Jon Ormazabal
Entrevista
Olatz Arrizabalaga
Pilotaria

«Bidea aprobetxatuko dugu, baina atzekoei zabaldu behar diegu»

Erasunen laguntzarekin bere ibilbideko binakako bosgarren txapela janzteak baino, emakumeen esku pilotaren garapenaren parte sentitzeak betetzen du gehien. Buruz Burukoaren arantza barruan duela onartu du, baina batez ere atzetik datozen gazte horiei bidea zabaltzeak kezkatzen duela baieztatu digu.

Olatz Arrizabalaga.
Olatz Arrizabalaga. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bosgarren Binakako txapela jantzi berri duzu, dagoeneko asimilatuta?

Bai, egun batzuk pasatu dira, baina beste txapelen moduan, nik ez dut ikusi txapel berezi bat bezala. Egia da bosgarrena izan dela eta hori dena, baina beste txapelketa bat irabazi izanaren sentsazioa dut.

Emakume bakarra zara bost txapelekin, eta gizonezkoetan ere hortxe dago muga, Maiz, Retegi eta Irujo bezalako izen handiekin.

Berezia bada, baina berezia baino, polita da ikustea Master Cuparen hasieratik hor egon naizela; lehen finalean hor egon nintzen, eta orain ere hor  jarraitzen dut. Esan nahi du gauzak ondo egin ditudala, urteetan zehar lana egiten jarraitu dudala, eta lan hori ondo egiten. Nire buruaz apur bat harro egoteko bada, bai.

Tarte horretan garapen bat bizi du emakumeen esku pilotak, pilota goxotik mistora, eta nik uste dut zure jokoari ere mesede egin diola.

Hori da, pilotaren garapena nire begiekin ikusi dut, jasan dut; oraindik garatzen ari da, eta nire jokoa ere bai.

Pilota goxoarekin hasi ginen, azkenean, berriro pilotan hasteko, eskua gogortzen joateko, frontoira ohitzen joateko... Baina azkenean momentu bat heldu zen zeinetan gure jokoa nahikoa garatu zen, eta pilota aldatu  genuen. Eta oso eskertuta gaude, ze aldaketa horri esker gure jokoa asko garatu da, ikusleentzat hobea da, guretzat hobea da, ikusgarriagoa da gure jokoa eta denok  eskertzen dugu. Orain pilota honekin gabiltza eta, maila goraka doan heinean, pilotak ere goraka joan behar du.

«Bosgarren txapela berezia da, baina berezia baino, polita da ikustea Master Cuparen hasieratik hor egon naizela; lehen finalean egon nintzen eta jarraitu egin dut»

Ikusten al duzu zure burua pilota gogorragoekin jokatzen?

Bai, eta nik gainera hurbileko zerbait bezala ikusten dut. Orain mistoarekin gabiltza eta nahiko ohituta gaude. Pilota goxoarekin gertatu zen bezala,  pilotara apur bat ohitutakoan eta ikusitakoan gure maila  pilotaren gainetik dagoela, ba aldaketa etorriko da. Aldaketa hori apurka-apurka etorri beharko da, baina nire ustez, prest gaude. Oraindik agian entrenamendu gehiago egin behar dira, denbora beharko da, baina nik uste dut prest gaudela  hurrengo pausorako.

Urte guztian jokatuta, eskuek iraun egin behar dute...

Bai, hori da, azkenean geratu gabe gabiltza urte guztian zehar, baina egia da pilota gogorragoa nahi dugun bezala, pilota handiagoa ere nahi dugula; ze pilota txiki honekin, partida karga horrekin, eskuetatik asko sufritzen dugu. Pilota apur bat handiagoa nahi dugu gure eskuetarako ere hobea izango delako, gutxiago sartuko litzaiguke. Partida askorekin gabiltza eta pilota dezente bat, on bat, behar dugu gure eskuetarako.

«Pilota gogorragoa nahi dugun bezala, pilota handiagoa ere nahi dugu; ze pilota txiki honekin, partida karga horrekin, eskuetatik asko sufritzen dugu. Pilota apur bat handiagoa nahi dugu gure eskuetarako ere hobea izango delako»

Ez da erraza izaten, baina finala ere ikusteko ederra izan zen.

Bai, hori da. Azken finaletan, askotan gertatu izan zaigu, telebista dagoenean eta, askotan ez dira partidarik onenak irteten, zeren presioa dago, finala da... eta ulertzekoa da. Baina azkenekoan bai, nik berriro ikusi dut aste honetan eta finala asko gustatu zitzaidan, laurok ondo jokatu genuelako; oso partida polita, gogorra, jendeak ikusteko ere oso ona izan zen. Nik uste dut afizioa egiteko partida izan zela, eta alde horretatik ere egun borobila izan zen.

Eta buruz burukoa falta, ba al duzu arantza hori?

Ba apur bat bai, baina egia da aurreko urteetan gehiago nuela. Iaz ere pasa zitzaidan, ez dakit pixka bat ez ote nintzen itsutu horrekin, irabazi behar nuela-eta. Azkenean presioa sartu nion nire buruari. Aurten alde horretatik nahiko lasai nago, nahi dudana da lasai hartzea, nire jokoa hobetzea. Gero, etorri behar badu, etorriko da, eta bestela ba oraindik badakit urte asko geratzen zaizkidala.

Bitxia egiten da, Binaka hain ondo aritzea eta banaka kostatzea, ez dakit zerbait falta zaizun edo kontua den Amaia Aldaik asko jokatzen duela.

Nik uste bietatik dagoela; Amaiak asko jokatzen du buruz buru, bere espezialitatea da, eta nire kasuan, nik uste arazoa ez dagoela jokoan, nik uste jokoz oso ondo nabilela, urterik urte hobetzen. Arazoa buruan dagoela esango nuke, agian presioa sartzen diodala nire buruari irabazi behar horrekin eta oraindik ez dakizkidala ondo kudeatzen buruz buruko partidak. Baina lehen esaten nuen binakako partidak ez zitzaizkidala gustatzen eta ez nekiela binaka jokatzen. Ikasi  egin dut eta gustura nabil orain; buruz burukoak nola jokatu ikasi behar, beste prozesu bat, ikastea polita da.

Izen berriak ere ari dira agertzen, nola ikusten duzu etorkizuna?

Gazteak fuerte datoz eta gu gainetik pasa behar gaituzte. Azkenean, eurek ez dute izan, nik izan nuen moduan, sei urte pilotatik kanpo egon beharrik, ez zegoelako emakumeen esku pilotarik. Hauek bidea jarraitu dute eta pozgarria da gazteak ze ondo datozen ikustea, zelako maila duten. Egia da oraindik gutxi daudela, oraindik hutsune asko daudela eta kopurua behar dugula; gero eta kopuru handiagoa, orduan eta eta pilotari gehiago irtengo direlako, eta kalitatezko pilotari gehiago. Ondo ikusten dut, baina oraindik jende eta gazte gehiago behar ditugu erreleboa emateko.

«Nik uste arazoa buruan dagoela, agian presioa sartzen diodala nire buruari irabazi behar horrekin eta oraindik ez dakizkidala ondo kudeatzen buruz buruko partidak»

Zer falta du emakumeen esku pilotak?

Nik uste oinarri sendo bat falta duela. Orain egia da elitean gaudenok urte osoko egutegia dugula, ez gaude geldirik, egoera, kakotx artean, onean gaude. Ez gaude kexatzeko moduan, baina gazteak edo elitean ez dabiltzan neskak ez daukate aukera askorik. Oinarri  sendo bat behar da horiek aukerak izateko, partida asko jokatu eta hobetu ahal izateko. Hemendik urte  batzuetara eliteko txapelketa indartsu bat beharko litzateke, bai elitean bai promozioan. Apur bat mutilek duten egitura: afizionatuetan mutil pila bat daude, eta gero, gutxi batzuk heltzen dira profesionaletara. Antzeko zerbait ondo egongo litzateke.

Gainera, neskarik onenak bitan banatuta zaudete, batzuk Ados-en eta besteak zuen klubetan. Master Cup zirkuituan onenak elkarren artean lehian ez ikusteak ez dirudi egokiena kirolaren garapenerako.

Bai, gutxi gara eta banatuta egotea penagarria da. Denok batera joango bagina, nik uste errazagoa izango litzatekeela. Oraintxe gazteek ikusten dute aukeratu egin behar dutela, «nora joan?». Egitura on bat izanez gero, bidea erraztuko litzaieke atzetik datozenei, azken finean gu bidea zabaltzeko gaude. Guk, ahal dugun bitartean, aprobetxatuko dugu bidea, baina batez ere atzekoei zabaldu behar diegu. Oraingoz bakoitza bere bidean gabiltza; etorkizun batean nork daki zer gertatuko den.

Klubean eta Bizkaiko Federazioan entrenatzaile ere bazabiltza, nabari al da gorakadarik azken loraldiarekin?

Itzela. Master Cupa hasi baino lehenago oso neska gutxi zeuden, Bizkaian behintzat, eta azkeneko urteetan asko igo da. Badago kluben bat neska gehiago dituena mutilak baino. Hori pasada bat da, ni txikia nintzenean horrelakorik ez zegoen, eta hori Emakume Master Cupari esker eta  emakumeen esku pilotari eman zion ikusgarritasunari esker izan da, eta hori da politena. Nire garaian, Mallabiko beste neska bat eta ni aritzen ginen, mutilekin lehiatzen, infantil edo kadeteetara arte.