23. Korrika azken txanpan sartu da eta egun eta gau luze hauetan hamaika irudi eta pasadizo utzi ditu. Testuinguru horretan NAIZen Artefaktuak eta AEK-k kanpaina berezi bat abiatu zuten, bizipen, esperientzia eta anekdoten bilduma osatzeko. Eta sareak izan dira horren lekuko.
«Lekukoa eramateak dakarren ohore eta ardura datorkit burura, izan kazetari, alkate edo diputatu gisa. Orduko kemenarekin jarraitzen dugu euskararen alde lanean», idatzi zuen EH Bilduko diputatu eta GARAko zuzendari-ohi Mertxe Aizpuruak.
Euskal Herria alderik alde eta eskuz esku zeharkatuko du #Korrika|k gaurtik hasita. Lekukoa eramateak dakarren ohore eta ardura datorkit burura, izan kazetari, alkate edo diputatu gisa.
— Mertxe Aizpurua (@MertxeAizpurua) March 14, 2024
Orduko kemenarekin jarraitzen dugu euskararen alde lanean. #23KORRIKA #HarroHerri #Artefaktua pic.twitter.com/pERsrYP1Cf
Izan ere, 23 edizio asko dira, milaka istorio biltzeko modukoak. Eta memoria kolektiboa elikatzeko ekimena izan da honako hau. Azaltzen zailak diren emozioen txokoa. «Korrika bizi behar da. Ehunka une zirraragarriak dira», idatzi zuen Eba Blancok, apirilaren 21eko hauteskundeetan EH Bilduren Arabako zerrendetan bigarren postuan izango denak. Edo EITBko kazetari Ana Goitiak semearekin batera bizitakoa.
💓 Ez dakit azaldu daitekeen. Korrika bizi behar da. Ehunka une zirraragarriak dira.
— Eba Blanco (@BlancoEba) March 15, 2024
Onenetako bat, korrika egitea Arabako EH Bilduko kideekin. Hor argazkia. #Artefaktua #Korrika pic.twitter.com/u92aHAfhhK
Bizitzako momenturik ederrenetarikoa eta hunkigarrienetarikoa, dudarik gabe. Manex, semearekin, Korrikaren lekukoa eramatea, opari zoragarria izan zen! 🤍💫🤍Gora Korrika!!!🩵❤️💜🩷💙 #korrika2023 #artefaktua #korrika pic.twitter.com/JP7Udi6QYW
— Ana Goitia (@anatxuchic) March 14, 2024
Politikariak, kazetariak, norbanakoak. Parte-hartzaile ugari izan ditu kanpaina honek. Lekuko txikiak eta lekuko izugarriak, Ainhize Solaun Mendigurenen kasuan bezala.
2022an #korrika Amurritoik hasi zenean atera genuen lagun batek eta biok argazki hau.
— Ainhize Solaun Mendiguren (@SolaunAinhize) March 15, 2024
Ez dut oso ondo gogoratzen zergatia, baina oso momentu dibertigarria izan zen. Korrikak daukan 'hori' izango zen. #Artefaktua pic.twitter.com/ezzAiCZ3tn
#Artefaktua eta #Korrika traolak erabiliz, beste istorio ugari topa daitezke sareetan. Andoni Seijo Korrikaren ibilbideko arduradun izandakoak hainbat pasadizo ekarri zituen gogora, baina markatuta gelditu zaionetako bat 15. Korrikan, Bastidan furgoneta igaro ezinda bizi zutenekoa da.
Ver esta publicación en Instagram
Korrikaren inguruko edukiak, NAIZen
NAIZek ere ahalegin berezia egin du asteotan. Besteak beste, Korrika posible egin zuten horien ahotsak jaso ditu, ezagun zaizkigun pertsonen esperientziak, eta GARAren artxiboa arakatu du, atzoko altxorrak gaur gozatzeko, lehendakari batek, Juan Jose Ibarretxek, lekukoa eraman zuenean bezalako istorioak gogora ekarriz.
«Nori eta nola bururatu zitzaion Korrika?» galderari erantzun dio Iraitz Mateok, 2017an Info7 Irratian ekimenaren sortzaile izan zen Urtsa Erraztiri egindako elkarrizketa berreskuratuz. Edo ekimenaren buru eta ikur den lekukoaren jatorria berreskuratuz.
Korrika euskarak eta euskararen herriak duten ekimen bereizgarrienetakoa da. Baina ez da bere mugetara mugatzen. 11. edizioan abitu zen Korrika Munduan ekimena eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta Korrika bera oinarri hartuta, munduan zehar dauden hizkuntza gutxituek antzeko ekimenak jarri dituzte martxan. Hauek ere bildu ditugu egun hauetan.
Hau eta beste hainbat istorio aurki daitezke NAIZek duen Korrikaren atal berezian, atzoko eta gaurko pasarteak, hurrengo belaunaldientzat lekuko.