Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Euskal gazteriaren deiadar ozena: ofizialtasuna Euskal Selekzioarentzat

Jende andana bildu da San Mames estadioaren inguruetan, Kirruli taberna ataritik hasi eta estadiora bitartean dagoen ibilbidean. Ikurrinak izkin guztietan, mezu argi bat lau haizetara zabaltzeko: Euskal Selekzioaren ofizialtasuna. Mila zale uruguaitarrek ere burrunba ederra sortu dute.

Uruguaitarrak batu zaizkio euskal zaleei kalejiran.
Uruguaitarrak batu zaizkio euskal zaleei kalejiran. (Foku)

‘Euskal Herriak erabaki’ leloa daukaten ikurrinak, ikurrin klasikoak, Euskal Selekzioaren kamiseta zahar zein berrituak... Bilboko Indautxu auzoan giroa berotzen hasi da 17.00etatik aurrera, hasierako giro epelari kolorea emanaz. Kolore gorri, zuri eta berdea, bai eta Uruguaiko urdin argia ere. Giro oso berezia sortu da kaleetan barrena, trikitixa eta danbor hotsak; euskara eta Uruguaiko gaztelera hain erakargarria. 

Gazteen presentzia handia egon da eta honek, hausnarketarako tartea ematen du. Egun 18 urte dauzkaten gazteak, 14 urte zeukatenetik gizonezkoen Euskal Selekzioa ikusi gabe daude. Are gehiago, 12 urte zituztela jokatu zuen azkenekoz Euskal Herriko selekzioak zaleen aurrean. Pentsa, nola ez dute ba irrika berezi hori sentituko! Bai behintzat euskal nazioaren identitate minimo bat daukaten horiek.

Asko izan dira, baita ere, familia giroan bertaratu direnak, belaunaldiz belaunaldi euskalduntasuna helarazten joateko ariketa bezala. Ariketa duina eta funtsezkoa, etorkizunean orain ume diren horiek borrokatu beharko baitute, ikurrinak eta euskal ikurrak lau haizetara zabaldu eta ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko. Esaten den bezala, borroka hau iraupen luzeko lasterketa baita; eta bai luzea izaten ari dena!

30.000 pertsona estadioan

Asko izango dira, partida hasten denean, San Mamesen, 30.000 sarrera baitaude salduta, datu ofizialen arabera. Behar zuen euskal selekzioak horrelako hitzordu bat, aldarrikapen hau suspertzeko, berriro ere kaleetara ateratzeko, gure selekzioak Euskal Selekzioa dela ozen aldarrikatzeko. Ozenak eta estadiora sartzen lehenak ere izan dira uruguaitarrak, partida hasteko ordubete baino gehiago falta zela beraien eserlekuetarantz abiatu baitira, Uruguaiko selekzioko kideei txalo zaparradak eskainiz, oraindik ere beroketa ariketak hastear zirela.

Euskal gazteria indartsu dagoela erakutsi zuten zaleek, futbol zale zein euskal zaleek, denek gozatzen baitute Euskal Selekzioaren hitzordu honekin. Jagoba Arrasatek NAIZ Irratian esan bezala, barrenean mugitzen den zerbait suposatzen du Euskal Selekzioak, sentimendu bat, eta larunbat honetan, sentimendu hori kalera atera da berriro ere.

Euskal nortasuna zerbaitek batzen badu futbola izan daitekeelako, ofizialtasunaren aldarria, nazio bat garela erakustea. Horretarako, gainera, Uruguai bezalako adiskide on bat izateak ere laguntzen du. Kalean ere sumatzen da sintonia berezia, bi herrialdeen arteko adiskidetasunarena, milaka batailetan lagun izan diren bi lagunen artekoa modukoa. «Uruguai, Uruguai», esan dute euskal zale batzuk, alboko espaloitik oinez zetozen bi uruguaitarri. Hauek, ukabila altxatu eta lagun keinua luzatu diote.

Borroka honetan ere beharrezkoa baita laguntasuna. Atzo, partidaren atarian, Bielsak ere utzi zuen mezu indartsu bat. Uruguai gaur hemen baitago «ofizialtasunaren onarpenaren borrokan laguntzeko».

Kalean, beraz, partida honen harira izan bada ere, berreskuratu da ofizialtasunaren aldarria, azken urteetan, Federazioaren gabezien ondorioz, apalduta ikusi dena. Ea ba, lagunarteko honek laguntzen duen borrokari hauspoa eman eta ofizialtasunaren aldarria lehen lerrora eramateko. «Partida hau jokatzea beharrezkoa zen hurrengo urratsak eman ahal izateko», zioen Jagoba Arrasatek, Euskal Selekzioko hautatzaile eta Osasunako entrenatzaileak.

Berpiztu da, behintzat, sugarra; jarraipena emanez gero, loratuko da oinarri sendoa, hazia erein eta helburua lortzeko. «Ofizialtasuna, Euskal Herritik mundura», Gu ere bai eta Gure Esku Dago dinamikek antolatutako kalejirak erakutsi duen leloak, hain sinple baina hain ondo, adierazi legez.