NAIZ

Erkiaga eta Manci nagusitu dira Lekeitioko final bizian, Basque-Laduche bikotearen aurka

Erkiaga eta Mancik irabazi dute Lekeitioko Master Series txapelketa, Jai Alai League txapelketarako puntuagarria den laugarren torneo. Final oso bizia jokatu zuten atzo, bi setean Basque-Laduche bikotea gaindituta (15-10 eta 15-14). Astelehenean, Zumaian hasiko da beste txapelketa motz bat.

Manci eta Erkiaga, txapelarekin, alboan Basque eta Laduche dituztela.
Manci eta Erkiaga, txapelarekin, alboan Basque eta Laduche dituztela. (ERAMAN JAI ALAI)

Egungo aurrelari onena dela berretsi zuen Erkiagak, atzo, Lekeitioko Master Serieseko finalean, beste behin ere erremate sorta eskainita, harmailak zutitzeraino. Atzean, Mikel Manzisidor oso une gozoan dagoela ere ikusi zen. Mutrikuarrak, bigarrenez irabazi du Lekeitioko txapelketa, iaz Iñaki Osa Goikoetxea aurrelari zuela eta finalean, Erkiaga-Lekerika mendean hartuta.

Aurten, Ispasterkoak eta Mutrikukoak bikote sendoa osatu dute eta finalean, 15-10 eta 15-14 garaitu dituzte Basque eta Laduche lapurtarrak.

Finalerdian bezalaxe, erremate batekin eman zion finalari hasiera Aritz Erkiagak. Txapa soinuak alertan jarri ditu aurkariak eta ondo bota behar izan ditu jokaldiak Aritzek, Laduchen hanka bizkorrak ikusita. Ispasterkoak hain du sasoi ona, hain dauka joko izugarria, partida guztietan bera baita faboritoa. 

Egoera horrek presiopean jartzen ditu bere atzelariak baina Mancik txapelketa honetan egindako lana «oso ona» izan dela baloratu du Erkiagak berak. Erkiagarekin irabaztea baita gauza bat, baina Manciren moduan segurtasuna eskaini eta bi partidetan huts gutxi egitea beste bat.

Erkiagaren esanetan «kantxan oso ondo mugitzen da Manci, Lekeitio frontoi bizia da, jokoa oso azkar doa eta Mikel oso ondo mugitzen da, pilota bilatuz. Fisikoki ere oso ondo dago».

Lehen setean, 6-3 eta 8-4 jarri ziren aurretik marroiak. 12-6ra joan ziren ondoren. Zortzitik saihetsetik txapa gainera, horma-bikoak postura berean, sake errestoan tantoak, saihetsetik errebotera... denetarik egin du Ispasterko magoak, baina, batez ere, jokoa itxi zuen tantuak zutik jarri du pilotalekua. Pilota errebotetik datorren moduan, errebesez jarri eta zuzenean zabalera bota zuen, esku-pilotako gantxo bikain bat balitz bezala, baina errebotean (15-10)

Bigarren jokoan hiruna, launa eta bosna berdindu zuten baina markagailuan berriz jarri ziren aurretik aurrelari bizkaitarra eta atzelari gipuzkoarra. 9-6koan, Erkiagak zabalean errematatu zuen, Laduche iritsi, horma-bikoa alderantziz bota baina Manci iritsi egin zen eta kontra-kantxatik txik-txakera bota du pilota (10-6). Partidaren azken zatian asko estutu zuen lapurtarrek. Getariako aurrelariak errebesez errematatu zuen 14ko berdinketa ezartzeko. Azken tantu gogorra jokatu zuten, tentsio handikoa, harmailetan ere jendea erabat piztuta eta azkenean, Manciren errebeskada bat ezin izan du xisteran sartu Basque bidartarrak (15-14).

Jai Alai League txapelketako laugarren torneoa izan da, hirugarrena Master kategorian. Dagoeneko, puntistak zein zaleak Zumaian eta Donibane Lohizunen jokatuko diren txapelketetara begira jarri dira.

Erika eta Frida garaile

Emakumeen Winter desafioan, 8-2 hasi ziren aurretik Erika Mugartegi eta Frida Watkins. Ematen zuen partida airean irabaziko zutela baina zaleen gozamenerako, Helenak eta Maialenek buelta eman zioten hasiera horri eta partida estua eta entretenitua eskaini zuten. Garaipena Markina-Xemein eta Zumaiara joan zen baina ikuskizun ona eman zuten Durangoko eta Berriatuako pilotariek ere (15-11, 14-15, 5-2).