Bi urte igaro dira LAB sindikatuak etxeko langileen sail sindikala osatu zuenetik eta Lan Harremanen Kontseiluan eta Confebasken etxeko langileentzako EAEko lehen hitzarmen kolektiboa egiteko negoziazio mahaia ireki zedin eskaera aurkeztu zuenetik. «Hitzarmen kolektiboa ukatzea Euskal Herriko bizitzei eusteko hain funtsezkoa eta lehentasunezkoa den sektore hau duintzea ukatzea da».
Harrezkero, sail sindikal hau zabaltzen jarraitu du LABek. «Langileak indartsuagoak izateko eta lanean duten prekaritatea agerian uzteko, zeinetara instituzioek behartzen dituen, sektoreko langileak antolatzen jarraitu behar dute», adierazi dute.
«Ikusita azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuaren neurriek eta eguneratzeek, familia-etxeko zerbitzuaren lan-harremana arautzen duenak, ez diola sektore honetako hainbat egoera espezifikori erantzunik ematen, hitzarmen propio bat izateak errege dekretu hori eta Langileen Estatutua konbinatu behar izatea ekidingo zuen, etxeko enpleguko lan-zuzenbideko egoera larriei erantzuterako orduan eta, batez ere, etxeko langileen gaueko lana eta barne erregimena bezalako gaietan», gehitu du sindikatuak ohar baten bidez.
Hori dela-eta, sektoreko langileei dei egiten diete eurekin mobilizatzera. Iruñean, martxoaren 22an, 19:30ean, Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen Taldeko kideekin (THYCNA) eta Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko kideekin, Udaletxe plazan. Eta Bilbon, martxoaren 26an, 12:30ean, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Trabajadoras no domesticadas (Etxekotu Gabeko Emakume* Langileak) taldearekin batera.
«Emakume asko dira, gazteak eta helduak dira, hemengo asko dira, baina askoz gehiago beste lurralde batzuetatik zaintzera etorri direnak, baloratu gabekoak. Ziur daude euren lana garrantzitsua dela, eta, beraz, euren eskubideak ezinbestekoak direla. Batez ere, etxeko enpleguko eta barne araubideko emakume langileen kasuan, aldiro beraien eskubideak urratzen zaizkienean», azpimarratu du sindikatuak.
Justiziaren atzerapen gehiagorik ez egotea eskatu dute eta «hartutako eta erdizka utzitako konpromisoak betetzeko itxaronaldi luze gehiagorik ez egotea».