Udaberria hasi baino ez dugu egin baina pilota enpresa profesionalak dagoeneko hasiak dira udako denboraldia prestatzen eta Iruñean behintzat, sasoia berrikuntzaz beterik dago. Deigarriena, ziurrenik, urtero izaten den eskaera handiari erantzun asmoz, San Fermin egunean eguerdiz jokatu ohi den lau eta erdiko finala Nafarroa Arenan jokatuko dela estreinakoz. Urtez-urtez, asko izaten dira, toki faltagatik, eguerdiz jokatzen den final bakarrera joan ezinik geratzen den pilotazaleak eta, gainera, aurten uztailaren 7a igandea izanik, eskaera are eta handiagoa izan daitekeenaren aurreikuspenarekin, EPEL-eko enpresek jaialdia Labriten sarrera kopurua hirukoizten dituen hiriko kantxarik handienera eramatea erabaki dute.
Giroak, ziur aski, xarma apur bat galduko du, baina era honetara sarrera askoz gehiago saltzeko modua izango dute Aspe eta Baikok. Dagoeneko salneurriak ere ezagutarazi dituzte eta 60 eta 25 euro artean izango dira. Pilotazaleek hiriaren kanpo aldean kokatuta dagoen frontoira gerturatu ahal izan dezaten, enpresak Iruñea erditik autobus zerbitzu berezi bat antolatzeko asmoz dabiltza.
Baina sanferminetako feria osatzen duen binakako torneoak ere badakartza berrikuntzak, azkenaldiko jendearen erantzun bikainak bultzatuta edo, aurtengo egitaraua zabalagoa izango da eta Nafarroa Arenakoaz harago, beste 22 jaialdi jokatuko dira Labriten. Pilota festa txupinazoa baino lehenago hasiko da, uztailaren 5ean, eta «gaixoa ni»-ra arte luzatuko da. Honek, berez, lehiaketa sistemaren aldaketa ekarri beharko luke, ziurrenik bikote gehiagori jokatzeko aukera emanaz.
Zabaletak ez du jokatuko Buruz Burukoa
Baina gerturago etorrita, Binakakoa amaitu eta segituan hasiko den Buruz Burukoa ere ari da forma hartzen eta enpresek zenbait pista ere eman dituzte dagoeneko. Txapelketa apirilaren 3an aurkeztuko duten arren, ziurrenik Getarian, dagoeneko jakitera eman dute lehiaketa ofizialki apirilaren 5ean hasiko dela, Donostian eta bertan Javi Zabalak jokatuko duela, zozketatik irtendako pilotari baten aurka. Hori bai, hein handi batean, bideratutako zozketa bat izango da, Logroñokoak lehen kanporaketa ez duelako ez Unai Laso, ez Iñaki Artola eta ez Peio Etxeberriaren aurka jokatuko. Beste hiru pilotari hauek ere finkatuak baitituzte euren partidak non jokatuko dituzten. Bizkarreta-Gerendaingoak Labriten jokatuko du larunbatarekin, Zenotzekoak Zumaian igandez eta Artolak apirilaren 8an, Tolosan. Beraien aurkariak Baikok Bastidan eta Lekeition egingo dituen aurre-kanporaketatik irtengo diren bi pilotariak, Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena izango dira, atzelari nafarraren eskuin eskua osatzen bada behintzat.
Gauzak horrela, Jose Javier Zabaletak ez du Buruz Burukoa jokatuko, nahiz eta parte hartu zuen bi azken ekitaldietan emaitza politak lortu.