Joseba Salbador Goikoetxea

Baratzean ur justua; ez gehiago, ez gutxiago

Neiker zentro teknologikoak nekazaritzan ureztapena modurik egokienean egiteko gida plazaratu du, ez bakarrik ingurumena zaintzeko, baita uzta hobeak bermatzeko eta kostuak aurrezteko ere. Ureztapenaren kudeaketan inplikatutako hiru baliabideak hartzen ditu kontuan: ura, lurzorua eta laborea.

Ureztapen sistemak optimizatzen laguntzeko, Neiker zetro teknologikoak behar hidrikoak kalkulatu eta ureztapena maneiatzeko gida bat landu du.
Ureztapen sistemak optimizatzen laguntzeko, Neiker zetro teknologikoak behar hidrikoak kalkulatu eta ureztapena maneiatzeko gida bat landu du. (GARA)

Ura edozein ekosistemaren funtsezko elementua da. Horregatik, oso garrantzitsua da ureztapena ondo erabiltzea, laboreari behar duen ura emanez -ez gehiago, ez gutxiago- eta behar duen momentuan.

Nekazariei beren jarraibideak eta ureztapen sistemak optimizatzen laguntzeko, Neiker zetro teknologikoak behar hidrikoak kalkulatu eta ureztapena maneiatzeko gida bat landu du, uraren erabileraren efizientzia handitzen lagunduko duten neurri sorta eskaintzen duena.

Izan ere, neurri horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun, ia gauza segurua baita klima aldaketaren ondorioz tenperatura igo egingo dela eta nekazaritzan lehorte aldiak maizago gertatuko direla.

Horrekin batera, laboreei behar duten unean ur kantitate egokia ematea funtsezkoa da hiru arrazoi nagusirengatik: uzta hobeak bermatzeko, ingurumena zaintzeko eta kostu ekonomikoak aurrezteko.

Ureztapena maneiatzeko gida Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaiak EAEko lehen sektoreko eragileek kontuan hartu beharreko neurri gisa hartu du, eskualde batzuetan ureztatzeko dagoen ur eskasiari aurre egiteko.

Eskuliburu tekniko horrek ureztapenaren kudeaketan inplikatutako hiru baliabideak hartzen ditu kontuan: ura, lurzorua eta laborea, eta hainbat gomendio proposatzen ditu ureztatzearen programazioari, laboreei ura behar bezala aplikatzeari eta ureztatze sistemak lursail bakoitzaren ezaugarri espezifikoen arabera prest jartzeari buruz.

Lurzoruaren egitura

Lehenik eta behin, Neiker zentro teknologikoaren gidak lurzoruaren egitura (lurzoruko partikulak batzen diren modua) eta testura (osagai mineralogikoen proportzioa) ezagutzearen garrantzia nabarmentzen du, «lurzoru batek biltegiratu dezakeen ur bolumen osotik, dena ez delako erabilgarri landareentzat eta, erabilgarria den kopurutik, dena ezin delako erraztasun berdinarekin xurgatu».

Horrela, landareentzako ur erabilgarria «eremu kapazitatearen eta zimeldura puntuaren artean» kokatzen dela dio. «Eremu kapazitatea» urez asetako lurzoru batek 48 orduz libreki drainatzen utzi ondoren atxiki dezakeen ur bolumena da. Eta «behin betiko zimeldura puntua», aldiz, lurzoru baten ur edukia da, zeinaren ondotik landareek ezin duten ur gehiago eskuratu. Oro har, zimeldura puntua eremu kapazitatearen %56 da. Hau da, lurzoruak ura du, baina landareek ezin dute aprobetxatu.

Horrekin batera, ikerlanak «landareek erraz erabil dezaketen ura» kontzeptua ere nabarmetzen du, hau da, «landareek ahalegin gutxirekin eta, beraz, ekoizpen ahalmena murriztu gabe xurgatu dezaketen ur erabilgarriaren zatia». Ur kopuru hori landare espezie bakoitzaren araberakoa da.

Ureztapen sistemak

Ureztapen sistemei dagokionez, Neiker-en eskuliburuak dio funtsezkoa dela ureztapen sisteman uraren banaketa ahalik eta modurik uniformeenean egitea, «lursaileko puntu guztiek ur kantitate bera jaso dezaten saiatuz». Izan ere, ureztapena ez bada uniformea ekoizpena %15 baino gehiago murriztu daiteke.

Aspertsio bidezko ureztapenari dagokionez, hainbat gomendio ematen ditu estaldura osoan ureztapenaren uniformetasuna eta efizientzia hobetzeko. Eta horrekin batera, istiltze edo putzuak sortzeko arriskua murrizteko gomendioak ere ematen ditu: ureztapenaren programazio egokia egitea, ureztapenak hainbat egunetan banatzea, ureztapen sistemaren plubiositatea murriztea (litro/m2 orduko) edota aspertsoreen presioa murriztea.

Azkenik, Neiker-en azterlanak ureztatzeko praktika onen zerrenda biltzen du. Izan ere, ureztatzeko orduan, erabakiak hartzeko prozesu logikoa jarraitu behar dela dio, «laborearen beharrak asetzeko ahalik eta ur-kantitate doiena aplikatzen dela ziurtatzeko, ureztatze-instalazioaren mugen arabera».

Hori lortzeko, honako helburuak bete behar direla nabarmentzen du:

• Laboreak erabilgarri dauden baliabide hidriko berriztagarrien arabera planifikatzea.

• Lurzoruaren ezaugarriak ezagutzea urari dagokionez (eremu kapazitatea, infiltrazioaren abiadura...).

• Ureztatzeko uraren kalitatea ezagutzea (gazitasuna, kutsatzaileak...).

• Ureztapenak baratzeko laboreen benetako beharretara egokitzea.

• Aplikatzeko momentuan, efizientziarik handiena bermatzea, garraioan galerak saihestea eta ingurumen baldintza onenetan ureztatzea.