Ez da ia begi guztiak bereganatzen hasia den Binakako final handian izango, baina dudarik ez dago Javi Zabala dela egungo pilotarietako bat. Azkenaldian izandako emaitzek –10 partida irabazi ditu jarraian, horietako bost txapelketan ordezkapenak eginez– eta erakutsitako maila onak sari bikoitza izango dute Logroñoko aurrelariarentzat. Izan ere, dagoeneko Aspek baieztatu dio apirilaren 3an aurkeztuko den Buruz Burukoan izango dela eta txapelketa horretara gaur sinatutako kontratu berriarekin helduko da. Aurrelari errioxarrak beste lau urterako hitzarmena adostu du Eibarko promotorarekin eta hortaz, 2028ko martxoaren 31ra arte arituko da, gutxienez, Vidartetarren enpresan. 2019ko urtarrilean egin zuen debuta, Martija lagun zuela, Ezkurdia eta Untoriaren aurka eta aurten egin du eztanda.
Gauzak horrela, Javi Zabalarena izango da Aspeko pilotarien artean kontraturik luzeena. Orain arte, 2027ko martxoaren 31ra arte sinatua duen Joseba Ezkurdiarena zen Eibarkoen artean sinatutako lan hitzarmenik luzeena eta Binakako final nagusian arituko diren Peio Etxeberria, Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta lirateke hurrengoak, 2026ra arteko ziurtasunarekin; Zenotzekoak abenduaren 31ra arte, apirila amaierara arte etxarrendarrak eta hilabete lehenago amezketarrak.
«Jendeak ni ikusten gozatzen jarrai dezala»
Kontratua sinatu berritan, Zabala oso pozik agertu da «enpresak nigan jarritako konfiantzarengatik» eta «2028ra arte berritu izana motibazio bat gehiago da hobetzen jarraitzeko egunero entrenatzen jarraitzeko». Errioxarrak argi ditu zeintzuk diren bere helburuak. «Kantxan gozatzen jarraitu eta, batez ere, jendeak ni ikusten gozatzen jarrai dezala. Hauxe da eraman dezakedan saririk onena. Lau urtek lasaitasuna ematen dute egunero hobetzen jarraitzeko», azaldu du bere enpresaren web orrialdean jasotako adierazpenetan.
Igandean jokatuko du Zabalak bere hurrengo partida, Tolosako Beotibarren, eta bertan profesional berri baten, Arkaitz Gabirondoren aitabitxi lanak egingo ditu, Elordi-Tolosaren aurka jokatuz.