontzia ekar dezala eskatu dute, eta tiketak bankuko txartelarekin ere erosten ahalko direla jakinarazi dute.

Informazio gehiago jarri dute korrikaren webguneko azken jaiaren atal berezian.

Azken lekuko eramaileak eta guneak

Azken lekuko aldaketen berri ere eman dute aurkezpenean: Gure Esku, Etxerat, Sare eta Bakebidean, Errigora, alderdi politikoak, euskal gehiengo sindikala, UEMA eta Udalbiltza, Hekimen, hezkuntza eragileak, Azterketak Euskaraz, Kontseilua eta Euskal Konfederazioa, AEK eta mezu sekretuaren egilea izanen dira.

Lau gune nagusitan zabalduko da ondoren besta. NAIZ gunea da lehena. Bertan, Anje Duhalde, Xutik, Xiberots eta SFM izanen dira gozagarri. Bigarrenean, Merkatu plazan, Kuxkuxtu, Ibil Bedi, Frikun eta Bilabal daude iragarrita.

Xaho kaian Etxepare gunea izanen da; han, jarririk bazkaltzeko parada egonen da: zikiro-jan herrikoia, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolaturik. Txartelak Korrikaren webguneko dendan eros daitezke. Pontx pailazoak animatuko du bazkalondoa.

Patxa plazan, Haira, Zetkin, Toc, Nakar, Kuma No Motor eta AKTS izanen dira.

Karriketan animazioa izanen da egun osoan: Patxi eta konpainia, Topatopia batukada Ixtaklok, Patxaranga ta Kuxkuxtu.

Hainbat ostatu lagun ere izanen ditu Korrikak, bertzeren artean Kalostrape, Bar Basque, Zamai, Soinua eta Realais des halles.