Olatz Arrizabalaga

Koadernoa alboan

Olatz Arrizabalaga.
Olatz Arrizabalaga. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Badakit Zabaletarena pasada bat dela, telebistan ez dela ondo antzematen pilota ze abiaduran irteten zaion eskutik, nola mugitzen den kantxan, ze elegantea den jokatzerakoan... baina final batean Altuna bat parean izatea beti da arriskutsua.

Egia da txapelketa hasieran kanpoan izan zela, Zabalak ere bikain ordezkatu zuen min hartuta ibili zenean, baina ikusi behar da amezketarra nola itzuli zen. Altuna Altuna da, finalerdietako azken bi partidetan sekulako ikuskizuna eman zuen eta, nire ustez, Martijarekin sekulako bikotea osatzen du. Martijak zerbait eusten badio Zabaletari hor atzean, nik uste dut txapela Altunarentzat izango dela.

Aurrelari bezala, bere partidak ikusten ditudanean esaten dut apunteak hartu beharko nituzkeela pilotan zelan jokatzen den ikasteko, bera ikusiz asko gozatzen dut, eta txapelketa honetan ere hala egin dut, nahiz eta sei jardunalditan ez dugun bera ikusterik izan. Horregatik, ziurrenik finala alboan koaderno bat dudala ikusiko dut.

Guri entrenamenduetan ezinezkotzat jotzen dizkiguten jokaldiak berak egin egiten ditu, eta erraz gainera. Hori da transmititzen duena, dena erraz egiten duela, eta ez dakit bere buruari meritua ere ez ote dion kentzen gauzak hain erraz eginda. Besteak ere askotan gaizki uzten ditu egindakoekin, defentsan ere ikaragarria da, oso inteligentea da jokatzen, eta nik pila bat gozatzen dut berarekin.