NAIZ

Zarauzko Aritzbataldek hazten doan pilota egokituko finalak hartuko ditu igande honetan

Adimen urritasuna duten pilotarietan, Divasson-Huegun eta Arakistain-Sagarmendi arituko dira, eta urritasun fisikoa dutenen mailan, Navaridas-Lizaso eta Senperena-De Anta izango dira txapelen lehian arituko direnak.

Igandeko finaletan arituko diren pilotariak, astelehen honetan Zarautzen.
Igandeko finaletan arituko diren pilotariak, astelehen honetan Zarautzen. (EUSKAL PELOTA EGOKITUA)

2018an Legazpiko finalekin hasi zen Euskal Pilota Egokituaren abentura urrats sendoak ematen ari da inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako eta bide horretan pausu garrantzitsu berri bat emango da igande eguerdi honetan Zarautzen, bertako Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den Euskal Pilota Egokitua Saria Nagusiaren finalekin.

Txapelketak bere seigarren ekitaldia izango du aurten eta mailaz harago, nabarmendu behar da partaidetza ere urtez-urtez handiagoa dela. Jaialdia eguerdiko 12.00etan hasiko da (ETB-1 eta EITB.EUS atarian).

Bi izango dira jokatuko diren partidak. Alde batetik, adimen urritasuna duten pilotarietan Divasson-Huegun eta Arakistain-Sagarmendi arituko dira, eta urritasun fisikoa dutenen mailan, Navaridas-Lizaso eta Senperena-De Anta izango dira txapelen lehian arituko direnak. Aurtengo finalista guztiek aurretik izanak dira finalen batean, baina erreferente nagusiak adimen urritasuneko bere bosgarren finala jokatuko duen Eneko Sagarmendi mutrikuarra eta gurpildun aulkian orain arteko final guztietan aritutakoa den Beñat Lizaso lirateke.

Adimen urritasuneko finalak iazkoaren nolabaiteko errebantxa kutsua izango du, etxean arituko den Iñaki Divasson eta Eneko Sagarmendi iaz ere elkarren aurka aritu baitziren. Iaz garaipena Sagarmendirentzat izan zen eta aurten, bikote desberdinekin, ikusi egin behar zer gertatzen den. Zarauztarrak bere laugarren finala jokatuko duen Iraitz Huegun donostiarra izango du lagun eta Errenterian bizi den txapeldunak finalean bigarrengoz arituko den Jurdan Arakistain zestoarra.

Gurpildun aulkiko finalean, aldiz, Beñat Lizaso da iaz Irunen jokatu zen finaletik errepikatzen duen bakarra, baina beste finalista guztiek ere esperientzia dute halako egun handitan. Oiartzuarrak Asier Navaridas sunbillarrarekin jokatuko du eta final oso zaila izango dute Lekunberriko Edorta de Anta eta Bidaniko Aingeru Senperenaren aurka –3. finala–.

Igande honetan Zarautzen final estu eta parekatuak espero dira. Astelehen honetan egin den aurkezpenean esan den bezala, «txapelketa misto eta inklusibo hau eredugarria da, eta baita pilotari hauen konpromisoa eta inplikazioa ere».